kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Ehulearen hilobia / Seumas O'Kelly (Unai Elorriaga) / Igela, 2026

Zumarraren azpian Nagore Fernandez / Berria, 2026-10-11

Eserialdi bakar bat aski omen da kontakizun bat hasi eta buka irakurtzeko. Hori adierazi zuen XIX. mendean Edgar Allan Poek, eta egun ideia horri hainbat alderditatik erantzun bazaio ere, badira hala irakurri behar diren obrak nire ustez —eserialdi bakar hori laburra zein luzea izan, hori erlatiboa baita, eta testua ipuina izan zein ez, hori ere erlatiboa izan baitaiteke—. Horietako bat da Igela argitaletxeak Unai Elorriagaren itzulpen finarekin euskaratu duen Seumas O’Kelly idazle irlandarraren Ehulearen hilobia nobela laburra —edo ipuin luzea esan beharko nuke?—. Eta ez diot neurriari erreparatuta bakarrik, noski; obraren tonuak eta tentsioak berak bultzatu nau hala irakurtzera. Izenburuak artez adierazten digun bezala, hil berri den Mortimer Hehir ehulearen hilobia da protagonista liburuan, nonahikoa, baina fantasma ere, aldi berean; Cloon na Morav deitzen den hilerri erraldoian ez dira kapaz haren —eta haren familiaren— zuloa aurkitzeko. Horretarako, Meehaul Lynskey iltzegileari eta Cahir Bowes harginari egiten diete dei, herriko pertsona zaharrenetakoak izanda hobiaren koordenatu zehatzez gogoratuko diren ustearekin. Baina usteak erdi ustel; Hehir hilotzaren ehorzlekua aurkitu orduko, hilerria goitik behera gurutzatuko dute, eta ez behin bakarrik.

Gorabehera horiek dira, hain zuzen ere, kontakizunari zentzua ematen diotenak, bai eta obraren bereizgarriak diren alderdien gertalekuak ere. Horietan garatzen da ondoen, batetik, irakurlea hasi eta buka ainguratuko duen tentsioa; bestetik, alderdi horren osagarri, autoreak darabilen iruditeria grotesko eta tonu jostagarria ere, tentsioz betetako bilaketa amaigabe hori gozatzen dutenak, hain zuzen. Horrek guzti horrek nortasun propioa ematen dio obrari, baita, nire ustez, kontakizun itxura ere, teknikoki behintzat —baina hori beste eztabaida bat da, eta espazio falta dela eta, beste baterako utziko dut—.

Zenbaitek kontakizunari darion poetikotasuna ere goraipatu dute hizpide dugun obra iruzkintzerakoan. Eta hala da; kontakizunak berez dakarren belztasun komiko horrekin kontrastean, hainbat irudi eder sortzen ditu O’Kellyk. Dena den, orriz orri eraikitzen den tentsioa eta giro groteskoa neurrian ekartzea lortzen badu ere, une poetikoekin efektu bera lortzen ez duen sentsazioa izan dut. Pasarte horiek narrazioa edertzen dutenik ez dut ukatzen, baina autorearen prosari darion poetikotasunak, ukitu estetikoaz haratago, gehiago iradokitzea espero nuen, hilobi fantasma baten bilaketaren nondik norakoak zehaztasunez biltzen dituen kontakizunaren kontrapuntu bezala.

Badira 60 orrialde izanda luze hartzen zaituzten liburuak; badira, aldiz, 100 orrialde izanda ere arin eta bizi garatzen direnak. O’Kellyk baliatzen dituen estrategia narratiboei zor, hizpide dudan obra azken multzokoa dela ausartuko naiz esatera. Eserialdi bakarrean irakurri edo hainbatetan, dudarik ez dut Ehulearen hilobia liburuak edozein irakurle harrapatuko duela hasi eta buka, eta bidean ondo pasatuko duela, gainera.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak