kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Epilogorik gabe / Elena Sanchez / Erein, 2024

Epilogorik gabe Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2026-07

Bizitzak ez du epilogorik. Heriotza heltzen denean, ez dago azalpenerako aukerarik, ezta barkamena eskatzeko betarik ere. Homilian puztuko dituzte noizbait izan ginenaren ezaugarriak; bertuteak, halakorik balego, apainduko dituzte, eta akatsak ezkutatuko. Azken horiek, egon badira ere, beti daudenez gero, ez aipatzeak oroitzapena samurtzen laguntzen du. Hortaz, bizitza bera, hau da, hil aurretiko denboraldi osoa, norbere elegiaren konposizio-ariketa da. Guk geuk, geure ekintzen bitartez, hitzena bainoago, osatuko dugu gure requiemaren doinua.

Baina denbora inoiz ez da simetrikoa. Bizitzaren aro bakoitzak beharrezkoa duen denbora hartzen du ia guztiz garatzeko. Garaiak ere ez dira simetrikoak, abestiak ere asimetrikoak diren hein berean. Monotoniak, aurreikusteko modukoa izateak eta simetriak bizitza gogaikarri bihurtuko lukete. Aldiz, bizitzeko bizi nahi izan behar da. Sarritan, denboran atzera begiratzean, simulakro bat baino bizi izan ez dugula iruditzeko arriskua dago, baldin eta gogoaren igoerak eta jaitsierak gogotik bizi izan ez baditugu. Halaxe dio Barakaldoko poetak: “Denboraren asimetrietan galdurik / jarraitzen dugu. / Nekatuta. / Bizitzaren simulakroa / bizitzea ekidin nahian. Ez besterik”.

Zaila da jakitea, akaso ezinezkoa, zer izan zen lehenago: poeta ala nostalgia. Fisikoki izan ez arren, poeta oro da deserritua, gehienetan bederen, arrotz zaizkion egoeretatik. “Denboraren erbesteratuak / ezlekuetan bizi gara, garairik gabekoak”. Ametsak, askotan, hareazkoak izaki, urak desegiten ditu, geroaldiak iraganarekin egingo duen modu berean. Horregatik, orainaldia da gure helduleku bakarra. Orain egiten duguna baino ezin dugu bermatu, geroa eta iragana ez baitaude gure esku, hitz haien ahotsak ez direlako gure ahotik aterako. Poetak zalantza egiten du: “Baina, non ipiniko ditut gero / orain egingo ez ditudanak?”.

“Euriak / baleen bizkarretan idatzitakoa / deusezta dezake”. Norbait izendatzeari uzteak haren izena ezaba dezake. Aitzitik, ezikusiaren egiteak norbera itsutzen du, ez ikusi nahi ez duen hura. Eta hori ulertzen dugun unean, ikasiko dugu ez dagoela entzungorra baino gorragorik. Bizitzea, beraz, bidaldi gorabeheratsua den heinean, guztiok bilakatzen gara marinel gurea, nostrum, den itsasoan nabigatzerakoan, “Troiarik gabeko gerlari naufragoak. / XXI. mendeko odiseoak”. Bistan da, hortaz, mundua zahartzen ari dela, eta belaunaldiak berritzen. Zaharraren eta berriaren arteko oreka bilatzea belaunaldi guztioi, lehengo eta oraingoei alegia, dagokigun aspaldiko auzia da. “Baina orain, / egunkariak inork irakurtzen ez dituen egunotan, / munduko utopia guztiak / zirimolarekin dantzan ari dira, / utopia higatuak, / maiztuak, / katramilatzen norabiderik gabe amiltzen den / mundu zahar honetan”. Elkarbizitzaren oinarria, edozein politikarik esango lukeen moduan, elkarrenganako errespetuan datza.

Ez gara munduratu Historia egiteko. Ez dagokigu guri ondorengoen iruditeria finkatzea. Ez luke gure kezka izan behar oinordetzan gure arrastoa uztea. “Eta ez, / testu liburuetan Historiak / ez du gutaz hitz egingo”. Lo gaudela gertatzen dena ere bizitzaren zati bat da. “Lo nagoen bitartean, / nik badakit, / munduak biraka jarraitzen du. / Geraezin”. Horregatik, autokritikaz baliaturik, nor garen galdetu beharko genioke gure buruari, autobiografia osatzerakoan, gu ez ezik, aurreko batzuk ere izan garela jabetzeko. “Akaso ni naiz ni? / Beste askoren bizitza bizitzen”. Entzuten dugun musika, irakurtzen dugun literatura, horixe gara gu, besteak beste.

Emakumea eta artista izatea, kasu, aurretik emakumeak eta artistak izan direnen zailtasunak onartzea eta zeureganatzea da. “Gauean heldu da inspirazioa / baino ahiturik aurkitu zaitu”. Poetak ez dauka idazteko astirik “arropa garbitu / lisatu / purea eta batuketak / irudimenari botoiak josi eta biderketak / sukaldeko trigonometria / kenketa arrosak / zatiketa urdinak” eta abar luze bat egin behar dituelako egunero. Picassok agian ez zuen horretan erreparatu inspirazioak lanean aurkitu behar zaituela baieztatu zuenean; ezta prekarietatearen zorroztasunean ere.

Bizitzaren azken kapituluan, hortaz, “Bizitza jada desmemoriaren kristalean / irristatzen den azken ur tanta / baino ez denean” alegia, gure ikusmoldea aldatzen da. Beranduegi izan ez dadin erregutu behar dugu, “heriotzari beldurra / heriotzaren lilura” sentitzen hasten garenean. Poesiak lagunduko digu estatistikek azal ezin diezazkigukeen egiak ulertzen.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak