kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Herrenaren promesak / Maite Aizpurua / Infinitudrama / Susa / EHAZE, 2025

Promesak objektu txikietan Nagore Fernandez / Berria, 2026-09-27

Maite Aizpuruak Erresistentzia arazo fisikoa da antzezlana estreinakoz oholtzaratu zuenetik sei urtera ari naiz haren inguruko kritika idazten. Izan ere, oraintsu argitaratu du lehen aldiz Susak haren idatzizko bertsioa, Infinitudrama konpainiarekin elkarlanean sortu eta ekoitzitako Promesa berdina egin diegu lagun guztiei eta Promesarik txikiena konposizioekin batera, hirurak ere Herrenaren promesak izenburupean.

Lehenengoa Maite Aizpuruak berak ondu eta errepresentatu zuen, gorputz herren bakar bat protagonista izanda, zapaltzen eta debekuz janzten gaituen gizarteaz, alegia, gorputz kolektiboaz eta haren minez hausnartzeko. Bigarren eta hirugarren antzezlanek, ostera, laguntasunaz dihardute eta laguntasunean ondu dira, gainera: Aizpuruaz gain, Infinitudrama osatzen duten beste hainbat artista ere presente egon dira sortze eta ekoizte prozesuetan. Liburuak, neurri batean, sortze prozesu horren lekukotasuna eskaintzen digu, hirugarren antzezlana bigarrenaren luzapen edo hedapen bezala uler daitekeela kontuan izanda. Hurrenkerak eta garapenak logikoa dirudi, eta seguru zenbaitentzat morbosoa izango dela bide hori nola garatu den idatziz (ere) ikustea; niri neuri, ostera, alderdi hori iruditu zait proposamen literarioaren ezaugarririk nekosoena, bai behintzat bata bestearen ondoan horrela aurkeztuta.

Antzezlan buruaskiak diren arren, erraz identifika daitezke elkarrekin lotzen dituzten hariak. Haietako bat da lengoaia nola erabiltzen den eta, intentzionalki, nola egiten den jolas elementu horrekin. Bat-bateko erregistroaren aldeko hautu sutsu eta, bide batez esanda, ez bereziki erraza igarri diot obrari oinarrian; ahozkotasuna darie testu guztiei, gazte hizkeratik hurbilagoko esamolde eta anglizismoak bere horretan mantentzen dira maiz, eta irakurleak ez du umore eta ironiarik faltan izango. Alderdi horiek, duda barik, arintasuna ematen diete testuei, baina, batez ere, esango nuke mesede egiten diotela euskararen aktualizazioari, azkenaldiko hainbat testu literariotan, zuzenean edo zeharka, aldarrikatu izan den bezala —gogora datozkit Danele Sarriugarteren eta Miren Amurizaren azken nobelak—.

Bigarren elementu transbertsala antzezlan guztietan ezkutatzen den mezuan eta kritikan datza. Promesen inguruan bilbatzen dira hiru antzezlanak, hain zuzen ere, (hetero)normari eta kapitalismoari emandako erantzun bezala. Promes horiek guztiak objektu txikietan materializatzen dira hein handi batean. Hala, ibilian dabilen zinta mekanikoak etenik ez duen zapalkuntza materialista eta heteropatriarkala iradoki dit lehen antzezlanean; bigarren eta hirugarren antzezlanetan, berriz, zutabeak eta lokarriak, estutzen eta askatzen doazen harremanen sinbolo bezala irakurri ditut, eta eszenatokiaren erdigunea hartzen duen pontxez betetako arrainontzia, ostera, laguntasunaren “ur sakon” eta konplexua. Edozein obraren indarra esaten denaren eta esan gabe geratzen denaren arteko espazioan gotortzen dela esan ohi dute, eta nago Aizpuruak eta bidaide izan duen Infinitudrama konpainiak, kasu honetan, objektu zehatz horietan bilatu dutela espazio labainkor eta iradokor hori; baita aurkitu ere.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak