« Alderantzira |
Sorbatza / Markel Sanchez / Elkar, 2026
Labanaren ahoa Asier Urkiza / Berria, 2026-11-08
Sorbatza izeneko eleberria da Markel Sanchezen estreinako literatur lana. Azalean bertan bi detailek ematen dute arreta: bata, Kazimir Malevitxen koadro ederra, oso lotua nobelaren mamiari; bestea, Harkaitz Cano bezalako idazle eskarmentudunaren hitzaurrea. Hitzaurreak ematen ditu nobelaren inguruko gako jakingarriak, baina akaso hobe luke irakurleak zuzenean testura jo eta irakurraldiaren osterako uztea Canorena, hartara ezustean harrapa dezan sorbatzaren giroak. Edo ez, horretan ere nork bere ohiturak baititu.
Berez, euskaraz tresna ebakitzaile baten ahoari deritza sorbatza. Liburuan kultur talde baten izena da —sortzaileen batza-ren laburduratik sortua—. Talde hori ere bada zorrotza, sorbatzak izaten diren bezalakoa, hatz puntarekin leunki ukitu eta zauria uzteko adinakoa. Koka gaitezen, baina. Etorkizun hurbilean dago girotuta nobela, 2053. eta 2054. urteetan. Eraldaketa Handia izenekoa gertatu da gizartean, iraultza baten ondorioz agidanez. Errotikako aldaketa ekarri du, kapitalismoa gainditu eta ongizatea legetzat ezarri duenez. Oinarrizko beharrizanak aseta bizi da jendea: etxebizitza, lana, ingurunearekiko harreman orekatua, eta abar. Teknologiari esker lanaren banaketa gizatiarragoa lortu dela dirudi. Duintasunez bizi direla, alegia. Zenbait gazteren eraldaketarako grina ez da apaldu, ordea. Iraultzaren osteko iraultza dute amets Sorbatzako kideek.
Hainbat pertsonaiaren lekukotasunek eta Sorbatza taldearen bileretako aktek osatzen dituzte kapituluak. Lekukoak ez dira Sorbatzako kideak —baten bat kide ohia bai— eta, hori horrela, ikusi eta entzundakoetatik xehatuko dituzte taldearen ingurukoak. Roberto Bolañoren Los detectives salvajes gogora dakarren hautua berau; izan ere, haren eragina suma dakioke liburuari, egituran ez ezik baita gai batzuetan ere, hala nola artearen bidez gizartea iraultzeko nahia edota belaunaldien arteko talka, jasotako ondarearekiko ukoan gorpuztua. Abangoardiazko taldea da Sorbatza, artearen bidez jendartea esnatu nahi duena Eraldaketa Handiaren osteko lozorrotik. Konformatu nahi eza eta errebeldia senezkoa darie taldeko kideei. Arauaren arbuioa. Hainbestekoa, non Liberty City hurbileko hirira bisitan joateko beharra sentitzen duten, kapitalismo basatiaren azkenengo gotorlekura. Manu Sorbatzako kidearen heriotzak bizkortuko ditu gertaerak eta eleberriari bilbearen pizgarria eskaini.
Taldearen ibilerak kontatuz planteatzen dira hala gizarte zaharraren gaitzak nola, bereziki, balizko prozesu iraultzaile batek leuzkakeen ezinak. Iraultzaren beraren mugak iradokitzen ditu autoreak. Auzi kitzikagarriak atera litezke Sanchezen utopia zapuztutik, demagun: nola marraztu gizarte berria gu geu —marrazkilariak, alegia— gizarte zaharrekoak izanik; sortu al daiteke gizaki berririk gizarte berri baterako? Nahastu behar dira estetika eta politika? Azken mendeak ondotxo erakutsi digu ezetz. Imajinazioa beharko dugu, edonola ere. Eta horretan laguntzen du Sorbatza-k. Ez du erantzunik ematen, baizik galderak pizten. Baiki, zauritzen zuen ahoak.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi