kritiken hemeroteka

8.508 kritika

« | »

Erraiak / Danele Sarriugarte / Elkar, 2014

Erraien ausardia Josebe Egia / Gara, 2014-07-28

Arantza Santestebanek egunkari honetan “Autozentsura” izenburupean argitaraturiko artikuluko zenbait hitzek ekarri zidaten gogora liburua, azkenaldian gusturen irakurri dudan irakurgaia: “Erraiak”, Danele Sarriugarterena. Bukatu eta itxi nuenean, galdetu bainion neure buruari idazle gazteak inolako zentsurarik aplikatu ote zion bere buruari, orri horietako lerro guztietan hain justu kontrakoa eman arren; besteak beste, horrexek egiten du hain interesgarri eta gozagarri, inolako konbentzio sozial edo lotsak mugatu gabeko kontakizun gordina dela.

“Esan nahi den horri hainbeste buelta eman ondoren, edukia arindu eta publikoarentzat produktu mastekatua eskaintzea” —aipatu artikuluan autozentsura zer den— seguru ez zela izan Sarriugarteren helburuetako bat, narrazio espontaneo bezain desordenatua eta erabat barnekoa baita… Nola bota kanpora, bestela, erraiak mugiarazten dizkizuten horiek? Bota litezke suabeago, jakina, hartzailea gehiegi ez zipriztintzen ahaleginduta; edo sakon-sakonena nork beretzat gordez azalekoagoa eskainita, sakontasunak beren egia osoan beti izaten baitira eskandalagarriagoak, edo deserosoagoak, behintzat. Hala izan balitz, ordea, liburua ez zatekeen deituko “Erraiak”, eta benetan irakurlearekin eta irakurlearekin bakarrik pentsatuz idatzitako orri piloa besterik ez zen izango. Ziur aski, ez hain dibertigarria. Eta, dudarik gabe eta batez ere, ez hain ausarta.

Ziur nago inork ez duela jo, ezta otu ere, “emakumeentzako literaturatzat”, emakume batek idatzia izan arren, bere buruari buruz, bere bizipen, gogoeta eta izu-paranoia-desirak jasota; kuriosoa, ezta?, kontuan hartuz gero, gainera, maitasunak eta maitasunik ezak, eta sexuak, leku dezente hartzen dutela. Nago horren arrazoia gaiak direla —eta zenbait gairik eza, emakumeon gustuko ustezko berezko horiena—, baita berauei heltzeko hizkera eta moldea ere. Pozarren jakinarazten dizuet dezente aldentzen dela —bejondeiola!— argitaletxeen eta oro har mundu osoaren iritziz emakumeok kontsumitzekoak diren argitalpenetatik; esango nuke idazleari bost axola izan zaiola nork eta zein generotakoak ekingo dion irakurtzeari behin plazaratuta, lasai asko geratu dela zehazki gogoak eman diona sortuz eta, inori baimena eta barkamena eskatu gabe, Euskal Herriko liburu dendetan paratuz. Eta, arraioa, eskertzekoa da tarteka perfektu eta zoriontsu izatetik urrun, nahiko galduta sentitu ohi direnen existentzia berresteko aukera izatea, batik bat norbera barregarri bakarra ez den lasaitasuna eduki ahal izateko. Izan ere, sentimenduetan eta berauen adierazpenean autozentsuratzen baitugu gehien geure burua, energia ikaragarria xahututa.

Irakurri nion 25 urteko idazleari badakiela ez duela sekula berriz halako libururik idatziko. Ulertu nion, eta liburua irakurtzen baduzue, zeuek ere konprenituko dituzue hitzok. Espero dudan gauza bakarra da, idazle interesgarria sortu zaigulakoan, urteek aurrera egin ahala zentsura beragandik urrun edukitzeko gaitasunari eusten jakitea. Ez baita hain erraza…

Azken kritikak

Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga

Jon Jimenez

Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz

Amaia Alvarez Uria

Simulakro bat
Leire Ugadi

Ibon Egaña

Bigarren sexua
Simone de Beauvoir

Mikel Asurmendi

Hezur berriak
Ane Labaka Mayoz

Maddi Galdos Areta

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Aiora Sampedro

Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Diesel
Bertol Arrieta

Nagore Fernandez

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Jon Jimenez

Basokoa
Izaskun Gracia Quintana

Joxe Aldasoro

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Mikel Asurmendi

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Artxiboa

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

Hedabideak