« Lur azpiko habiak | Harainditik honaindira »
Zure bazterrekoak / Cesare Pavese (Jon Alonso) / Katakrak, 2026
Gizaberearen bazterrak Asier Urkiza / Berria, 2026-06-28
Cesare Paveseren hainbat lan euskaratu dira, baina zoritxarrez ez modu trinkoan. Literatura aldizkarietan barreiatuta daude poema solte zenbait —Poesia Kaieretan bilduak horietako asko— eta deskatalogatuta Koldo Bigurik itzulitako Muinoko etxea eta Xabier Mendigurenek ekarritako Burkidea. Albiste aparta da, hortaz, Zure bazterrekoak honen argitalpena, Jon Alonsoren itzulpenean eta Karakrak-en eskutik.
1941ean kaleratua, baina urte pare bat lehenago idatzia, Paveseren lehenengo narrazio lanetako bat izan zen Paese tuoi. Kartzelatik atera berri den Berto izeneko turindar baten istorioa kontatzen du nobelak. Langabezian eta Turingo bizimoduarekin nazkatu samar, espetxean ezagututako Talinoren herrira joatea erabakitzen du, garia jotzeko makinarekin laguntzeko. Hara heldutakoan, berriz, eta Talinoren familia ezagutzeaz batera, hasieratik suma zitekeen tragedia bat egosten hasiko da. Paveseren lan gehienak bezala, Belbo haranaren inguruan dago kokatuta liburua, eta ia-ia pertsonaiek adinako presentzia dute larreek, muinoek, zuhaitzek eta mahastiek.
Landaren eta hiriaren arteko gatazka ageri da Bertoren Monticelloko herritarrenganako juzkuetan. Oso gatazka italiarra berau, XX. mendeko italiar literaturan gehien jorratu ziren gaietako bat denez. Gizarte aurremoderno batekin egiten du topo Berto kalekumeak, amaieran lehertuko den bortizkeria giro baten gainean eraikia. Izan ere, Talinok Gisellari egindakoa isilaraztearen gainean sostengatzen da familia. Horretan eta lanean besterik ez. Bortizkerian, alegia. Desafio egiten diote Bertori titi itxurako muinoek, Vinverraren ardo zaharrak, Talinoren aberekeriak, sukaldeko polentak, simaur usainak eta larreak kiskaltzen dituzten eguzki galdek. Airean dago beldurra etxalde bat erretzeagatik Talino akabatu nahi duen Ricoren mehatxuarekin. Bortizkeria giro hori Paveseren idazkeran ere badago, aditz aspektuaren bat-bateko aldaketetan eta Bertoren pentsamendu jario oldarkorrean, betiere mugimenduari lotua. Paisaiaren kontenplaziorako ere hartzen du tartea, ordea, usaindu eta ikusitakoak barrundatzeko.
Sinpleak dira Paveseren hitzak, zapalak paisaiari egindako erreferentziak, pertsonaiek elkarri esandako hitz marmartiak. Alabaina, beti seinalatzen dute haragoko zerbait, guztien atzean dago durundi leun bat. Bortitza da liburua, krudela eta gupidagabea. Miseriazko bizitzak dira Vinverraren familiakoenak, emakumeenak bereziki. Pavese, halere, gai da bortizkeria hori ezkutatu gabe —erakuskeriarik ere ez, jakina— edertasunaren oihartzun urrunen bat ekartzeko. Gizaberearen muina esploratzen du, edo hobeto esanda, gizabereari erreparatzen dio, bere gordinean. Ezer ere azpimarratu gabe. Belarria jartzen du esateko daukana jasotzeko. Nork eta bere jaioterritik kilometro gutxitara jaiotako gizon eta emakumeek. Betiereko gaiak jasoko ditu: zibilizazioaren oinarri basatia, sexua, desioa, bortizkeria. Bere bazterrekoei begira bazter guztietakoak —atzokoak eta gaurkoak— ekarri zituen. Idazle gisa, ez zait bururatzen lorpen handiagorik.
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo