« Pentsamendu jauzilaria | Nola aldatu garen »
Haize begitik / Mikel Ibarguren / Susa, 2025
Talaiak eta egiak Maddi Galdos Areta / Argia, 2026-04-19
Mendebalak bultzatuta hostoak atarietara nola, hala heldu zitzaigun Mikel Ibargurenen (Zestoa, Gipuzkoa, 1967) azken lana esku artera larrazkenean. Bere ibilbideko seigarren poema-bilduma da Haize begitik eta azalean ageri den Lapurdiko kostaldeko itsasargiak bezalaxe, bere talaia eskaintzen digu poetak, bertatik begira dezagun, irakurleoi.
Itsasoak eta zeruak urdindutako paisaian kokatutako begiratokia da orriotakoa, Biriatu, Ziburu, Zokoa, eta Baionako rue, kale, auzo eta quartier askotarikoetan tokitutakoa eta Aturri, Errobi eta muga den Bidasoa ibaiek zeharkatutakoa. Nire talaiatik poemak adierazten du, liburuaren hasieratik bertatik, nondik idazten duen poetak: “Hemen naizelarik / hangoa naiz, / han nagoelarik / hemengoa“. Leku eta denboretan zatikatutako ni poetikoa kausi genezake bilduma honetan, bere buruarekiko arroztu ere egiten dena; kanpoan diren ekaitzei eta barrenak hartzen dituzten egonezinei erreparatzen diena aldi berean.
Astegunek izendatutako lau ataletan antolatuta datoz 50 olerkiak: Ilen, Ebiakoitz, Eguen eta Igande. Egunerokoak, bada, garrantzi nabarmena du bilduman, kutsu narratibo zein deskriptiboa duten olerkiek iratzartzeak, lanegunak, opor egun udatiarrak, albiste garrantzitsurik gabekoak zein irudimenezko egunak baitakarzkigute: “Bizitza berez dator / xalo eta arin / ez inork, ez ezerk / ez du behartzen izatera“. Xalotasun horren oihartzuna harrapatu nahi izan du zestoarrak orriotan, bere esangura eta hauskortasuna azpimarratuta, adibidez, telefono dei batek eragin dezakeen lurrikara zein ohiko elkarrizketa batek lekarkeena hizpide izaki.
Bestalde, azpimarratzekoa da migrazioa, lanarekiko mendekotasuna eta nagusien doilorkeria, erretreta, turistifikazioa, etxebizitzaren arazoa eta bestelako gai politiko-sozialek bilduman duten lekua. Erkaketa poetikoekin egindako iradokizun batzuk eztabaidagarriak diren arren, oro har, agerikoa da letron engaiamendu nahia.
Nolabait esatearren, sinboloek ohi dakarten eite hanpatutik edo abstrakziotik aldendu, eta bizitza bera idatzita, poesia ukigarriagoan kokatu du poetak bere haize begia.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi