kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Zerua hemen / Oihana Arana / Susa, 2026

Edozein astelehen igandetzeko Maialen Sobrino Lopez / Gara, 2026-07-12

Oihana Aranaren bigarren olerki liburua dugu, eta ez da xamurra izaten lehendabiziko obra bikain baten ondotik bigarrena ekartzea. Berriz ere lortu du, ordea; idazle, bertsolari, zutabegile eta abar (egiazki) luze eta hertsiegiaz haratago, hitzaren artisau baitugu, edo hitzaren “erremixer”. Joandako olerkari handi batek ekarri zidan lehendabizikoz begi-belarri parera Oihana Arana, hamasei urte bete berri zituelarik, eta arrats hartan kantatu zigun, liburua irakurrita, kasik premonitorioki: “Argi izpi bat baduelako/ barruan gordea beltzak”. Izan ere, liburuak propio ditu 112 orri, badelako SOS dei bat hurkoari, badelako anbulantzia bat, aldi berean larri eta ohiko.

Olerkari handi hark behin erran zidan poema liburu bat irakurtzen hasia zela, ohiko ordenan ordez, lehenik hasierako olerkia eta segidan akaberakoa irakurrita. Nik berbera egin dut eta hara: “Existitzen ez den zein argazki gorde/ pentsatzen dut/ asko falta zaizkit (…) zuek ere ikus zenezaten/ zerua hemen”. Ez da obraren laburpen doiena, baina bai eraiki duen erreferentzia sarean barneratzeko modu bat. Memoriaren zurrumurrua aditzen da olerkietan, distantziak oroitzapenetan sortzen dituen zulo eta distortsio artean. Dena den, hasieratik agertzen du bildumaren asmoa egileak, auzia ez baita (soilik) zer/nola oroitu/atzendu: “Existitzen ez diren argazkiak biltzeko/ poemak idazten hasi beharko dugu”.

Dolua da gai nagusia, ezohiko bideetatik garatu arren: “Gure aita hil zenean krabelinak/ banatu genituen hiletan./ (…) Errituala amaitu zenean/ ‘eta ze eingou honekin?’/ bota nuen urduri./ ‘Kontenedore bat dau hor’./ (…) Loreak ezin dira zaborretara bota./ Goreegia da./ Edozein poetak idatziko lituzke/ hamar edo ehun poema/ eszena hori ikusita”. Hari mutur horri tiraka eta klixeetatik urrun, ezbaian paratzen ditu herioaren inguruko erritu eta prozesuak. Ifrentzuan, doike, bizi grinak badu bere tokia. Izenburu aunitz toki eta datak dira, koordenatu gisa ulertzen ahal direnak, bizitoki berrietan laketzeari ere eskaini baitio tarte franko: “Utziko ahal dit inoiz/ hiri honek/ gure etxera noa esaten”.

Poesia singularrean irakurtzera ohituta gaude, baina Aranak pluralaren alde egin du behin eta berriz: “Denok behar dugu/ izan ez garen hori guztia/ ikusaraziko digun talaia bat”. Aldika luze, aldika labur aritzen zaigu olerkietan, narratiboago edo deskriptiboago, umoretsu edo gogoz kontra, bizitza bera den desorekaren doinuan. Elementu unibertsalak eguneroko xumeenera ekarri eta gai da irakurlea barnebiltzeko: “Hainbat aldiz amaitu da mundua/ denon bizitzan”. Ahozkotik hurbil egonik ere, deiadar intimoa da, halakorik posible bada.

Irudiak sortzeko gaitasuna du egileak. Are gehiago, liburua bukatu eta señora bat irudikatu dut paseatzeko bizikleta dotore batean hiritik tente eta eroso; zaurgarri eta ziur, inori azalpenik zor ez diona, sortzen dituen espektatiben erantzule ez dena, eta determinazioz aitzina egiten duena. Vibe horiek ditu irakurketak. Zeren eta bideaz ari baita obra, doluak ixtera kondenatzen ditugun garaiotan. Ahapaldi artean, baina, aldarriak ozen: “Zera desio dut orain/ zapatak presaka kentzea eta/ urruma existentzial hori”.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak