kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Ehulearen hilobia / Seumas O'Kelly (Unai Elorriaga) / Igela, 2026

Agure istorio bat Ibon Egaña / Deia, 2026-10-03

Agure istorioa azpi-izenburuarekin eman du argitara Igela argitaletxeak Seumas O’Kelly idazle irlandarraren Ehulearen hilobia nobela laburra, Unai Elorriagaren itzulpenean. Hogeita bost urte dira aurten Elorriagak SPrako tranbian Lucas agurearen istorioa, askoren gogoan geratu dena, plazaratu zuenetik, eta aurten agure bikote xelebre baten istorioa ekarri nahi izan du euskarara idazle eta itzultzaile algortarrak. Liburuak badu, hala, idazle batek apetaz, mimoz eta miresmenez egindako itzulpenetik, eta Elorriagaren lana ezagutzen duen irakurleak igarri lezake nondik datorkion idazleari nobelatxo honekiko lilura: horra agure protagonistak, horra absurdoaren eta groteskoaren arteko umorea, horra pertsonaien zein istorioaren xamurtasuna edo ahozko kontakizunen airea.

1919an eman zen argitara lehenengoz Ehulearen hilobia eta geroztik irlandar literaturako kontakizunen antologietan maiz ikusi du argia ipuin luzearen eta nobela laburraren arteko testu honek, idazlearen izena gure artean hain ezaguna ez bada ere. Antzerkigile, ipuingile eta kazetari nazionalista, O’Kelly Sinn Fein-en Nationality egunkariko editore nagusi zen hil zenean eta, izan ere, egunkariko lanak eta bere ideiek izan zuten zerikusirik idazlearen heriotza goiztiarrean. 37 urte zituela, I. Mundu Gerrako armistizioa sinatu eta gutxira, soldadu ingelesak mozkortuta egunkariaren Dublingo erredakziora sartu eta haiei aurre egin ostean erorikoa izan, ospitaleratu eta bertan hil zen O’Kelly. Idazlea hil eta hilabeteetara plazaratu zen Ehulearen hilobia.

XX. mende hasierako Irlandako herritxo batean kokatuta dago nobela, eta hasi ere Mortimer Hehir hil ostean hilerrira haren hilobiaren bila abiatzen direnean hasten da kontakizuna. Cloon na Morave (Hildakoen Larrea) du izena antzinako hilerriak: bertan daude ehortziak herriko familien hildakoak, baina lausotua da hilobien memoria, kaotikoa eta zaharra da hilerria, eta inork ez daki non ehortzi beharko duten ehule hilberria. Eta hor hartzen dute protagonismoa (beharbada azkenekoz) herriko bi agure zaharrek, hilobi egokia zein den jakingo dutelakoan: Meehaul Lynskey iltzegileak eta Cahir Bowes harginak. Eztabaidan hasiko dira, baina, bata eta bestea, argudio halamodukoez hilobi egokia zein den argitu nahian, elkarri arrazoia eman ezinda. Antzerkigile ere bazen O’Kellyk komedia eta absurdoaren antzerkiaren oihartzunak (anakronismoa zilegi bazait) gogora dakartzan pieza osatu zuen, pertsonaia gutxi baina gogoangarriz, elkarrizketa biziz, agerleku ia bakarrean (hilerrian). Baina narrazio bat da hau, eta memorian irauten duten nobela askotan bezala, kontakizun honetan ere tonua, narratzailearen ironia fina da bereizgarri nagusietakoa, umoreari tartea egin arren pertsonaiekiko xamurtasuna bistatik galtzen ez duena.

Ahozko kontakizunen xarma gordetzen duen istorioa ere bada Ehulearen hilobia. Tradiziozko ipuinetan bezala, lanbideak definitzen ditu herriko pertsonaia gizonezkoak (alargun izateak emazte alarguna), eta ahozkoa da memoriaren gordailua, ahoz ekartzen dituzte gogora pertsonaiek dagoeneko hil diren pertsonaien bizi-arrastoak eta haien memoria. Ahozko mundu-ikuskeraren gainbehera ere jasotzen du, hartara, kontakizunak, hilobien memoria lausotu hori tarteko; industrializazioak bestelakotu egingo zuen heriotza eta memoria bera. Baina gauzak teknifikatu aurreko mundu horretan kokatu zuen O’Kellyk testu eder hau, umoreari tartea egiteaz gain, memoriaz, zahartzaroaz, ahanzturaz, heriotzaz eta bizitza berrien aukerez (nobelak badakar amaierako ustekaberik) gogoeta egiten duena.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak