kritiken hemeroteka

8.826 kritika

« | »

Erreplika / Maialen Berasategi Catalan / Susa, 2026

Liluraren liluraz Ibon Egaña / Deia, 2026-11-14

Badira literaturarekiko liluratik idatzitako liburuak, xarma hori kutsatu eta irakurleari hitz idatziaren artearekiko pasioa berritzeko gaitasuna dutenak. Maialen Berasategi Catalanen lehen nobela, Erreplika, horietakoa da. Izan zitekeen Europa erdialdeko nobela bat, izan zitekeen beste hamarkada edo kasik beste mende bateko liburu bat, lilura hori ez delako iragankorra, modaren araberakoa edo iraungitze-data hurbilekoa duena, baina 2026an euskaraz argitaratutakoa da, eta zaharragoak diren kezkak eta auzi gaurkoagoak batera agertzen dira irauteko bokazioa duen testu honetan.

Literaturarekiko lilurak maiz dakarren zerbait da irakurritakoa imitatu, berridatzi edo berrinterpretatzeko nahia, harekin jolastu edo hari oihartzun egiteko gogoa. Erreplikak fikzioaren formaz jantzi du ideia hori eta modu askotara oihartzun egiten dio nobelan zehar, bi pertsonaiaren arteko harremana ardatz nagusitzat hartuta: Mara Melero idazlegai eta ikaslea bata, hark miresten duen Maria M. Muller idazle kontsakratua bestea. Bakardadearen Jainkosa da Muller, itsasertzeko etxean apartatuta bizi dena, jardina zaintzea eta idazketa beste ardurarik gabe. Fikziozko lanen egilea ere baden arren, Itsasertzean ni (eguneroko bat) lanean jasotzen du bakardadean bizi dituen egunen berri, eta lan horrek egin du bestean beste ezagun. Unibertsitaterako lan baten aitzakian Mara Melerok Maria M. Mullerren bakardadea gutun bidez zulatzea erabakitzen duenean jartzen da abian nobela, eta Mullerren erantzun-gutun erretxin apartak zabaltzen du lehen kapitulua.

Lehen lerro horietatik hasten da irakurlea Mullerren izaera anbibalentearen trazak biltzen. Erretxina da tarteka, harroa eman lezake, iritzi sendo eta irmokoa da, baina hauskorra ere bai, bakardadearen jainkosa izan arren badu ingurukoen beharra ere, halakorik aitortuko ez lukeen arren. Nobela batek, jolas literariotik eta estilotik harantzago joan eta irakurlearen gogoan irauteko beharrezkoa du pertsonaia sendo bat ziurrenik, eta horrek ematen dio gorputza Erreplikari, argi-itzalezko protagonista konplexu batek, Maria M. Mullerrek. Haren aldean, ustez protagonismo handiagoa duen Mara Melero lauagoa begitantzen da, zubi bat irakurlea Mullerrengana iristeko. Berasategik aitortzen duenez, May Sartonen figura eta idatziak izan ditu abiapuntu Mullerren pertsonaia osatzerakoan; haatik, nik bezala Sartonen berririk ez duen irakurleak erreferente errealekiko autonomoa den pertsonaia osatu gisa irakur ditzake Mullerren ingurukoak (eta, jolasa libre denez, tarteka Miren Agur Meabe ere irudikatu dezake, nik bezala, pertsonaia horren atzean, itsaslabarreko etxean). Literatur testuei eta idazleei egindako keinuz eta oihartzunez josita dago nobela, baina ez exhibizionismo-asmoz, eta erreferentzia horiek ezagutu gabe ere berdin egiten du irakurleak aurrera.

Trama narratiboak fikzioaren tripetara sartu eta testu literarioen formekin jolas egiteko aukera ematen dio idazleari: hemeretzigarren mendeko nobela epistolar baten formekin jolasteko, gorespeneko hitzaurreak parodiatzeko, poema eta eskaintza kurtsiez barre egiteko… Baina ez estilo-ariketa soil edo erudizio-erakustaldi gisa. Izan ere, liburuak duen izaera ludikoak, umoreak eta ironiak sartu egiten dute irakurlea jolas literarioan eta, era berean, trama narratiboa gai da irakur-gosea mantentzeko, pertsonaien ibilerei jarraitu nahiari eusteko. Itzulpen literarioan trebatutako Berasategiren prosak eta estilo berezkoak, zer esanik ez, gozamen hutsezko bihurtzen dute irakurketa, arretaz, pausaz eta irribarre batez irakurrarazten dute Erreplika.

Azken kritikak

Nola esaten zaio agur ama bati
Uxue Razkin

Peru Iparragirre

Mari-alderrai
Colette

Aritz Galarraga

Erreplika
Maialen Berasategi Catalan

Ibon Egaña

Hegal egiten
Eneko Bidegain

Mikel Asurmendi

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak