kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Zirtak su. Hasieran bazen hitza / Maite Lopez Las Heras / Alberdania, 2026

Sutsua Joxe Aldasoro / Deia, 2026-09-19

Maite López Las Herasen Zirtak su Alberdaniak argitaratu zuen urte honetako otsailean. Maite López, saiakeran, itzultzaile lanetan, ipuingintzan eta zutabegile gisa ere aritzen da. Filologia klasikoa ikasitakoa, lehenago argitaratu dituen lanei erreparatua erraz ulertzen da ondu duen eleberriaren trama. Egeria laugarren mendeko emakume bidaiari eta idazlea izan zen. Iberiar penintsularen ipar-mendebaldeko garai hartako Gallaecia probintzia erromatarrean, gaur egungo Espainia eta Portugalgo lurrak hartzen zituena. Ez dago argi nongoa zen zehazki eta horren inguruan hainbat hipotesi egin dira. Adostasuna dago jatorri noble eta familia diruduneko alaba zela, kultura handikoa. Emakume erlijiosoa, azkarra eta jakinminak jota bizi zena. Bidaia luze batean Leku Santuak bisitatu zituen: gaur egungo Egipto, Palestina, Siria, Irak, Iran eta Turkia, besteak beste.

Eleberri historikoa, beraz. Erakargarria egiten ez zaidan generoa. Ez eleberri, ez historia. Halaxe erantzuten nien gisa horretako liburuak iruzkindu edo komentatzen zidatenei. Historia jabetzeko balio zutela esaten zuten. Historia manipulatzeko erantzun nik. Literatura entretenigarri eta atsegina egiteko modua. Pertsonaien sakontasuna eta sinesgarritasuna zalantzan jarri nik. Segidan rock talde baten analogia egiten nuen: Motorhead. Londreseko talde mitikoari buruz esan ohi zen heavy-egia zela punkientzat eta punk-egia heavyentzat. Etiketa jakin bat ezin jartzeaz gain, beste emaitza hobeagorik ere izan zuen taldearen estilo bereziak: batzuen eta besteen gustukoa izatea, alegia. Zirtak su-k bazuen, ordea, ni erakartzeko eta amuan hozka egiteko beita edo karnata egokia: mitologia. Pertsonaia kristaua izan arren, erlijio greziar klasikoa ere maite duelako eta bietatik edaten duelako egunerokoei arazoei aurre egiteko. Kristautasuna: ederki ezagutzen dugu latitude hauetan. Mitologia grekoa: inoiz ez ditut ulertuko Olinpoko nagusien jokabideak. Agian horregatik egiten zaizkit erakargarriak.

Bidaiaren gorabeherak, barne hausnarketekin batera datoz eleberrian. Egeriaren hausnarketak. Hausnarketa pila, protagonistaren izaera erakusteaz gain, zu ere hausnartzera eramaten zaituztenak. Baliogarri edo zilegiak ez dakit, dibertigarriak bai, niretzat. Emakume ausarta garai hartan halako bidaia luze eta imajinatzen dut, arriskutsua, egiteko. Argi geratzen da hasieratik zeintzuk diren berak etsai moduan deskribatzen ez dituenak baina nik hala interpretatu ditudanak: gizonak. Gizon asko lotsagorrituko ditut. Entzungor egingo diet gaitzespenaren adierazle. Garai hartan hain feminista izan zitekeen ala ez adituei utziko diet. Aberatsa ere bazen, noski. Ezin zuen edonork halako bidaia luzea egin. Logikoa denez, ez zitzaizkion pobreak gustatzen. Edo gutxienez ez zitzaizkion pobre matxinoak gustatzen. Ulertzekoa ere bada, Hispania eta Galia astindu zuten esklabo, nekazari eta desertorez osatutako errebueltak senarra hil eta mahastiei su eman baitzien.

Maitasunak ezin zuen hutsik egin. Pertsona maitemindua da Egeria Maite Lópezen lanean. Senarraz maitemindua eta bizitzaz ere maitemindua. Sinisten dut pertsonen ontasunean. Eta hor dago nire marra gorria. Ez zaizkit gustatzen, ez ditut jasaten pertsonaia maiteminduak. Ezta pertsonak ere. Ez zaizkit sinesgarriak egiten. Baina hori gustu kontuak dira.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak