kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Zerua hemen / Oihana Arana / Susa, 2026

Zerua lurretik Asier Urkiza / Berria, 2026-05-03

Zerua hemen da Oihana Aranaren bigarren poema liburua. 2021eko Lazunak azkazaletan estreinakoa bezalaxe, Susa argitaletxean eman du idazle eskoriatzarrak. Euskal literaturako Z belaunaldiko ezpal gazteenaren —2000tik aurrera jaioak—- partaide da Arana. Poesiari bereziki emaniko taldea berau, argitaraturiko lanei erreparatzen badiegu —Leire Vargas, Libe Goitia, Sara Uribe-Etxebarria eta abar—.

Doluaren inguruan egituratzen da liburua. Doluaren halako zeharkaldi gisa ere irudikatu daiteke, infernutik zerurakoa. Zorionaren eta zeruaren arteko dikotomia marrazten da lehenengo poeman; lehenengoaren ezinezkotasuna seinalatzen du poetak, bigarrenaren izate ukaezina. Zeruak eskainiriko bermean laketuko da, izan ere, liburuaren amaieran, doluaren zauria itxitzat edo emanez, orbaina ezabatzeke. Dena den, ez du autoreak aipatu prozesua era agerikoegian adierazten, egituraren bitartez, esaterako. Esan nahi baita, doluaren etapak ez ditu xehe-xehe zehazten, azpiatalak eginez, adibidez. Prozesuak ez du eite mekanikorik, beraz. Aitzitik, arian-arian, modu aski organikoan itxuraldatzen doa Aranak berak hau deritzon hori. Poemetan hainbesteko presentzia duten landare, zuhaitz, hosto eta aldaxken antzera, erritmo naturalean —lurtarrean, zilegi bekit—.

Eguneroko xumean sublimatzen ditu Aranak ondoez handiak. Mikroan hartzen du atsegin hitz larrietan bainoago. Inguru hurbilak bistara eskaintzen dizkion irudietan. Horiek ematen diote barrura begiratzeko parada eta horien bitartez hartzen die neurria bestela eskuan artean desegingo litzaizkiokeen gai putzu sakonei: heriotza, mina, denboraren igarotzea. Poemetako egunerokoaren estetizazioak ukendu goxoaren funtzio lasaigarria ere izango luke. Laburrak dira poema gehienak, arinak. Egunen gurpilaren ukitua igar dakieke beraien une bateko geldotasunezko itxuran. Era berean, denak ala denak dira ni-tik idatziak, ia gehienetan jokatzen dira lehenengo pertsonako aditzak. Gorputzezko ni bat, zentzumenen bitartez duena bere inguru hurbilaren berri. Han eta hemen egon behar du ni horrek; ikusten, ukitzen, usaintzen dituenek zabaltzen diote hustasun handietarako bidea.

Zerua hemen izenburuari jarraituz zera ematen du aditzera liburuak; alde batetik, hizkuntza unibertsal bat egituratu dezakegula bakarrik inguruari begiratuta, hau da, hurbileko ekosisteman trinkotu daitezkeela existentziaren galderak eta hori deskodetzea dela kontua; bestetik, min adina ukendu aurki daitekeela jende arrunton bizitzetan. Unibertsalaren aktibatze horretan fin ibili da egilea tarteka, oihartzun handia utziz poema batzuetan. Herrenago, ordea, beste zenbait poematako irudi usatuegi eta zapalagoetan, estetizazio nahi delako hori esplizituegia denean, alegia. Begirada altxatu eta zerura begiratu du Oihana Aranak Zerua hemen liburu berrian. Lurretik begiratu ere, ondoren zirrara berberaz so egiteko inguruari.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak