kritiken hemeroteka

8.501 kritika

« | »

Turismo hutsala / Fito Rodriguez / Komiki Films, 2025

Sagailoa: itsasoaren bipila “literatura”-ren nahaspila Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-05-15

Sar hitza I

Sagailoa: itsasoaren bipila “literatura”-ren nahaspila. Horixe duzu iruzkin honi emaniko izenburua. Izan liteke ere: Arrantza sareetan eroria. Alegia, Turismo hutsala saiakera literarioa anabasa hutsa da. Gogor eta zorrotz hasi naiz. Deus aitzin —agorero izan gura izatetik urrun—, saiakera-literario-sare honetan badago non arrantzurik, arrantzu ugari baitakar berarekin. Beraz, irakurle bidaide horrek, badaukazu gogoa zertaz elikatu.

Gogoa: adimena pentsamendua espiritua eta arima, bertzeak bertze. Nork zer nola interpretatzen duen, jakina.

Sar hitza II

Ohar bat abiaburuan: oro har ez ditut literaturaren ez eta orobat ere liburuen interpretazioak egiten “lagunak” egiteko. Ez dut jardun nahi ere “lagunak” galtzeko. Tesitura bi horien artean ikusten dut nire burua, geroz eta modu nabarmenagoan ikusi ere. Hartaz, jainkoak libra nazan balizko lagunengandik eta gainerakoei nire diosal amultsua.

Sar hitza III

Euskal literaturaz edota liburugintzaz

Ez, ez, ez… Iruzkin honetan ez dut literaturaz ez liburugintzaz idatziko. Saiakera literario bat idatzi beharko nuke horretarako. Liburu honetaz idatzi nahi dut ezinbestean. Behin eta hasteko, bere eraketaz bere osaketaz… Turismo hutsala nola Turismo hutsala izeneko hau huts egindako liburua dela erran nezake. Gaizto ari naiz. Gaiztoa duzu nire iruzkina. Potentzialki, liburu hau ez baita hutsala. Ez horixe. Alabaina…

Turismo hutsala liburuak editore bat huts du. Hasteko eta behin, huts ortografikoak zuzentzekoz bertzera, idazketaren formak zaintzeko, egokitzeko, errespetatzeko… Liburu batek behar duen editorea eskas du, hiru hitzetan erranik: idazketaren arauak betetzeko. Arauak arau, liburuaren edukiaren egokitzapena

—editorearen lana, naski— bermatuko duena. Zergatik ez du halakorik izan? Ez dakit. Alta bada, nire hausnarrean, hauxe gehituko dut:

— Literatura hil bidean doa, hil zorian ari da. Bertzerik da, liburugintza zertan den, noski. Fito Rodriguezen belaunaldia —idazle, filosofo, pentsalari…— joan badoa. Bertzerik da, halaber, Fito Rodriguez idazleak zein gradu edo mailarik erdietsi duen izendapen horien zereginean.

Dena dela ere, kontua hauxe: gaur egungo irakurleek —eta etorkizunekoek batez ere— ez dute belaunaldi horretako idazleen jardun literarioa eta bagajea “eramaterik”. Kasu, belaunaldi horretako idazleen jarduera goraipatzeagatik ez naiz egungo idazleen jarduna gutxiesten ari. Ez nuke nahi horrela ulertzerik, behinik behin.

Sar hitza IV

Literatura eta merkatua

Merkatua —ekonomiaren merkatu finantzarioa— menderatzen ari da “politika”, menderatzen ari da estatua. Estatua demokraziaren bermatzaile izaki. Merkatu ekonomikoek jan dute demokrazia —edo bederen, inoiz izan den demokraziaren ideia, demokraziaren ideala—. Merkatuak jan du literatura. Merkatua literatura deuseztatzen ari da.

Bai, bai, bai… Prefosta, orain, segidan, literatura zer den definitu beharko (ge)nuke. Turismo hutsala ez da literatura. Egileak berak hori aitortzen du. Egileak liburua saiakera literarioa legetxe ekarri du merkatura. Alta bada…

Turismo hutsala / Turismo eta landa paisaiaz antipodetatik liburuak doi-doi izanen du toki euskal liburuen merkatuan. Egungo euskal liburugintza konbentzionalak ez dauka ez betarik ez astirik honelako liburu batez okupatzeko. Liburuak berak, hain ziur ere, ziur aski, motiboak ematen ditu ezarritako konbentzioetatik at geratzeko. Edonola den ere, liburu horren bagajean arakatuz gero badago zertaz elikatu, zertaz gogoetatu.

Sar hitza V

Turisten gidaria nola, hala liburu honen iruzkin-gida

Liburu honek ez du editorerik —izan—. Haatik, iruzkin hau irakur-gida izatea nahi nuke halabeharrean —nire banitate zintzoan—. Lizentzia hori hartu dut. Bertzerik da, zeregin horretan asmatzea. Azertatzea, alegia. Nire zereginean, liburuari justizia suerte bat kausitu nahian, huts egin baitezaket. Hau da, helburu bat kausitu nahian asmazioak nagusitzen direnean, itua jo beharrean asmatu egiten baitugu.

Turismo hutsala liburua diamante-meategia da. Europarrok —tira, mendebaldeko merkatuetako nagusi larderiatzaileek— Hego Afrikan ustiatzen ditugun meategiak irudikatu ditut liburua irakurri, azpimarratu eta berau interpretatzeko oharrak bildu bitartean. Esajeratzen ari naiz, noski. Hartaz, ulertu interpretazio hau berau bere neurrian eta testuinguruan.

Bidaian goaz. Atalez atal joan ere —iruzkin honen atalez ari nauzu—.

0. Atala

Mundua “irtenbiderik” gabeko arazoa bilakatu bide da XXI. mendean. Bai ote? Liburuaren 0 atalean gaude. Zero atalean. Atalak ez du hutsik egiten horregatik. Ederto batean azaltzen du turismoaren gaia: turismoa “irtenbiderik” gabeko arazoa bihurtzeko bidean dago, eta mundua badoa. Turismoa aitzina doa eta mundua berarekin. Atalaren hitz nagusia Uroboroa duzu. Zer da berau? Sartu bidaian, sartu liburuan, eta ulertuko duzu.

Atal hau, berez eta soilik, egungo turismo hutsalaren zioa eta funtsa desmuntatzeko aski da. Edo izan behar luke. Hau da, egileak helburu izan duen saiakera literario hau zertzeko, atal honetan eta honen segidako ataletan turismoari dagozkion lerroak nahikoak eta suficiente lirateke. Hainbat buru zenbait aburu. Horixe nirea.

1. Atala

Hiria eta landa paisaia. Lehen atalaren izenburua hartu dut hizpide, irakurle-bidaiari hori, Zeelanda Berrian gaudela errateko. Ozeaniako hegoaldeko estatu burujabe horretara eginiko bidaia-kronikaren ariora, osatu du egileak saiakera literarioa. Estatu hori, Aotearoa deritza maorieraz.

Bidenabar, hauxe itauna: estatu burujaberik ba al dago gaur egun? Merkatu finantzario guztiahaldunen hatzamarretan erorita, estatu burujabe terminoa oximorona deritzot.

2. Atala:

Memoriarako espazioa. “Barbaroen” eta “zibilizatuen” arteko elkarbizitza. Kolonizazioaren talka. Tokian tokiko gizartea eraldatzen duen turismoa… Esperientzia naturalak kontsumo-produkzioaz bihurtzea. Masa-turismoaren eta abentura-txangoen aldea…

Horiexek dituzu liburua osatzen duten 26 ataletako zazpiren izenburu. Atal edo kapitulu horien izenburuetan duzu liburu honen funtsa. Arras esanguratsuak denak. Sagailo izena du azkenak.

3. Atala

Irtenbiderik gabeko arazoa

Non dago arazoa, orduan? Bada, liburu hau ere Uroboroa dela, baita Sagailo izan ere. Horien esanahiak liburuan kausituko dituzu. Baina, baina, baina… Baina zer? Bada hauxe: ardoa ez dela uraz nahasi behar, eta idazleak halaxe egin du. Hau da, gaztelaniazko mezclar churras con merinas delakoa egin du. Eiki, garratz atera zait liburuaren balorazioa, hagitz garratz.

Meategia-diamantea izendatu dut, eta hara, ba ote halako balorazio egiterik! Baiki, exageratzen ari naiz. Egin dezadan balorazioa bertze molde batez. Liburu hau minerala hutsa da. Minerala baina, landu beharra dago. Minerala, lehengaia, kasurako, idazleak —idazleak, irakurleak, kritikariak edota interpretatzaileak— literatura bihurtu egiten du berau landu eta ondu ostean. Lehengaia harturik, gauzatzen da literatura-pieza. Generoak genero, demagun, aizkora bat. Edo bertze bat: aitzurra. Edota bertze bat: aizturra. Lapiko bat izan daiteke. Bertzerik? Zuk zeuk imajinatu ezazu, irakurle lagun horrek.

Izanik ere, idazle honek historia, filosofia, pentsamendua, literatura, poesia… ontzi berean sartu eta Totum revolutum itzela atondu digu. Atondu! Izan ere, prestatutako elikagaia apartekoa izan daiteke. Gustuen arabera, alegia. Alabaina, ez naiz tranpan eroriko. Ez dut liburu hau baloratzean, gustuak gustu delako terminoa erabiliko. Liburu bat —dela saiakera dela literatura— ezin da gustuen arabera baloratu. Liburu baten emaitza haren funtsan datza. Eta liburu honen funtsa antolatzean —osatzean— generoak nahasi izan ez ezik, idazleak generoak txikitu ditu. Adibide baterako, egileak liburuan paratutako poemak deformatu ditu zeharo.

Poemaz poema, poesia “kalitu” du egileak. Eiki, garratz ari naiz berriz ere. Poema baten funtsaren euskarria bere forma baita. Fito Rodriguez idazleak poema horiek trakestu ditu erabat. Behin eta hasteko, poemak irakurtezinak bihurtu ditu.

Zer nahi duzue erratea? Estraliterioki erratea, alegia. Bada hauxe: literaturako “lagun” bat galdu beharrean, literaturarako “kide” bat irabazi nahi nuke.

Adibide bat emanen dut. Badira gehiago: filosofiak filosofia, filosofoen aipuak hartu, eta ontzian sartu eta saretu ditu. Historiako pasarteak hartu, eta testuinguruak testuinguru, ontzian —liburuan— sartu nahastu eta saretu ditu. Hango eta hemengo politikariak edota tokian tokiko politikagintzak, globalizazioaren fenomenoaren harian bertakotu eta bere jardunean txikitu ditu. Nire jarduna gehiago luzetsi eta trakestu gabe, bego hor. Exageratzen ari naiz. Bai ote? Bai ote!

Alimalekoa da liburu honen bagajea. Ez da ironia. Tamalgarria da baina, bagajearen karga zama bihurtu izana. Ez naiz esajeratzen ari. Ez ote? Ez ote! Ikaragarria da idazle honek Aotearoa-ra eginiko bidaiatik —esperientziatik— ekarritako bagajea. Areago, eskergarria da, bagaje hori osatzeko eginiko ahalegina: bertzeak bertze, herrialdearen historiaz poliki jantzia da. Ordea, tamalgarria egin zait hala berean, idazle honek daukan bagajea bertze gisa batez antolatu ez izana. Bere jakintzen oparotasuna —hizkuntzen ezagutza tarteko; euskararena barne— bertze gisa batez zertu ez izana.

4. Atala

Irtenbiderik behar duen arazoa

Behin eta amaitzen hasteko: baliteke, nik arazoa ikusten dudan tokian arazorik ez izatea. Beraz, bego hor. Zuk zeuk —irakurle bidaiari horrek— arazorik ikusten ez baduzu segi hor, eta ikusten baduzu ere bai. Ahaleginik eginez gero, liburuak kendu baino eman emanen baitizu. Liburua lagun, batez ere, gaur egungo sistema kapitalista liberalak antolatu duen turismo hutsala zertan datzan ikas dezakezu. Ez da gutxi. Ez horixe.

Meategiaren gaineko metaforaz bertze, baduzu hau ere baliatzea: hiriaren kulturatik antipodetan dagoen landa kultura ezpaldu beharko duzu. Hartara, bihia eta lastoa bereizi beharko dituzu. Bidaia eta lantegia ez dira samurrak. Ez estresatu horregatik. Bihia baliagarria baita, eta lastoa ere bai. Biak ala biak ditugu eta, aintzat hartu beharrekoak. Kontua da, bat-bedera, lastoari zein bihiari erabilpen egokia ematea.

Munduak mundu, zaila zaigu mundu global honi “irtenbiderik” ematea. Mundu honentzako irtenbiderik aurkitzea, alegia. Libururik liburu, liburua oro har eta literatura orobat, “irtenbiderik” behar duen arazo bihurtzen ari dira.

Liburu-bidaia baino askoz gehiago den saiakera literario honen liburu-iruzkina egin dut. Ez naiz, halaz ere, liburu honek behar duen editorea izanen. Ez nahi ere.

Agian, beharbada, araiz, —balizko— editore batek liburu hau eskuetan har balezake, liburu hau honelako liburuxketan antolatu eta publikatu litzake. Bertzeak bertze, horiek ere:

— Turismo hutsala: bidaiatzearen funts hutsala eta mundu-izanaren akabera

— Bidaiaria eta turista: filosofiaren historia eta historiako hainbat filosofoen adierak

— Zeelanda Berria edota Aotearoko poesia

— Zeelanda Berria edota Aotearoko margolaritza

— Zeelanda Berria edota Aotearoko arte plastikoa

— Turismo hutsala: Aotearoko eta Euskal Herriaren etorkizun makurra

— Turismo hutsala: planeta eta ekologia politikaren antipodetan

— Marcel Proust: denbora galduaren bila eta hamaika galdera literaturan

Behin eta amaitzeko, nire esker oneko hitzak liburu hau gauzatzeko argitaldari lana egin duen Komiki films animazio-ekoiztetxeari. Fito Rodriguez idazleari berari ere, nire hitz —ustezko— zintzo hauek ongi “dijeritzea” desiratzen diot. Finean eta funtsean bere lana sano estimagarria baita.

Post Scriptum

5. Atala

Madarikatutzat jotzen dudan atal honetan, zer sartua daukat betiere. Idazle honen lana hain da handia larria eta gotorra, ezen eta berau interpretatze lana egiteaz bertzera, kritikarako oharrak ere hartu baititut.

Hona, biga. Hartu ditudan oharretatik biga baino ez:

— Gure kulturaren arau —mendebaldeko handi-mandion kulturaren arau—, usu kultura hitzaren izendapen eta erabilpen okerra egiten ote dugun pentsu dut. Hots, kultura ekonomia da. Kultura politika da. Kultura da altzairua. Kultura da adimen artifiziala. Kultura da Guggenheim Bilbao Museoa eta San Mames Futbol Estadioa. Kultura dira Euskal Herriko zubipeetan bizi direnak ere.

Beraz, adieraz ditzagun literatura, eskultura, zinema, musika, kantua… —adieraz ditzagun arte espresio guztiak— jendarte oro baten kultura-espresioak legez.

Hots: denok gara kultura baten parte. Bertzerik dira kultura hori adierazten-ezagutarazten duten kultura-espresioak.

— Liburuaren 131/132 orrialdeetan: “(…) Bibliatik maorierazko itzulpena Biblia baten birsortze literarioa da, nahiz eta, funtsean, Biblia bera ere, literatura izan”.

Biblia literatura dela? Bai ote? Ez horixe. Biblia testu sakratua da. Literatura “gauza” asko izan daiteke, baina sakratua inondik inora ez. Literatura ez da gezurraren adierazle ez egiarena ere. Literaturaren ezaugarri nagusia fikzioa da. Fikzioa izatea da. Literatura errealitatera iristeko bitartekoa da. Literatura errealitatea iristeko jarduera izan daiteke.

Nago —nire motzean betiere—, ez dakigula zer den literatura. Tira, bistan da, munduan, Euskal Herrian ere, idazle eta irakurle bakoitzak literatura bere modura ulertzen du. Baita literaturaren kritikariek eta interpretatzaileek ere.

Nago, mundua “irtenbiderik” gabeko arazoa bihurtu dela/dugula. Ez dago baina, “irtenbiderik gabeko” horri bide ematerik, irtenbidea emateko bitartekoa dugun liburua oro har eta literatura orobat zertan dautzan definitu gabe. Behar beste edota behar bezala definitu gabe.

Hitzak hitz ari naiz, ehuntzearen ehuntzez. Arrantzaleek eta literatura zaleok eratzen duten/dugun Sagailoa sarean jautsi gara. Uroboroa bilakatzen ari gara.

Mantis religiosa bihurtzen ari al gara? Bai ote? Bai ote!

Barka animalia bi horien alderaketa!

Barka nazatela emakumezkoek.

Azken kritikak

Baden verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Diesel
Bertol Arrieta

Nagore Fernandez

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Jon Jimenez

Basokoa
Izaskun Gracia Quintana

Joxe Aldasoro

Turismo hutsala
Fito Rodriguez

Mikel Asurmendi

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak