« Gazte ero horiek: ordukoek ez zuten ezer irabazi eta gaurkoek dena utzi diote galtzeari | Nor izango bada, itzalak argia behar du »
Turismoa / Asier Basurto Arruti / Argia, 2026
Monolaborantza turistikoa nola gainditu? Maialen Sobrino Lopez / Argia, 2026-07-26
Uda bezperetan plazaratu zuen Asier Basurto Arrutik turismoari buruzko saiakera liburua eta, uda betean egonik, sasoi ezin aproposagoa dugu irakurtzeko. Hitzaurrean daude bilduta balizko irakurleen aurreiritziak: “turismoaren kontrako liburua izango da”… Aldiz, liburua analisitik abiatzen da eta ekintzara egiten du bide. Hau da, kontzientzia pizteaz gain, irakurleari adorea eman nahi dio egungo testuinguruak eskaintzen dituen aukerez baliatzeko.
Lanak hiru atal nagusi eta eranskin bat (“Uste ustelak” desarmatzeko gida) ditu. Lehenik, gaur egungo egoerara nola ailegatu garen ulertzeko gakoak ematen dira eta ez dago sorpresarik diagnostikoan, bai, ordea, ondorio gordinak: “Zein kultura saltzen den interesgarri eta autentiko gisa eta zein geratzen den bazterrean, ez dira ausazko erabakiak; botere harremanen, iruditeria kolonialen eta merkatuaren logiken ondorio dira”. Halaber, glosarioa dago, ez baitira berbera turismoa, masa turismoa, turistifikazioa eta gainturismoa.
Bigarren atalean egungo turismo ereduaren eragina aztertzen da: etxebizitzaren auzia, ekologismoa, urbanismoa, prekaritatea… Bereziki gustatu zait euskararen gaia nondik jorratu den, hizkuntza gutxitua den neurrian transmisioa bermatzeaz eta folklorizazioa ekiditeaz gain, argi adierazi baita gutxitan erraten den begi bistako egia: “Gobernuetan, hirigintza departamentuetan, ekonomia sailetan eta ogasun zerbitzuetan hartzen dira eragin soziolinguistiko handiena duten erabakiak”. Kulturari dagokionez, esaldi bakarrean laburbiltzen ahal da fenomenoa: “Praktika [kultural] bat ikuskizun bihurtzen denean, parte hartzea pasibo bihurtzen da, eta horrek eragin berezia du belaunaldien arteko transmisioan. Ikasi ordez, ikusi egiten da”. Lurraldeari xehe begiratu ondotik, obrak salatzen du ezin zaiola eutsi etengabe haztearen logikari.
Azken zatia ekintzari emana da: “Turistifikazioaren aurkako erreakzio herritarra ez da ‘kexen zerrenda’ bat. Hiriko eredu ekonomiko eta urbanoaren inguruko borroka da (…). Eta galdera nagusi bat uzten du airean: nork, norentzat eta zertarako eraldatzen du hiria?”. Erantzuna kolektibo ezberdinen artean artikulatu beharko dela adierazi eta interpelazio zuzenak daude: “Desazkunde turistikorako trantsizioa ez da administrazioetatik soilik etorriko, baina haien parte hartzerik gabe ezinezkoa izango da”. Horrez gain, turistifikazioaren ondorioak neurtzeko tresnak behar direla jasotzen da: “Ez dago adierazle sistema bakar eta adosturik maila akademikoan”.
Irakurleak interpelatzen dira, turista direnak bederen, abiapuntu eraikitzailetik: “Turismo sektoreak tranpa moral bat jartzen dio bizilagunari (…): ‘Bidaiatzen baduzu, ezin duzu turismoa kritikatu’. Axioma horrek (….) ez du tokirik uzten kontraesanetarako, ezta ikasketa prozesuetarako ere”. Akaberan, sobera erosoa ez den ondorio batera eramaten gaitu egileak. Alegia, afera ez dela desazkunde turistikoaren alde gauden, baizik eta desazkundea nola egin erabakitzea dagokigula: “Turismoak hazten jarraitzen badu gizarte metabolismoak jasan ditzakeen erritmo eta mugetatik kanpo, trantsizioa ez da modu planifikatuan etorriko. Kolapso bidez gertatuko da”. Ezetz asmatu noren kaltetan?
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi