« Espioiak oinez, arriskuz, izerdiz, irrikaz | Gauaren zaintzailea eta irudimen-ebaslea »
Erbeste / Juan Garzia / Erein, 2026
Neurria hartzea Asier Urkiza / Berria, 2026-05-17
Euskal literaturan itzultzaile gisa da, akaso, ezagunagoa Juan Garzia. Izan ere, Melville, Shakespeare edo Beckett bezalako erraldoiak ekarri ditu euskarara, kalitate handiko itzulpenetan. Idazlea ere bada, ordea. Fikziozko sormen lanik argitaratzen ez zuela 30 urte bete berritan, Erbeste nobela kaleratu du, bere ibilbideko bigarrena. Frantsesez nouvelle izendatuko genukeen generokoa da lana, nobela petoaren eta ipuinaren arteko 100 orrialde eskaseko kontakizuna.
Atzerrian urte mordoa eman eta gero herrira itzuli da emakumezko protagonista. Sortetxera, Tolosako baserri-auzo batean kokatutako familiaren baserrira. Etxera buelta horren lehenbiziko egunak kontatzen dira nobelan, aitarekiko eta nebarekiko harreman berrartuaren gorabeherak eta hogeitaka urteetan zeharo aldatuta dagoen inguruaren peskizak. Familia bisitatzera eta sustraiekin birkonektatzera ez ezik, ordea, aspaldiko kontu ilun batzuk argitzera ere etorria da protagonista sorterrira. Baserriko maiorazkoaren heriotza tragikoa eta horrek familian eragindakoa ulertu nahi du; horren haritik, herrian gertatutako ezbehar latzaren berri ere izango du, aitaren negozio-bazkide izandako Goñi indianoaren familiaren heriotza misteriotsua. Intuizioari kasu eginez eta iluntasunean argia jarri nahian, ikerketan arituko da protagonista, garai hartako lekukoak elkarrizketatuz.
Inguruaren inpresioak jasotzeko gaitasun berezia erakusten du protagonistak. Ikusi bakarrik ez, begiratu egiten du, argazkilari sena lagun. Espazioa zein jendea aztertzeko pertzepzio zorrotzak berak jartzen du ikertzailearen paperean. Zerbait bada, bere buruaren ikertzailea da izenik ezagutzen ez diogun emakumezkoa. Iragana ulertu nahi du, familia hondamendira ekarri zuen istripua eta amak berari dion ezinikusia. Urteak atzera handik eskapu egitera bultzatu zuen korapiloa desegin nahi du, aitaren mututasuna deszifratu eta harekin komunikatu, hartara isiltasun horren putzu sakonari neurria hartzeko. Barru-barruan sartuta daukan hori, beharbada bizitza osoa markatu diona, ulertu nahi du. Sarkin izateak berak, hau da, etxean arrotz izateak emango dio aukera horretarako: “Kanpotik ikusteak bakarrik ematen baitio zentzua barrukoari”.
Hori da, berez, liburuko gai nagusietako bat; alegia, nola distantziak —urruntzeak— erraztu dezakeen hurbileko zerbaiten ulermena. Lengoaia literarioaren goraipamena ere bada, fikzioaren ezleku hartatik har baitakieke neurria bestela atzeman ezinak liratekeenei, iradoki daitezke eguneroko hizkuntzak artikulatu ezin ditzakeen galderak. Goñitarren triskantza, Don Anjel eta mulata-ren artekoa eta, batez ere, protagonistak horiez jakiteko duen tema zera da, emakumezkoak aitarengana hurbiltzeko duen modua. Familiako kontu esanezinak argitu ezinda, herrikoak ikertzeari emango zaio. Begirada kanpora, barrurako indarrez ari denean. Eta azkenean, onartu beharreko gu suerte bat aurkitu. Hori dena hizkuntza bizi, pipertsu eta malguan emana.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez