« Herria maitatzeko eta historia kontatzeko era asko dago | Bizitza bera kontatzea »
Mari-alderrai / Colette (Pedro Diez de Ulzurrun) / Ibaizabal, 1998
Izenik gabe hasi zena Aritz Galarraga / Berria, 2026-11-15
Izena emana zaigu, osoki, guk erabaki ezinik. Garaiaren isla genuke, jaio garen kultura, familiarena. Baina denborarekin bilakatzen da norbere izaeraren ezaugarri behinenetarik. Colette finkatu zaio gure idazleari, abizena bakarrik, osoa izanik Sidonie Gabrielle Colette. Ez zuen horrela sinatu ahal izan, ordea, 1923ra arte (1900etik), senar izan zuen gizonaren ezizenez baizik, Willy. Izen propio bat berreskuratzeko, eraikitzeko borroka bat eraman zuen, hartara, bizitza guztian zehar. Literatura frantseseko klasiko modernoen belaunaldiko kide, Claudel, Gide, Proust, Valery, Peguy, bost urteko diferentziarekin jaioak guztiak ere, hura izan zen taldeko emakume bakarra, baina baita lotsagabeena ere, popularrena: 1954an zendu zelarik, hileta nazionalak egin zizkioten, ordura arte gizonezkoentzat zirenak soilik.
1910ekoa da Mari-Alderrai, heldutasuneko obra, Claudine protagonista zuen seriearekin —“friboloa”, “immorala”— hautsi zuena. Renee Nere izeneko emakume bat daukagu hemen, mimo, dantzari, are aldian aldiko komediante ere. Music-halleko artista —“inolako lanbiderik ikasi ez dutenen lanbidea”—, miseria, hotza, abaildura, ziurgabetasuna ezagutuko ditu. Inguruan gehiago, bere larruan baino; bohemiar ordenatu gisa deskribatuko du bere burua: “Alderrai, bego, baina beti itzul-inguruka, toki berean, ibiltzera etsitzen duena”. Ezkonduta egon zen, dibortziatuta dago, traizioa, gezurra, abandonua jasan ondotik, eta sufrimendua, noski. Bere bizitza berregin duen honetan, bakarrik, baiki, baina ez horregatik gaizki, Maxime agertuko zaio, abizenez Dufferein-Chautel —“deitura barregarria, diputatu, industrialari edo aurrezki-kutxako zuzendariarena”—, berak Zozo Handi deituko duena (izenen garrantzia, berriz); Ardenetako basamutil bat, aberaski aspertzen dena. Eleberri guztia izango da hortik aurrera norgehiagoka bat, gizonak arre, emakumeak iso. Nahiko luke, baina ezin. Saiatzen da, alferrik. Ezkontza proposatzen dionean, zera erantzungo du: buruko mina daukat. Sefini la patat.
Bai, kontxo, ezen zein ziren, izan, 1910ean, emakume baten zereginak? Ezkondu, haurrak eduki, gizonaren mendeko izan orobat. Ikus dezagun hiru betebehar horiei buruz Renee Nerek dioena. Lehenaz: “Ezkontzako sehigoaz ari naiz, hainbeste eta hainbeste emazte helduentzako halako haurtzain-suerte bihurtzen dituenaz”. Bigarrenaz: “Ez dut ikusten, ez dut maite, izango nukeen, agian izango dudan haurtxo hori”. Eta hirugarrenaz: “Ulertuko duzu ezen ez nuela zurea izan behar, ezta inorena ere”. Are gehiago, emakumeen arteko afektua laudatzen du, askotan zitala izan ohi den gizon batengandik ihes egiteko: “Bi emakume elkarri lotuak talde lizunkoi bat baino ez dira sekula izango harentzat, eta ez bi ahultasunen irudi malenkoniatsu eta hunkigarria”. Ez gara batere harritu behar, hartara, eta korolario gisa, ondorengo hau dioenean: “Aski dun istoriorik, aski dun maitakeriarik, aski dun denbora alferrik galtzerik, aski dun gizonezkorik!”.
Eta ez da debaldekoa liburu bukaeran Hego Amerikara, Mundu Berrira bidaiatzeko asmoa agertzea (noski, gizonezko bikotekiderik gabe). Renee Nere, duin eta kuraios, emakume berri bat da orain, bere ni-a berregin duena, bakardadean eta, paradoxikoki, edo ez hainbeste, askatasunean, sumisioaren ateak itxi eta beregaintasunarenak irekita, erabateko iraultza. Bizitza bat kosta zaio, borroka eta argitasuna, baina berriz jaio da sentsualitatera, existitzearen plazerera, munduarekin harreman oso eta osasungarri bat izatera. Pixka batean Colettek berak, bere bizian, egin zuen gauza berbera. Eleberria, hain justu, idazlearen biografiaren arabera ere irakur daiteke eta —haren amak hala esan zion: “Baina autobiografia bat da! Ezin duzu uka!”—. Lehen pertsona, sentipenak, memoria, gaur egunean biofikzio esango genukeena. Literatura eta bizitza bereizezinak baitira Coletterentzat; idazle handi guztientzat bezala, seguruenera.
Idazle bakar, paregabea, originaltasuna eta abilezia estilistikoa konbinatu zituen halako askatasun aire batekin, bere garaiari aurrea hartuz —Colettek asmatu izango zuen oharkabeko memoria, Proustek bere madalena famatuarekin baino lehen, bioleta-sorta baten usainak iradokirik—. Eta nahiz eta Walter Benjamini aitortu zion, 1927an, emakumeak politikan parte hartzearen aurkakoa zela. Belle Epoque garaian, beraz, bere erreginaldiaren gorenean, literaturara ekarri zituen sentsualtasuna, garraztasuna, behaketa gaitasuna —“Gereziondoek itzal more-kolorea ematen dute lur gorriska, egarriz arrailtzen hasiaren gainean”—. Tonua berria zen, lotsabakoa, aurrekaririk gabea, baina berehala inposatu zen, eta arrakastatsu bilakatu. Idazle handi bat, Antoine Compagnonen hitzetan, haren ondoren hizkuntza berri bat uzten duena omen da. Bai eta mitoak sortzen dituena ere. Bat baino gehiago sortu zituen Colettek, tartean bere mito propioa. Izenik gabe hasi zena, Madame Colette bilakatua zen ordurako.
Nola esaten zaio agur ama bati
Uxue Razkin
Peru Iparragirre
Mari-alderrai
Colette
Aritz Galarraga
Hegal egiten
Eneko Bidegain
Mikel Asurmendi
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi