« Espekulatzeko istorioak, gure historia nola —euskaldunona— | Geldi eta lehertzear »
Izatearen arintasun jasanezina / Milan Kundera (Karlos Cid Abasolo) / Alberdania / Elkar, 2009
Hogeita bat hitz Aritz Galarraga / Berria, 2026-06-07
ADISKIDANTZA EROTIKOA: Tomasek emakumeak desiratzen ditu, baina beldurra die. Nolabaiteko konpromisoa sortu behar du beldurraren eta desioaren artean. “Adiskidantza erotikoa” deitzen dio. “Bien arteko harremanari dagokionez, zoriontasuna ekar diezaiekeen harreman mota bakarra ez-sentimentala da”.
AMETSAK: Teresak egiten ditu, batez ere. “Ametsok limurtzaileak ez ezik, ederrak ere baziren. Hori zen Freudi ametsei buruzko teorian itzuri zitzaion datua”. Gai beraren bariazioak balira bezala errepikatzen zaizkio. Adibidez, amets ziklo bat: emakume biluziz beteriko igerilekuan, heriotzara bidalia da. Jelosia, egunez otzandu arren, ankerki agertzen zaio ametsetan.
ARTEA: “Aurrean gezur ulergarri bat zegoen, eta atzean egia ulertezin bat”.
EDIPO: Artikulu bat idatziko du Tomasek, zeinean komunista gehienen ezjakintasuna, basakeriaren aurrean, Edipo amarekin ezkondu izanaren ezjakintasunarekin konparatzen duen. “Gizakia errugabea al da ez jakiteagatik?”. Erietxeko zirujaurik hoberentzat hartua zen Tomas. Kamioi gidari bukatuko du.
EGIAN BIZITZEA: Pribatuaren eta publikoaren arteko hesia urratzea.
ERRUKIA: Besterekin bere zoritxarra bizitzen jakitea esan nahi du, baina baita berarekin beste edozein sentimendu sentitzea ere: alaitasuna, larritasuna, zoriona, mina. Errukia Tomasen patu (edo madarikazio) bilakatzen da. Ulertzen du Teresa, eta harekin haserretzeko gai ez izateaz gain, areago maite du.
FAMILIA-BIZITZA: Kontzentrazio-esparrua.
FIDELTASUNA: Bertute guztietatik lehenengoa. Fideltasunak batasuna ematen dio gure bizitzari. Sabina xarmatzen duena, ordea, traizioa da. Ezezagunerantz joatea.
GONAZALE: Tomas benetan lirdingatsua da. Kalkuluak ere atera ditu: urtean zortzi emakume (horrela, ehiza trofeoak balira bezala). Baina gonazale epikoa da: emakumeen atzetik ibilarazten duena ez da inola ere gozamen desioa, munduaz jabetzeko desioa baizik. Hartara, libertinoaren siluetaren atzean, maitale erromantikoaren aurpegi sinestezina geratzen da ikusgai.
HERRIKIDEAK: Sabinak amore eman du herrikide elkarte bat bisitatzeko. “Zergatik izan beharko nuke harremanik txekiarrekin? Zerk lotzen nau haiekin?”.
HIZTEGIA: Pertsonaion arteko berriketa guztiak aditu izan banitu, hiztegi handi bat idatzi nezake haien gaizki-ulertuez osatua. Aski izan dezagun hiztegi txiki batekin.
KARENIN: Teresa eta Tomasen txakurra. Minbiziak jota hilko da. Gizateriaren benetako froga morala, oinarrizkoena, mendean dituenekiko harremanetan datza: animaliekin dituen harremanetan, alegia.
KASUALITATEA: Ezinbestean gertatzen dena, espero izatekoa dena, egunero errepikatzen dena; mutua da. Kasualitatea baino ez zaigu mintzo. Beharrezkoak izan ziren sei kasualitate Tomas Teresarengana bultzatzeko.
KISTCHA: Kakaren ukapen erabatekoa. Heriotza ezkutatzen duen bionbo bat.
KOMUNISMOA: Aita bat besterik ez da, bestea bezain zorrotz eta mugatua, maitasuna eta Picasso debekatzen dituena.
MAITASUNA: Kitzikapena gure Sortzailearen dibertsiorako mekanismo bat da. Maitasuna, ordea, geuri baino ez dagokigu, eta hari esker ihes egiten diogu Sortzaileari. “Maitasuna gure askatasuna da”.
PERTSONAIAK: Gizaki bizidunak ez bezala, ez dira amaren gorputzetik jaiotzen, egoera batetik baizik, esaldi, metafora batetik. Nagusiak, agerpen, eta, segur aski, garrantziaren arabera: Tomas (medikua, gero leiho-garbitzailea, azkenik kamioi-gidaria; Teresaren senarra), Teresa (argazkilaria errusiar tankeek Praga hartu zuten garaian; Tomasen emaztea), Sabina (artista, New Yorkera ere joango da; Tomasen maitalea, maitaleetako bat), Franz (unibertsitate irakaslea, suitzarra; Sabinaren maitalea).
PRAGA: Herrixka batean ezagutu arren, nahiz eta Suitzan erbesteratzen diren, geratzen zaien ihesbide bakarra mendian bizitzea bada ere, Praga da liburuko eszenatoki nagusia. Asko aldatu da Praga, armada errusiarrak inbaditu ondotik.
PRESO POLITIKOAK: Semea agertuko zaio Tomasi (bazituen seme bat, beste emazte bat, ama bat, aita bat, aurreko bizitza batean). Ediporen artikulua laudatuko dio. Eskatuko dio preso politikoen aldeko manifestu bat sinatzea. Ez du egingo. “Tomasek ezin dezake preso politikorik salba, baina zoriontsu bihur dezake Teresa”. Ez dago batere ziur zuzen jokatzen ari denik, baina ziur dago jokatu nahi duen bezala jokatzen ari dela.
PROLOGOA: Kunderaren eleberriak erdi fikzio, erdi saiakera dira, eta baliabide interesgarri ugari erabili ohi ditu: ironia, ahots narratzaileen ugaritasuna, osagarri erreal eta fikziozkoen nahasketa, digresioa eta abar (Karlos Cid Abasolo). Guztiak ere aurki ditzakegu autorea famatu zuen eleberri honetan.
ZORIONTASUNA: Errepikatzeko desioa da. Giza denbora ez dabil jira-biran, ordea: lerro zuzenetik doa aurrera. Horrexegatik ezin gara zoriontsuak izan.
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo
Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera
Aritz Galarraga
Espekulazioak
Arrate Egaña
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez