kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Odisea / Homero (Matias Mugika) / Balea Zuria, 2025

Itzulera baten historia Aritz Galarraga / Berria, 2026-09-13

Literatur lan guztiak lerro bakar batekin laburbildu ahal badira, esan genezake Homeroren Odisea-ren laburpena ez dela denetan zailena: Ulises etxera itzultzen da. Hementxe buka genezake artikulu honen idazketa, eta beste gauza batera pasa —adibidez Odisea-ren beraren (berr)irakurketara—; baina, erakusleiho ezin hobe bat uzten baitigute, goazen aukera aprobetxatzera. Aletu beharreko lana ere ez baita nolanahikoa: 24.000 bertso-lerro, XXIV kantu, 2.800 urteko antzinatasuna; eta ez bakarrik guregana iritsi dena (auskalo zer jainkoren haizeek ekarrita), baizik eta batez ere gure garaiko irakurleari zer edo zer eskaintzen diona, Safo, Virgilio, Dante, Shakespeare edo Cervantesek egiten duten bezala. Akaso azalean, baiki, baina funts-muinean gizajendea hainbeste aldatu ez den seinalea.

Ulises, beraz, etxera itzultzen da. Baina Odisea hori baino gehixeago da. Hasteko, Ulises bera ez baitzaigu agertzen liburu osoaren laurdena pasa artera. Hiru gertakari kontatzen dira, orotara: Ulisesen seme Telemako aitaren bila abiatzen dela, Ulisesen bueltako bidaia, eta Ulisesen mendekua. Zatirik garrantzitsuena, ezin uka, itzulerarena da, eta dibertigarriena, zukutsuena. Kontaera handia izenarekin ezagutzen den zatia, alegia, IX. kantutik XII. kantura artekoa. Hamar urteko kronologia, baina ez kronologikoa, hau da, ez lineala (atzera-aurrera etengabe ari da); eta, ondorioz, aski garaikidea (herenegun idatzia dela dirudi). Ez kezka: memoria txarrekoontzat ere egokia baita, erabat mnemoteknikoa (adineko batek kontatua dirudi, hainbeste makulu, errepikapen, betegarri).

Abentura ezagunenen artean, orduan, kikonak, lotofagoak, sirenak, nola lortu zuen horiengandik eta gehiagorengandik ihes egitea; itsas denboraleak, barku apurtuak, eskifaiakide galduak (historiako nabigazio-manualik traketsena izango da); Zirzeren mainak, Poseidonen ur harrotzeak, Kalipsoren bahiketa; eta nola, neke asko pasaturik, feaziarren laguntzaz, lortzen duen Itakara iristea. Guztietatik onik ateratzen da Ulises. Ulises ez baita gizon bat, gizon ugari baizik, seme, senar, aita, noski, baina buruzagi, jakintsu, justua, eta marinel, artzain, gerlari, batez ere gerlaria. Hura zen gizona, hura! Negar ere egiten du eta! Zazpi bizitza bizi, jasan dituen tipo bat, zuhur, artetsu, herrari, etxeko berotasuna baino bilatzen ez duena.

Eta, horretarako, indarra erabili arren, zuhurtasuna ere erabiltzen badakiena: foka-larruak jantzita engainatzen du Proteo, adibidez, hilezkor metamorfosizalea; edo Polifemo begi bakarreko ziklope erraldoiagandik eskapu egiten du, ez bakarrik hesola begian, ziria ere sartuta. Ez alferrik, 24.000 bertso-lerroetarik lehenean, halaxe definitzen zaigu Ulises: “Mila amarruko gizona”. Alegia, biolentzia bai, noski, eta ez gutxi gainera (azken zatian, Peneloperen senargai guztiak, 108, akabatzen ditu, berak bakarrik ia; Tarantino, ikasi); baina buru-argitasuna ere bai, edo batez ere, oztopoak, zailtasunak, gatazkak gainditzeko orduan. Eta ez bakarrik Ulisesek: emazte Penelopek ere, hain justu senargaiak uxatzeko, darabilen amarrua da gogoangarria: “Egunaz oihal handia aritzen zen ehotzen; / zuziak piztu orduko, gauaz, berriz, urratzen”. A ze finezia.

Eta Ulises aipatu dugu orain arte, batez ere, haren abenturak, baina Odisea-z txundi gaitzakeen beste elementu bat da pertsonaien ugaritasuna, hamarnaka pertsonaia, ehunka, telesail turkiar bat iduri, edo genealogia aristokratiko bat, jainko, erdi-jainko, hilkorrez betea (ez hartu ahaidetasunak atxikitzeko lana, erotzeko modukoa baita). Batzuk joan-etorrian dabiltza, adibidez, Atena, Ulisesen jainkosa guardakoa. Beste batzuk agertu-desagertu egiten dira, Haliterses delako baten kasua, Ulisesen etorkizunari buruzko profezia, edo spoiler bat egiteko agertzen dena: liburua hasi eta gutxira ezagutzen dugu, beraz, istorio oso-osoa (baina, arrazoi duzue, grazia detaileetan dago, bizitzan berean bezala). Haserretzen dira (haur txikien moduan), adiskidetzen, beti daude oturuntzak prestatzen (euskaldunak dirudite). Eta guztien artean osatzen dute hitzen, deskribapenen, zentzumenen mozkorraldi, betekada, parranda aparteko hau.

Ulises etxera itzultzen da, beraz, eta urak bere bidera. Harmonia ezartzen da atzera. Oreka oro hautsi baitzuten gerrak, kaosak, neurrigabetasunak. Mundua baketu da berriz, zuhurtzia, nahiz indarkeria erabilita (nola zen helburuen eta bitartekoen kontu hori?). Zoritxar guztiak etortzen baitira gauzak beren tokian ez egoteagatik. Bizitzaren zentzua, hartara: gauzak beren lekura itzultzea. Adibidez, norbera bere etxera. Izan etxe hori leku fisiko edo izpiritual, erreal edo irudimenezkoa. Ondo pentsatuta, heriotza bera ere izan daiteke etxe hori. Presarik ez izan, beraz, Kavafis poetak zioen bezala, Itakara itzultzeko. Ea konplitzen den Tiresias delako batek Ulisesi egin profezia (edo spoilerra): “Hiltze eztiak itsasotik lekora, / etxean, hartuko zaitu, zahartzaro atseginak / abailduta zauzkanean”. Hala biz.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak