« Abaildura baten kontaketa | Samur eta adi »
Zazpigarren gizona / John Berger / Jean Mohr (Iñigo Roque Eguzkitza) / Katakrak, 2026
Atzoko eta gaurko argazkiak Peru Iparragirre / Berria, 2026-10-18
Sosegua pitzatzen duen liburua da Zazpigarren gizona (Katakrak, 2026), baina noren barrenak daude bare gaur? Artegatasuna sortzen dute haren orrietako zuri-beltzezko argazkiek: bizitza erdigarriak, miseria muturrekoa, baina baita une alaiak erakusten dituztenek ere. Hain zuzen ere, 1970eko hamarkadako Europako langile migranteen (egileek ere aitortzen duten moduan, batez ere gizonezkoen) joanak, etorriak eta lan-baldintza esklaboak erakusten baititu (bizi-baldintzarik gabekoak baitira langile migranteak).
Artefaktu berezia da hau, “uneen liburu” bat: John Berger (Londres, 1926 – Antony, Frantzia, 2017) idazle eta arte kritikari marxistak eta Jean Mohr (Geneva, 1925 – Collonge-Bellerive, Suitza, 2018) argazkilariak (Sven Blomberg eta beste hainbaten laguntzaz) argazki, azalpen teoriko eta politiko, kontakizun narratibo eta poemen bitartez osatutakoa. Hasieran film bat egiteko asmoa zuten, baina diru nahikoa bildu ez eta liburua egiten amaitu zuten, orain Iñigo Roque Eguzkitzak euskarara ekarri duena. Poetikoa eta politikoa gure bizitzetan txirikordatzen diren moduan erakusten dituen liburua da emaitza: batak bestea ilustratzen du, besteak bata azaltzen.
Mende erdia igaro bada ere, testuak eta irudiak gaurtik ere mintzo direla dirudi: migrazioaren nolakotasuna aldatu da, aldatu dira jatorri-herriak, aldatu lanpostuak (batzuk), legeak (ez hainbeste), baina kontatzen duena zehatza bezain errepikakorra da: etekinak areagotzeko lan-esku merkea beharrezkoa duen eta miseria sortzen eta birsortzen duen sistema batean langile migranteek betetzen duten funtzioaren garrantzia, batetik, eta, bestetik, bertakoek (klase ertainaren beldurren eta dirudunen legeen ondorioz) haiekiko dituzten aurrejuzgu eta erdeinuak, arrazismorik biolentoenera heltzeraino, eta, azkenik, horri guztiari aurre egiteko langile-klasearen batasunaren ezinbesteko baldintza.
Zazpigarren gizona da langile migrantearen metafora, atzoko eta gaurko migranteen berri emateko balio duena eta haiekiko distantzia beharrean hurbiltasuna eskaintzen duena: “Migrantearen bizitza determinatzen duten indarrak ulertzeko (…) hain abstraktua ez den formulazio bat behar da. Metafora bat behar da. Metafora aldi baterako da. Ez da teoriaren ordezko”. Bergerrek eta Mohrrek aldi berean hitz egiten dute Genevako minez eta Lyongo garbigailu-fabrikez, garbitzaileez, gelatxoetan taldeka edo txandaka egindako lo-orduetako ametsez…
Langile migranteen askatasun-falta deskribatzeko eta azaltzeko duten modu horrek, baina, oihartzuna egiten du kapitalismopean zapaldutako guztien askatasun-faltarekin: deshumanizazioari buruzko liburua baita finean: “Beraren [migrantearen] aurkako indarkeriaren tamaina, beraren barruan gertatzen den horren bidez azaleratzen da. Berdinak dira beraren barruan gertatutakoa eta langile migrante ez diren beste milioika lagunen barruan gertatutakoa. Muturrekoagoa da, besterik ez”.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez