« Cowgirl boten ostean | Ni laiko ere bai, ordea, sinesmenean hezi ninduten »
Zainetatik zilarra / Nahia Intxausti / Pamiela, 2026
Ez da arrosa Maddi Galdos Areta / Argia, 2026-05-24
Minbizia abiapuntu eta jomuga hartuta idatzi du Nahia Intxaustik (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1980) berriki plazaratu duen Zainetatik zilarra bilduma. Kolore paleta osoa agerrarazi eta arrosez margotutakoak kolorgetzera dator; gaitza gaitz izendatu eta bere ertzak arakatzera, alegia. Ibilbideko lehen lana du lasartearrak, eta Ernestina de Champourcin saria irabazita argitaratu du.
Hiru ataletan banatu ditu poetak itxarongelek, besarkadek, malkoek, oinazeak, marmarrek, mantalek, zainek eta itsasoek hartutako olerkiak. Bular sastakatua atalak amiltzea dakar: gaixotasunaren diagnostikoa eta aitortza dira gai bertan. Minbizia izendatzeak eragiten duen lurrikara senti daiteke lerrootan, are, baita seismo horri orekaz eusteko dugun ezintasun soziala ere. Horrela, tabua, errua eta beldurra dira nagusi. Gaixoaldia eta tratamendua dakartza Zilar zainak atalak, ebazpenean alde eta kontra egiten duten faktoreei erreparatuta. Halaber, balizko berrezartzeak bezatzearekin izan dezakeen antzekotasuna seinalatzen dute poemok, sistemak eta, konkretuki, osasun-sistemak eragiten dituen azpiratzeak azpimarratuta. Azkenik, Betileak hazi tratamenduaren osteko aro berriaren kontaketa da, gaixo izateari uztean nabarmentzen diren orbainak eta itzalak hizpide dituena.
Azpimarragarria da poemotan guztiotan gorputzak eta harekiko harremanaren inguruko hausnarrak duen lekua, anbibalentea baita: arrotz zaigu gaituen etxea. Gauzak horrela, gorputzari zuzendutako olerkiak topa daitezke bilduman, baita hari zuzentzeko lengoaia baten saiakerak ere. Funtsean, ni poetikoak bat egin nahi du biltzen duen erpin, ertz eta tolestura ororekin. Zentzu berean, etxea espazio esanguratsua da, bereziki, aipatu gorputzaren irudi eta, horrenbestez, gaixotasunak hartutako leku legez: Etxea gaixotu zait eta Biziko naiz poemak dira adibide. Halaber, lekuon eta ezlekuen arteko talka deigarria da.
Hitzaren formak zirikatuta, aipu ugariak jasota eta bestetzuen esanak bilduta (adibidez, haurrenak zein bizilagunenak) minbiziaren aurpegi askotarikoei heldu die Intxaustik. Besteak beste, dolua, presio estetikoa, amatasuna, emakumetasuna, sexualitatea eta pobrezia ageri dira liburuan, gure bizitzetan baden baina maiz ahoskatzen asmatzen ez dugun gaitzari lotuta. Minbiziaren iruditeria aldatzearen aldeko aldarri ere bada, beraz, esku artean duguna: Iñurri elkarteari egindako aitortzak ere aipatutakoaren adierazle dira.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez