« Kronika sotila: duina, sendoa, zintzoa, arina eta artetsua | Zumarraren azpian »
Izan gizona / Aritz Galarraga / Alberdania, 2026
Mito terrorista bat da Nagore Fernandez / Berria, 2026-10-11
Georges Falconnet eta Nadine Lefaucheur soziologoek abisatu ziguten duela 50 urte inguru: “Gizontasuna mito terrorista bat da. […] Gizonen bizitza etengabeko norgehiagokak eta lehiak baldintzatzen du”; eta esango nuke Aritz Galarragak Alberdania argitaletxean atera berri duen Izan gizona obrak ezin hobeto ilustratzen dituela soziologoen hitzok. Autoreak bere bizitzako hastapeneko urteetako bizipenak eta uneak darabiltza, horien bitartez, edozein gizonen maskulinizazio prozesuan presente dauden une unibertsal gorenez eta inposatuez hausnartzeko. Unibertsal, noski, gizartea antolatzen duen mendebaldeko ikuskera heteronormatiboaren begirada zurrunetik.
Eta inposatu, noski, ideologia jakin horrek eskaintzen duen ikuspegi androzentriko eta sexistak, subjektu maskulinoak pribilegioz janzten dituen arren, haien bizitzak ere arautzen eta estutzen dituen heinean. Hala, idazleak heteropatriarkatuak eskaintzen dion pribilegioz betetako talaiatik jaitsi, eta gizarteari eta bere buruari kritika egiteko aprobetxatzen du aukera.
Aitortu behar dut puntu horretan konektatu dudala gehien obrarekin, autoreak ez baititu, beste barik, hobetu beharrekoak seinalatzen eta arazoa etxetik kanpo bilatzen. Liburua baliagarria zaio bere baitara begiratzeko, erreparo barik, bizitzan zehar, hainbatetan, zapalkuntza horren parte izan dela onartzeko, eta, noski, horretaz ere damutzeko. Horrek, ezinbestean, eztabaidarako tartea ere irekitzen du; bere buruarekiko eta gizartearekiko norgehiagoka horretan, badira zenbait auzi hausnartzeko aukera ematen dutenak. Sexualitatearen inguruko gaia da horietako bat. Diskurtso estankorik ez darabilen arren, gai horretara hurbiltzeko baliatzen duen perspektiba bai iruditu zait estatikoa, bai behintzat egungo ikasketa sexologikoek aldarrikatzen duten subjektu sexuatuaren ikuspegitik. Izan ere, pertsonak prozesu konstante baten emaitza gara, elkarrekin eta une oro birsortzen ari garenak. Hala, gure identitate eredua, eta, ondorioz, baita gure desira eta sexualitatea ere, ez dira kategorikoak berez —nahiz eta etiketak geure buruak hobeto ulertzeko baliagarriak zaizkigun—; continuum bat dira, etengabe alda ditzakegunak. Galarragak bere bizipen pertsonaletik dihardu liburuan, eta ez naiz ni izango hori ukatuko duena, inondik ere; nork bere burua askatasunez definitzea zilegi iruditzen zait, baina etiketa guztiak baztertzen eta auzitan jartzen ari garen honetan, ez dakit heterosexual bezalakoek guztiz funtzionatzen duten. Edozelan ere, etorkizunean heldu eta hausnartu beharreko gaia dela iruditzen zait, eta, nahita edo nahi gabe, auzi hori problematizatzea eta mahaigaineratzea, bada, jada, nahikoa meritu.
Simone de Beauvoir entzutetsuaren “emakume ez da jaiotzen: egin egiten da” adierazpen are entzutetsuagoari heltzen dio autoreak, eta hura luzatzen: “ez gara gizon jaiotzen; gizon egin egiten gara” baieztapenarekin. Nik neuk, ostera, feminismoen ibilbidean horrenbeste aldarrikatu den “pertsonala politikoa da” adierazpena ere baliatuko nuke obra biribiltzeko; Galarragak, intentzionalki noski, baina gizonentzat ere hertsagarria izan daitekeen sistemaz dihardu, bere buruaz soilik ari delakoan.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro