« Harainditik honaindira | Gerrako andre-espioiak: pelikula baterako oharrak »
Zure arnasa zaintzeko / Nerea Balda / Erein, 2026
Anti-heroi heroikoak Joxe Aldasoro / Deia, 2026-07-04
Hirugarren eleberria du Zure arnasa zaintzeko (Erein, 2026) Nerea Baldak, Ramiro Pinilla lehiaketaren irabazleak. Emakume bereiztu baten inguruan iruten da kontaketa. Dena gaizki ateratzen ari zaio bizitzan. Hori uste du behintzat. Bikote harremanaren porrota. Alaba nerabearekin ezin konpondu. Dekadentzia fisikoa eta dekadentzia mentala. Edonoren bizitzan bezala, egoera eta pertsona diferenteak agertuko zaizkio protagonista nagusiari. Inork ez dio lagunduko. Inork ez dio bidea erraztuko. Beste batzuk desagertu egiten dira. Urtetan josi diren sareetako zuloak, zulo handiagoak bihurtzen dira. Joan, etorri eta batzuetan, joan etorrian dabiltzan pertsonaiak edozein kale, ezkaratza edo dendan aurki ditzakegu, baina denek dute berezi eta partikular bihurtzen dituen zera hori. Egoera guztietan barne hausnarketan murgiltzen da pertsonaia, eta pertsonaiarekin batera irakurlea. Ondorioztatzeko ehuneko laurogeita hamarrean gaizki jokatu duela, eta gelditzen den beste ehunekotan, hobe egin zezakeela. Hipokondriak jota bizi da gainera. Minik edo sentsazio txikiena gaixotasun larriena izan edo bihur litekelako.
Beste hari narratiboan pertsonaiaren haurtzaro, gaztaro eta helduaroko pasarte esanguratsuak ezagutuko ditugu. Ez dira modu kronologiko ordenatuan kontatzen. Bizitasuna eta intriga punttua ematen dio denbora lerroan saltoka ibiltzeak. Ez dakizu zeri erantzungo dion hurrengoak. Askatasuna ere bai idazleari, koherentzia beste elementu batzuk ematen dizkiotelako bigarren ildoari. Ukitzen diren gaien zerrenda luzea da. Haurtzaroan bizi izandako bihurrikeriarekin hasi eta bikote harremanaren porroteraino, beno, bikoteak bera uzteko arrazoiarekin bukatzeraino. Badago guztietan, edo, ia guztietan, emakumearen rolen idealizazioaren kontrako salaketa. Horrela ulertu dut nik. Aldi berean, emakumetasunaren errebindikazioa. Emakumearen bizitza gizon heteroek jarritako oztopo lasterketa bezala kontatua eta aldi berean oztopoak gainditzearen harrotasuna.
Erritmo biziko kontaketa eta aldi berean hausnartzeko hamaika gai, egoera eta arazo planteatzen ditu Nerea Baldak bere lanean. Jolasa, txantxa eta jazarpenaren artean dagoen edo ez dagoen muga, itxura fisikoaren exijentzia maila, amatasunaren zamak, bere buruaz beste egitearen kontuak, hizkuntza gutxituak, maitasuna libre adierazteko mugak, errepresioa eta auto-errepresioa, migrazioa, gure buruari jartzen dizkiogun betebehar eta kargak, erruduntasunak sentimenduak zenbat kalte eragiten dion hainbati (jendartea batean non, kurioski, badirudien inork ez duela ezeren erantzunkizunik hartu nahi, ez behintzat okerrera jotzen duenetan). Agian hori da erabat konbentzitu ez nauena. Egoera gehiegi, pertsonaia asko, problematika ugari.
Pertsonaien inguruan badago gustatu ez zaidan zerbait. Ez dut esango bukaera zoriontsua eta jolibutiarra duenik, ez duelako. Baina iruditu zait pertsonaia guztiek sekulako erresilientzia, sekulako edukazioa, abilitate emozionalak, sentsibilitatea dutela. Motxila politarekin bizi da bakoitza. Arazo ekonomikoak, sozialak, arazo emozionalak, hamarkadetan luzatzen direnak batzuetan… baina denek jarrera egoki eta zuzenarekin egiten diete aurre krisi eta arazoei. Ez zait iruditzen bizitzan horrela gertatzen denik. Ez daukagu, edo nik ez dut ikusten, edo agian nire gabezia izango da, baina ez arazoei ez diegu horrelako tenplearekin aurre egiten. Gainontzekoan, lan ona Baldak egin duena.
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez