« Sexu-genero ‘indarkeriak’ eta komunitatea | Itzulera baten historia »
Etxe arrotz hau / Olatz Mitxelena / Susa, 2026
Etx-etx-etxea Maialen Sobrino Lopez / Gara, 2026-09-06
Olatz Mitxelenak hamar kontakizun labur eta mamitsu bildu ditu ehun orri pasako liburuxka honetan. Iduri du, dena den, orriak bete ordez, orriak husten aritu dela, destilatutako istorioak dira eta. Ezkila hotsak bezain arruntak, isiltasuna urratzeari esker aitzina jotzen dutenak. Denetarik iragartzen digu Mitxelena ezkilazainak: teilatu berria duenaren bizkar besta zapuztua, biltzera deitu dituzten senideen ezinegona, hil ezkilak jo beharrean dagoen ama, eztei bidaiatik amesgaiztorako bidea, ilun ezkilekin etxeratu eta bidean galdutakoaz ohartzen den familia, baita meditaziorako balio ez duen gong baten pasadizoa ere.
Ez dago hari narratibo komunik, baina bai kontakizunez kontakizun ageri zaizkigun elementuak eta horiei erreparatuko diegu jarraian. Errate baterako, denetan badago zimiko bat. Batzuetan sorpresa eragiten dio irakurleari, bertzeetan iratzartzen du edo, are, mina egiten dio, uspel eta guzti: “Zaharrak horixe gara: zaharrak. Eta zaharren eskuak ditugu. Ematen du gure gorputzak garrantzia galtzen duela. Galdu eta hartu, aldi berean. Ez da hitz egiten zaharren gorputzez, ez dira ukitzen. Beste inorenak baino presenteago daude, ordea”.
Bertzetik, hitz artean aditzen den ahotsa beti emakumeena da, ez aldarrikapen doinuan, baizik eta bizibide gisa. Alegia, egileak ez die emakumeei ahotsa eman, ezpada hartu. Gizonak egon badaude, protagonista dira batzuetan, afera da female gaze edo emakumeen ikuspuntua duela kontatzen denak: “Etxea ezberdina da etxekoandrearentzat, edo, besterik gabe, bertan bizi denarentzat”.
Kontakizunetako batean protagonistak, behingoan, bere burua lehenestea erabakiko du maila profesionalean: “Seme-alabak hazita, beti nahi izan nuen horri helduko nion. (…) Nik aukeratutako lanak, nik aukeratutako bulegotik. Eta halaxe nengoen garai hartan, ametsa lokatz-putzu bihurtuta”. Bulego bat norberarena, eta halere ezin lasai bizi. Gero, hitzen bueltako ofizioak barnebiltzen dituen esaldia botako du: “Bazkalorduan batera ibiltzen nituen ahoan, ezin murtxikatuta, xerra zatia eta esaldi bateko hitzen ordena”. Umore fina.
Lehen pertsonan emanda daude atal gehienak, bi izan ezik. Ez da ohikoa bigarren pertsonan idaztea: “Zuk ez dakizu hutsuneak matrioxken modukoak direla: hutsune handiago baten barruan beste bat kabitzen dela, eta beste bat, eta beste bat. Bizi oso bat bizi litekeela hutsunez hutsune”. Dena den, nola azaldu bertzenaz pluraletik singularrerako tartea? “Umetokian hasi eta kanporantz zabaldu zaizkit zuloak eta galerak: familiaz espero nuena, amatasunak biltzen duena, bikote-harremanean sortu duguna, emakume izateari egin diodana, umetokian dudan hau”.
Sareak modan dauden garaiotan, iduri du egileak ohartarazi nahi gaituela, sozialak izatetik ezin urrunago dauden horiek bezalaxe, gure inguruan ere baditugula babes sare izatera deituak zirenak, eta arrain sarda baten pare harrapatuta gaituztenak: “Ez du ematen izebari askorik inporta zaionik, oskol antzeko bat du amonaren hitzetatik babesteko. Horregatik ematen du igual hainbeste krema: kapa gogortzen laguntzeko”. Izena duenak izana omen du; izen dugun hori izan egin behar, baina.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi