kritiken hemeroteka

8.710 kritika

« | »

Mundu guztiak / Ruben Sanchez Bakaikoa / Txalaparta, 2025

Ez sinetsi ipuinen kontuetan! Edo bai! Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2026-05-07

Sarrera gisako bat

Ruben Sánchez Bakaikoaren Mundu guztiak liburua interpretatu nahi dudan honetan, berau aurkezteko modua bilatzen ari naiz. Sarrera bat behar dizu(t). Sarrera asko onartu dezake liburuak. Sarrera gisako batekin konformatuko naiz, edo zara. Idazleak Mental-trip modura definitu dizu berau. Kasu egizu. Ingelesez apur bat jantzia izan behar duzu. Ni berant samar harrapatu ninduen hizkuntz omnipotent horrek. Horixe. Oharpen bat.

Hamabost narrazioek osatzen dute Mental-trip delakoa. Zazpi-ipuin bikotek eta sarrerako batek osatuta dago, beraz. Ipuinak ote? Narrazioak, naski. Sarrerako Green-(Oxe) narrazioak zentzu eta norabide ematen dizkio gogoeta-bidaia honi. Gazte garaiko Ejercicios espirituales esperientzia-saio delako haiek heldu zaizkit gogora.

Idazleak dioenez, liburuaren genesian manuskrito —palinpsestoa, naski— bat dago. Adimen Artifizialaren (AA) bidez eskuratu zuen berau, Green-Oxeko morroi baten bitartez. Idazleak berak errana ere, hor nonbait, manuskritoa portugesez jaso zuen. Testua itzulita dago. Itzultzailea nor den ez dut argi neronek, ez garbi ere. Tira, idazlea bera pentsu dut.

Liburuaren etorkizunera jauzi bat egitea proposatzen dizut. Spoiler gisako txar bat dukezu. Zuk ikusi. Arriskatu nahi baduzu, egin salto Azken hitza deritzan narraziora, baita Arkatza bikote edo testu-ifrentzu osagarria delakora. Bestela ere, ez du muntarik ez axolarik. Hilerri-lilia narrazioan murgildu, baita honen kideko Iceberg delakoa irakurri ere. Maitasunaz ari den pasarte batek hauxe dio: Olá, como vai? Meu amor, irei para casa logo… Mundu guztiak eta Itxaropena izenekoak datoz ondoren. Ez etsi, beraz. Bide onean zoaz. Goaz.

Irakurri batez, narraziook ez dizute itxaropenik emanen. Itxaropena dena dela ere —nire aburua duzu—, lorgarri gisara aurkezten den aldartea duzu. Finean baina —eta funtsean—, itxaropena gure animoen jite zapuzgarria bihurtu daiteke. Beraz, bide onean ari zara. Mental-trip delakoak badu helbide finko bat, baita helburu bat ere. Hamaika helburu ere izan dezake, noski. Irakurle bakoitzak aurkituko du bere bidaiaren helburua. Abiapuntuaren helbidea berriz, hauxe duzu:

7 Saint Mary Street, unit a Green 58103.

Ez dizut erran, baina ageri denez, kale hori Green espazioan dago. Lasai. Ez aztoratu. Lur planetan dago. Ipar mendebaldean. Hor nonbait. Espaziotik begiraturik: puntu urdin margul bat. Zer dago-duzu espazioan zer duzu-dago hemen? Horixe bidaiaren helburuetako bat. Fikzioa eta erreala bereiztea, alegia. Liburuan bereizi dezakezun hura, antzeman dezakegun hori.

Hizkuntza nagusia ingelesa duzu. Errana dizut hastapenean. Bueno, beno, bon, bem, wells… Ingelesa hainbat hizkuntza artean, oraingoz… Dena dela ere, nago (g)izakion muina eta esentzia hizkuntza horretan dautzala daborduko. Horixe nire inpresioa. Oxeraz ere ari dira. Oxera, demagun, euskara gisako bat da. Edo euskara bera. Auskalo. Anabasa suerte bat egin zait hori guztia espazio horretan. Espazioa bera. Liburuaren idazlearen susmoaren arabera, narraziok edo istoriok oxeraz idatziak izan ziren; 2046 urte aldean idatzita. Hor nonbait. Hortik nonbaitetik jaso dut dizut data. Pentsa —AAren beharrik gabe—, liburu-artefaktu hau etorkizunetik heldu zaigu. Alajinkoa!

Mundu guztiak delakoak, etorkizunera hurbiltze batean, munduaren gainbehera eskaintzen dizu digu —eta ekartzen, ezinbestean—. Ez egin kalkulu okerrik, haatik. Pertsonaiak ez dira galtzaileak. Tira, galtzaileak hala nola irabazleak badaude izan betiere. Alabaina, zera edo dena delako hauxe erran nahi dizut: mundua aldatzen da etengabe, baina bertako bizilagunen idiosinkrasiak bererari eusten dio. Hots, gainbehera guztiek badute beren edertasuna. Idazleak hala dio, bederen. Edo itzultzaileak? Dena dela ere, ingelesez diolakoan diot nik ere bai. Edo hala begitandu zait. Euskaraz diot, haatik.

Oharra: denok dugu oftalmologo on baten beharra. Baina, ahalaz, ez on line.

Abisu gisako bat. Hamaika abisu izan zitezkeen. Batto: Green lurraldean, greendarrez beste, txakurrak eta katuak bizi dira —nada nuevo bajo el sol— , baita droneak, mikro-txipak eta adimen artifizialdun humanoideak bizi ere. Gaztelaniazko lerro hori ez dut epatatzeko idatzi, gaztelaniak ere —ia-ia nobelatzat har dezakegun artefaktu honetan— lekua baduela esateko modu bat duzu. Eta frantsesak ere bere tokia dauka, hara. Besteak beste.

Oharra: idazleak berak ere ez dizu digu idatzi pour épater.

Sarrerakoen ostean

Halako sarrera eginda, iruzkin honen irakurle posible apurrak uxatu ditudalakoan nago. Atx! Izan ere, sarrera horien osteko testu hauek dira —irakurtzea— benetan merezi dutenak. Baina, nork bere okerra. Nork bere oxera. Nik nirea. Segi dezagun Mental-trip delakoan, segi ezazu segi dezagun etorkizunetik datozen istorio horiek ezagutzera bidean.

Oharra: hau paradoxa, etorkizunera goazen aldi berean testuak etorkizunetik orainera datoz, heldu dira.

Etorkizunetik heldu zaizkigun pertsonaien artean, egungo pertsonaiak ote dauden nago. Batzuk hilak, bestetzuk bizirik; beste batzuk auskalo. Lalo izan daiteke horietako bat. Bizirik ote? Hilik? Liburuari buruzko nire interpretazioa(k) nola, libre antzean, halaxe liburuaren istorioetako pertsonaiak ere. Nago, ostera ere diot, pertsonaia horietako batzuen pertsonak bizi-bizi ote dauden gaur egun ere.

Liburuaren berezitasuna dukezu, errana jadanik: etorkizunetik datorren —heldu zaigun— oraina.

Vivre pour vivre delako narrazioan, aitaren eta semearen arteko interfazean, ederto batean eszenifikatzen da humanoon —adimen artifizialdun humanoideon— jaidura. Etorkizuna, batetik, presentea da. Etorkizunean, bestetik, eta aldi berean, humano suerte hori izaki eternala bihur daiteke. Edo, batek daki, bihurtu(ko) da duzu dun eta duk jadanik. Genero izendatu beharrik gabeko betiereko (g)izakia dukezu —antzeman izana—.

Zientzia fikzioaz ari naizela? (Nire usteko eta gustuko) nobela izendatu dudan artefaktu honetako pertsonaiak fikziozkoak dituzu. Alabaina, datu objektiboa, orain arte, fikzioa errealitatera —literaturan diot— hurbiltzeko manera objektiboena izan bada —nork bere iritzia—, egungo fikzioa etorkizunean erreala izanen da. Ez hartu hitz joko soil gisara. Ondorioa: literaturak ez du izaterik izanen. Bai ote? Tira, literaturak hartu duen nora ikusirik, ez da iragarpen antzua, ezta?

Aitormen bat egin beharrean nago, bidean-bide: ez dut Avatar filma ikusi. Ez 1., ez 2., ez 3. Ez… Behin ere ez dut ikusi: zero. Avatar delakoren definizioa hauxe omen da: “Jaisten dena”. Jainko baten gizakunde moduko bat izan dezakegu berau. Nondik jaitsi den, zu zeuk imajinatu dezakezu irakurle bidaide hori.

Oharra: Hinduismoaren arabera ari nauzu(e) betiere.

Ez naiz istorio mota horien zalea. Espiritualtasunarekin lehian nabil iragan luzetik. Espiritu berba beharrean gogoa hitza “lehenetsi” behar izan dut. Halabeharrez edo ezinbestez. Ez naiz Mundu guztiak delako hau edota antzeko literatura suerte horren zalea, hots. Alta bada, honatx bigarren aitormena: oraingoan etsi dut. Amiñi bat bederen. Baliteke Sánchez Bakaikoaren emanak iragana eta oraina eta geroa nire baitan batera-arazi izana.

Beste gisa batez erranik: Silicon Valleytik datozen kontuei —ipuinak edo?— edota Elon Musk bezalako pertsona/pertsonaiei bizkarra emanda bizi naiz. Ordea, nobela honen irakurketak burua birarazi dit, bihurriarazi dit —amiñi edota apur bat bedaio—. Baita bestelako norabide batean ipini ere. Ez da txantxa Euskadiko martxa! —eslogan-lema moduko bat duzu, besterik ez—. Ez da txantxa Mental-trip honena ere. Lasai horregatik. Ez gara horrenbeste aldatu(ko) humanoideak, gaztigatu dizut jadaneko. Bero lamada edota Sei eta erditan esnatu narrazioak idatzi eta irakurri arren, Zonta bezalako pertsonak izanen dira geroan ere bai. Antza. Fuck! Fuck you!

Fuck maitasuna delakoan ageri denez, segituko dugu etxe berean bikotekide ohiekin bizitzen, baita haien bikotekide ohiekin ere. Eta besterik irudi badu ere, ez da gure errua izanen, errua maitasunarena da; izan da, izan zen. Lalo pertsona edota Lalo pertsonaia gogoan betiere, 148. orrialdean eskainitako poema aintzat hartu dugu. Bihotzak urratu dizkigu arras. Arras eta hagitz!

Anartean, literaturaren emariak palinpsestoak izanen dira. Barka pedanteria! AAren akolitoak bihurtuko omen gara. Daborduko, akolitoak barik morroiak ere bagara to. Bagaituk eta bagaitun! To eta no! Bidaia edo dena delako Mental-trip honen sindromea dukezu. Ez izutu horregatik. Nobela hau ez da zientzia fikziozkoa. Nobelaren generoaz ari natzaizue. Ez fikzio-soila, behintzat.

Our way narrazioak bide onean gaudela ohartarazi digu, Phoenik eta Holesen arteko jardunaren bidez. Fucking hell!. “Pentsatzen dugu beraz bagara?”. Ez ez ez. “Sentitzen dugu, beraz bagara”. Etorkizun eztitsu baten xerka ari dituzu eta zaizkigu planetako eliteak. Algoritmoen bidez arrazoinatuko dugu. Txakurrekin eta katuekin egun ditugun harremanak are intimoagoak izanen dira. Izanen ditugu, nolabit. Portzierto, orain arte ez badut aipatu, liburua argazkiez bestera, emotikonoz ilustratuta dago. By the way,* diot.

Konexiorik ez interfazean. Lasai irakurle, ez zara deskonektatu. Zazpi istoriotako bosgarrena duzu. Drissi protagonista izaki. John delako bati idazten dio. Fucking zahartzat jotzen du bere burua Drissik. Kaka zaharra, beraz. Kasu, narrazioa ez da kaka. Narrazioa aparta duzu. Endredatu egin zaitzake, noski. Edo endredatu zaitezke. Aita eta semea direla eta, diot: Rob eta John. Maitasun istorio bat finean. Beste bat. Etorkizunean maitasunaren lama ez da itzalia izanen. Ez kexa! Oftalmologoan kontsultarako hitzorduak hartuko ditugu. Of eta Off bereizten ikasi behar. Presbizia lanketa bat. Besterik ez. Bai horixe.

Azken hitza delakora iritsi gara. Jauzika. Aitzinera-gibelera. Atzekoz aurrera. Idazlea, hots, Ruben Sánchez Bakaikoa —anabasa ez eragiteko haren izen-abizenak propioz eman dizkizut ostera ere— narrazioen hartzaileari zuzentzen zaio ipuin (sic) honetan. Bere buruaren —idazlearen— anakronismoak eta simetriako mania konpultsiboen berri ematen dizkigu. Bakoitiak eta bikoitiak direla eta ez direla. Haiekiko bere fobien berri.

Azken hitzak, azkenak edo

Mundu guztiak delako honetan munduko literaturen berri antzemanen duzu. Dela forma edo estetikan dela mamian. Obabako xendretan ibiliko zara —iraganeko Euskal Herriko bertze bazterretan barne; bertze idazle batzuren arrastoan ibili ere bai—. Oxeraz nola euskaraz espresatuko zara, beraz. Espresatu zaitezke. Itakara bidean ibiliko zara bidean bide. Ulises tarte dela, beraz. Idazleak baina jolasa maite du, eta Akatira bidean eramanen zaitu. Edo saiatuko da duzu duk dun, bederen.

Liburuaren itzultzaile-idazle honek Cervantes gustukoa dauka, ageri denez. Bai istorioak bideratzeko moldearengatik —Kixote-ren lehen bederatzi kapituluak arabieratik itzulita bide direlako, diot—, baita bizitzaz desengainatzeko haren pentsamoldea maite ere. Maite edo estimatu, sikiera. Antza. Antza edo. Bikoitiak eta bakoitiak direla eta, ez du hamalau baten gisara agertu nahi izan.

Ez Homero bezala ez Cervantes bezala. Ez du euskal idazle hamalau baten gisara agertu nahi ere. Itxuraz edota antza denez. Horregatik idatzi bide du Green-(Oxe) sarrerakoa. Hartara, narrazio kopurua hamabost dira. Izanen baitira orotara. Bai zera! Nolako oxera hamaika zera. Hamalau izaera ez da aise kentzea. Kentzea edo kentzen? Kintzea, hara!

Pentsa, hamabost narrazio ekarri dizkigu eleberrigileak, kintze alegia. Halarik ere, hondarrean —palindromoak gustukoak ditu—, azkeneko testu-lauki polit bat eskaini digu. Ez du simetria maite. Haatik edo hara! Simetria maite duela esango balu, ordena, formaltasuna edo segurtasuna maitatzen dituela esatea litzateke bere ustez. Gezurra, beraz. Simetria “maite” dutenak simetria-maniakoak omen ei dira gara. Egin duenak zentzurik ote duen, diosku. Eta horregatik barkamena eskatu ere.

Oharra: dagoeneko ni neroni —interpretatzaile morroi hau— isilik hobe.

Gu, literatura zaleok, simetria-maniakoak gara, antza, (g)izaki anakronikoak. Dagoeneko liburu bat irakurtzea jarduera anakronikoa duzu eta. Hots, literatura irakurtzea kontu anakronikoa duzu dugu, hara. En fin!

Azken hitza delakoak Arkatza du bikote. Bikotea edota ifrentzua. Hara, musuak edota pottak non eta zeini eta zeri eman, eta arkatz bati? Eta zendako ez? Generoak genero direla ere. Generoak edozein direla ere. Tira, narratzailearen edota narrazioaren kontuak dituzu. Ez duzu ipuinik, inolaz ere. Edo bai.

Hondarrean eta amaieran gaude. Mental-trip honek jota nauzu(e) honezkero. Bukatu ezinean. En fin! Hitz batez edo pare batez jardun beharrean, beraz: etorkizuneko mundu guztiek merezi dutela pentsa dezagun, baita Mundu guztiak delako honetan sartzen diren mundu guztiak ere. Narrazioak barne, prefosta.

Va çi, va çi! Ez itxaron etorkizunaren etortzeari. Zoaz, zoaz! Ez goitatu geroa, alajaina. Get over here. Geroa hemen duzu. Geroa presentea da.

Post Scriptum laburra. Laburra edo

1. Ipuinen kontu horietan ez dut sinesten. Edo bai. Hara, honatx nire gomendioa: ez sinetsi ipuinen kontuetan. Edo ipuin-kontuetan idatzi behar al dut? Halaxe idaztea hobe, naski. Baliteke. Alabaina, oxeraz edota euskaraz idaztea hobe betiere.

2. Liburu hau Ignacio Aldecoa euskarazko literatura sorkuntzarako bekaren laguntzarekin sortu da. Baiki, jakina dugu hori ere.

“Bertzeak bertze”, gehitu dut nik.

Azken kritikak

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Erbeste
Juan Garzia

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak