kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

0 negatiboa / Arantzazu Lizartza Saizar / Pamiela, 2025

Kontsultan kabitu ezinik Nagore Fernandez / Berria, 2025-10-19

Bizitzaz dihardute Arantzazu Lizartzak Pamiela argitaletxean kaleratu berri duen 0 negatiboa obrako poemek; bizitzaz, eta haren ifrentzuan, heriotzaz, doluaz, eguneroko erritmoaz, baina, perspektiba edo prisma zehatz batetik kontatuak, medikua ere baden ahots poetiko baten galbahetik iragazita, hain zuzen ere. Hala, irakurleak ohikotasunarekin nahastuta aurkituko ditu kontsultetan pilatutako paziente, unean uneko analitika, bai eta zainketa aringarri zenbait ere. Medikuntzaz blaitutako bizitza eta pasadizo horietan, ordea, gorputzak dira protagonista. Ebidentea dirudi iruzkinak medikuntza langai duen poesia-liburu bat dela kontuan izanda; gorputzak ikusgarri egiten ditu, alabaina, ez zentzu medikoan ulertuta soilik, eta nire ustez, horretan datza obraren eta idazlearen ahotsaren berezitasuna. Izan ere, gorputzak ez dira anatomikoki eta ontologikoki bakarrik aurkezten; horrekin batera, gorputzak eta bihotzak sentimenduz, bizipenez, minez, esperientziaz punpaka dauden izateak ere badirela kontatzen digute poemek: “Gorputzak ez naizen guztia aurpegiratzen dit. Gorputzak banaizena xuxurlatzen dit”.

Poemak lau ataletan daude antolatuta, eta guztietan ere, izenburuetatik euretatik aipatu dugun perspektiba iradokitzen zaio irakurleari: Bizitza ez da laborategian kabitzen; Ematearen sindromea; Dolua gasolinaz perfumatzen da eta Bisturiak hautsontzian. Horretarako, teknikoki, egitura anaforikoak eta paralelismoak baliatzen ditu Lizartzak maiz, errepikapenaren errepikapenez gorputzetan (eta kontsultetan) kabitzen (ez) direnak askotarikoak direla gogorarazteko. Antitesiak ere askotan dakartza, kontrastez, uste dugunaren eta benetan garen horren arteko neurria hartzeko. Baina, esango nuke batez ere sinboloetan, irudietan hauspotzen dela autorearen estilo poetikoa; ez da kasualitatea izenburutik beretik metafora esanguratsu batekin jolas egitea. Gainera, ez gutxitan, bizitzak, arteriak eta odola itsasoarekin parekatzen dira, eta bidegurutze horretan, irudi eder bezain sentimenduz beteak uzten dizkigu liburuak; horiek izan dira, egiaz, gehien gustatu zaizkidan konposizioak, sortu duten irudien edertasunarengatik ez eze, iradoki didaten guztiarengatik ere. Den-dena ere edo Zaintzaileak poemen kasua izan da hori, adibidez. Egon dira, hala ere, txanponaren beste aldean, horrenbeste esan eta transmititu ez didaten poemak. Enpatia da euretako bat. Horretan, lausoegia iruditu zait proposatzen diren bi irudien arteko lotura, baita Zarautzen kasuan ere, batik bat azken bertso-lerroaren eta gainontzeko edukiaren arteko irakurketa egiterakoan.

“Bizitza ez da kontsulta deritzon laborategi honetan kabitzen” diosku Arantzazu Lizartzaren poemetako batek, eta, partez, iruditu zait hori erakusten saiatu dela autorea liburuan zehar; anatomiaren esparrutik at, sentitzen, pentsatzen, eta, 0 negatibodunek nola, jasotzen baino ematen duten askotariko gorputzak eraiki dizkigu Lizartzak lerroz lerro. Olerki guztiak berdin gozatu ez ditudan arren, poema gehienek zer pentsatua eman didate, batez ere inpresioan eta estetika bisualago batean gotortu diren horiek.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak