« Bizitza puskak (bizi puskak gogoan osatutako nobela) | Izadia eta gizadia batzen dituen eleberri poetikoa »
Honekin egin nahi duzuna / Itziar Agirre Sagaseta / Balea Zuria, 2026
Arteketan Maialen Sobrino Lopez / Gara, 2026-08-23
Itziar Agirre Sagasetaren estreinako liburua dugu esku artean eta bada ospatzeko motibo. Behin idazle bati aditu nion lehendabiziko obra argitaratu zuelarik dena bildu nahi izan zuela, dena eman, barrenean zuen guztia paperean hustu, artean ez baitzekien “bere lehen liburua” izanen zen edo “bere liburua” soilik. Auskalo Itziar Agirrek hola edo hala biziko zuen, baina egiazki nahiko nuke hau bere lehendabiziko olerki bilduma izan dadin. Hasteko, biografian zimiko geografiko bat egiten digu “Donamaria, Malerreka, 2001” eta izenburuan askatasuna paratzen digu agindupean: “Honekin egin nahi duzuna”. Ondotik, arteka-marteka aritzen da tratuan irakurlearekin: “Istorio bat norena den, / bizitu duenarena / idatzi duenarena / leitzen duenarena”.
Hiru atal ditu lanak: atearentzat egurra, atea eta suarentzat egurra; haiku bat izaten ahal zen aurkibidea bera. Pena ez daudela zerrendatuta olerkien izenburuak, segur aski hor ere izanen baitzen konposizio poetikoren bat altxapean. Egiturari dagokionez, ezin erran lineala denik, ezta zirkularra ere, espiral gisa irudikatzen ahal da, behin eta berriz abiapuntura hurbiltzen bada ere, muinerago kiribiltzen da eta: “Poema honen lehen lerrotik / [hutsuneak kontatuta] / azkeneraino. / Ez dira itsasoan bakarrik neurtzen / korapilotan distantziak”. Ahotsei erreparatuta hiru gailentzen dira: ni-zu-gu. Singularrean zein pluralean, intimoa eta irmoa da doinua, onbera eta indartsua, ziurgabea eta asertiboa.
Plano sekuentzian emanda egonen balitz bezala, mugimendua ez dator ekintzatik, begiradatik baizik. Arrakalaz arrakala, azalpen bila ari da obra “Penak laketu behar du, / eman behar zaio / non egon / non izan / non erditu”; egilea ingurura begira paratzen da etengabe “Zerua zer da, itsaso huts bat ez bada” eta irakurlea murgilarazten du bere unibertsoan. Errepikatzen dira elementuak, espresuki, eta tentsioan ageri dira maiz etxea, herria, natura eta gorputza: “Gorputza ez zaizu beti etxean kabitzen”. Halere, aukera duelarik aritzen da jostetan edo zirikatzaile.
Estilo propioa du egileak, ezbairik gabe, eta erreferentziaz hornituta dago. Zuzenki eta zeharka egiten die keinu idazleei (John Berger, Atxaga, Karmele Jaio…) eta abeslariei (Mercedes Sosa eta Llaga, adibidez). Interpelazio zuzenetara jotzen du olerkietan “Ama lagundu, / ez zait kabitzen denbora nigan, / ni denboran adina” eta hizkuntzartekotasun printza batzuk badaude gazteleraz edo ingelesez ematen diren aipu eta izenburuetan. Horrez gain, Malerreka iradokitzen duen paisaian Granada kukutzen da lerro artean.
Joera dugu idazle hasiberriak gurasokeriaz tratatzeko eta love bombing-ean itotzeko, hala ez izatea opa diot Agirreri. Liburuaren aurkezpenean editoreak erran zuen izenburu proposamenen artean egon zela “Zer deitu etxe” eta seguru nago bertze proposamen aunitz ere izanen zituztela, inplosionatzen duten esaldiz josita dagoelako lana. Esperimentala da hein batean eta erran ohi da bilatzen duenak aurkitzen duela, “Trust the process” lelo maiztua. Egilea ez da horrekin konformatzen, ordea, eraldaketa biziarazten du hitzetan: “Sorterri batek ez dakit kontzen ahal duen / ezinegon baten nonbait egon nahia”.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi