kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Geratzen dena / Ione Gorostarzu / Elkar, 2026

Besarte bat oinazearentzat Maddi Galdos Areta / Argia, 2026-07-19

“Ote landare bat besarkatzea larrugorrian” dio, eta horixe dakarkigu bildumaren azalak: bi esku soil agertzen dira, arantzadun baina iraunkor denari eutsi nahian, minari neurria hartzeko saiakeran. Ione Gorostarzuk (Berastegi, Gipuzkoa, 1984) bere ibilbideko hirugarren poema-bilduma plazaratu du berriki. Geratzen dena jarri dio izenburu, eta, bizirik irauten dugunontzat bederen, mingarri ohi den heriotza du gai nagusi.

Gertaeren ordenak markatuta eta denborari jarraiki, hiru ataletan banatu ditu Gorostarzuk 74 poemak. Geratzea dena atalak herio heltzen den istantea bera dakar, denbora bera ere eteten duen une soil izanda ere, atzeraezin eta betiereko dena. Gertaera jakin bat abiapuntu, heriotzaren unibertsaltasuna azpimarratzen du autoreak poemotan, tartean, darabilen zu poetikoa izan daitekeelako hildakoa, haren hurkoa zein, oro har, bizi den edonor. Beilatoki egunetako hoztasun eta epeltasunak dira gailen bertan.

Doluaz dihardu, bereziki, Geratzen (ez) dena bigarren atalak. Ondo(rena) eta Dolua ez da leku bat poemek zedarritzen dute atala, eta horietan marratutako bidea jarraitzen dute bertan bildutakoek. Gauzak horrela, minak, erruak, memoria, ametsak, berreskuraezin bilakatutakoak… arakatzeko gonbita luzatzen digu irakurleoi. Atentzioa ematen du atal honetan hildakoak utzitako objektuek duten lekuak, irauli egiten baitute, nolabait esatearren, bizidunaren eta bizigabearen arteko harremana: “Eskumuturrik gabe ere aurrera darrai / zure erlojuak” diosku, bizigabea bailitzan orain bizidun.

Geratzen garenak da azken atala, eta luzeena eta askotarikoena da. Izenburuak iradoki legez, bizirik dirautenak ditu gai eta, horrenbestez, baita bizitza bera eta bizitza zeharkatzen duten auziak ere. Horrela, Gorostarzuk pobrezia, bortxa, zaintza, maitasuna eta bestelakoak idatzi ditu poemetan.

Lurrari loturiko iruditeria gailen den bilduma honetan, olerki batzuk zinez narratiboak dira, zerrendak topa ditzakegu, eta deigarri dira hots errepikapenez ondutakoak. Halaber, zentzumenek, haien kitzikadurak eta, bereziki, kitzikadura faltak utzitako arrastoak esanguratsu dira, zapore batzuk ere galtzen baitira jakiak biltzen dituzten eskuak galduta. Funtsean, sentitzearen eta sendatzearen arteko antzekotasunak gogora ekarrita besarte bat sortu du poetak oinazearentzat.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak