« Erran ezin direnak | Lur azpiko habiak »
Argazkiaren erabilera / Annie Ernaux (Leire Lakasta) / Katakrak, 2026
Grina deszifratzen Maialen Sobrino Lopez / Gara, 2026-06-28
Annie Ernaux eta Marc Marie maitaleen arteko performance literarioa da Leire Lakastak euskaratu berri duen 2005. urteko obra hau. Premisa sinplea da: sexu harremanak izan ondotik, maitaleek argazkiak eginen dizkiete erantzitako arropei, dauden tokian daudela; errebelatuko dituzte gero eta nork bere testua idatziko du argazki bakoitzaren inguruan. Urtebete exkax, 14 argazkiri buruzko bina iruzkin eta tartean bizitza bere zentzurik zabalenean: desira, maitasuna, heriotza, minbizia… Argazkiak (tamalez, zuri-beltzean) begi parean izaki, irakurleak osatzen du interpretazioaren hirugarren erpina.
Bi ahots ditugu, biak, bizi lurrikara bat pasatuta, oreka berreskuratu nahian, eta guztiz aske elkarren arteko harremanaz gozatzeko, akaso hori da esperimentua ahalbidetzen duena. “Nire lehenbiziko erreakzioa objektuen formetan izakiak deskubritzen saiatzea da, Rorschachen test baten aurrean bezala, jantziak eta azpiko arropak erabiliz orbanen ordez. (…) Irudimenak deszifratzen du argazkia, ez oroimenak”. Egileek sexua bera baino lizunagotzat dituzte argazkiok, baina ez ote da are intimoagoa testuak idaztea? Edo testuak eta, horrekin batera, bi iruzkinen arteko aldeak irakurtzea?
Halaber, desiraren eraikuntzaz hausnartzeko parada eskaintzen du, desiragarria zer/nor den inposatu nahi duen gizartean askatzailea izaten ahal delako zer/nor desiratu erabakitzea bera: “Kameraren kliskak burmuina plazerez inarrosten dit. Iruditzen zait burmuinarekin ere gozatzen ez duenak ez duela egiazko gozamena ezagutzen”. Komunikazioa muinean duen erotika ageri da: “Argazki hauei buruz, gau horien zantzuei buruz, idazten hasi dela pentsatze hutsak orain arte ezezaguna zitzaidan sentimendu batez betetzen dit barrena, intelektuala bezain fisikoa den eszitazioz. Partekatzen dugun sekretua da, nolabaiteko praktika erotiko berria”.
Idazkerari dagokionez, esperimentazioan ari diren sortzaileen bulkada du lanak, iragankorra da, eta aldi berean eskarmentutik soilik egiten ahal den destilazio neurtua iduri du: “Orain iruditzen zait beti kontserbatu nahi izan dudala amodioa egin eta geroko paisaiaren irudia. Ez dakit zergatik ez ote zitzaidan lehenago bururatu fotografiatzea; are, zergatik ez ote nion sekula ezein gizoni proposatu. (…) Beharbada soilik gizon harekin egin nezakeen, soilik bizitzako garai hartan”. Zergatik, ordea, sexua-arropa-argazkia-testua segida? “Orban materialenek, organikoek liluratzen naute. Ohartu naiz gauza bera espero dudala idazketaz. Gustatuko litzaidake hitzak orban izatea, garbitzen ezinezkoak”.
Irudi eta hitzak bizitza harrapatzeko, oroitzeko forma hetsitzat ditugu maiz. Alta, norbere bizipenen eta harremanen errelato partekatua eraikitzeko baliatzen dituzte obra honetan: “Gorputza desagerturik duten eta lurrean ikusten ditugun galtza horiek, nolabait, logelen, besaulkien, pareten, sukaldeen eta oskol hutsen gisa berekoak dira. Kanpotik begiratuta, arrastoak, besterik ez. Baina guk ageri ez dena ikusten dugu justuki: lehenago, bitartean, eta ondoren gertatu den hori”. Hau da, ikusten ez dena eta erraten ez dena oroitzeko ere behar izaten ditugula irudi eta hitzak.
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo