kritiken hemeroteka

8.736 kritika

« | »

Clevesko Printzesa / Madame de La Fayette (Mikel Hoyos Sein) / Ibaizabal, 1998

Lehenik aitortza, gero errefusa Aritz Galarraga / Berria, 2026-04-12

Antza, arrandia eta galaitasuna sekula ez dira Frantzian horrenbesteko distiraz agertu nola Henry bigarrenaren erregealdiko azken urteetan: Diane Poitiersekoa, Marie Stuart Eskoziakoa, gertuago Marguerite andrea, Alençongo dukesa, gerora Nafarroako erregina izan zena; gehi Guiseko zalduna, Saint-Andreko mariskala, Montmorencyko kondestablea, eta abar. “Inoiz ez da gorterik izan horrenbeste emakume eder eta miresgarriki egindako gizon izan duenik”. Bertsoa, komedia eta musika, poesia eta letren aldeko isuria, gorputz ariketak; plazer guztiak, alegia. Estanpak dirudi paradisutarra. Berehala katramilatu dira gauzak, ordea.

Batetik dugu Clevesko printzea zeritzona, aitaren izena eta omena bere gain eramateko bezain duin. Bestetik, Chartresko andereñoa, etorkizuneko Clevesko printzesa izango dena, amak gortean sarrarazia: “Edertasun bat agertu zen orduan”. Clevesko printzea zeharo maiteminduko da, noski, Chartresko andereñoaz. Baina, aldiz, honek ez du amodiozko isuri berezkorik sentituko haren alde. Eta ezkonduko dira, hala ere. Halako batean Nemoursko jauna agertzen den arte: “Printze hura hain ongi zegoen egina” (oroi: “Inoiz ez da gorterik izan horrenbeste…”). Orduantxe ikusiko du protagonistak Nemoursko jaunarengana dauzkan sentimenduak eta Clevesko jaunak hainbestetan eskatu dizkionak berberak direla. Akabo paradisua.

Bi une goren biziko ditu hiru pertsonaia horien arteko harreman kulunkariak: lehenik aitortza, gero errefusa. Emazteak beste bat maite duela aitortuko dio senarrari: “Inork bere senarrari sekula egin ez dion aitortza egingo dizut”. Eta senarra harrigarriki ulerkor agertuko zaio, izaki zibilizatu bati dagokion gisara: “Jakin berri zuenak ez zion harenganako estimua ezabatzen, baina ordura arte izan zuenaz oso bestelako bat sortu zion”. Aitzitik, kontua nahaspilatu ahala, ezin izango du ekidin sentimenduak kontrajartzea, are jelosia: “Miresten zaitut eta gorroto dizut, iraintzen zaitut eta barkamena dizut eskatzen, gurtzen zaitut eta ahalke naiz gurtzen zaitudalako”. Heriotzara eramango du horrek guztiak.

Bigarren une gorena, esan dugu, genuke errefusa, emazteak amoranteari behin eta berriro egiten diona, nahiz hura itsuki maite, nahiz hark ere itsuki maite bera. Baina, batetik, emazte batek eduki behar duen jarrera dauka: “Bertuterik zurrunenak ere ezin lezake nik izan dudanaz beste jokaerarik iradoki”; eta, bestetik, gizonezko baten maitasunaren gaineko zalantza: “Baina gordetzen al dute gizonek amodiozko surik konpromiso betierekoetan?”. Bi horiek eragiten diote etengabe, bai eta definitiboki ere, senarra hiltzen denean, hartarako oztoporik ustez ez dagoenean, maitatutako gizona ukatzea, eta maitasuna bera. Bukatzen du Pirinioetan, eta komentu zurrunenetakoa baino are bakardade eta biziera sainduagoa eramanez.

Liburuko bi gertaerarik garrantzitsuenak, beraz, eta zalantzarik gabe gatazkatsuenak dira aitortza-errefusa horiek (eta bietan polemikoena, lehena). Lehenak dakar, historikoki, irakurlearen harridura, eta definitu du pertsonaia nagusiaren jokabidea: ohiz kanpoko, onargaitz, eskandalagarria. Baina, era berean, desioari emandako erantzunak iduri du eredugarria: ezkontzaren eta maitasun-pasioaren arteko gatazkan, aurrena ateratzen baita garaile. Jakingo balu bezala maitasunak, zorion une iragankor batzuk eskain ditzakeen arren, sufrimendura eta porrotera garamatzala. Eta, kontrara, bihotzaren lasaitasuna dela kezken gabezia, hausnar osoki epikuroarra. Maitasuna soilik posible balitz bezala maitasunari uko eginda. Ondorioz, liburuaren interpretazio diferenteak egin izan dira, basikoki bi: bertutearen eta eskuzabaltasunaren erakusketa heroikoa dugu, edo ahultasunaren eta egoismoaren adibide umiliagarria? Maitasun, bertute, heroismoa ikusi uste izan dute batzuek. Porrot, egoismo, malenkonia bestetzuek.

Anbibalentea dela ezin uka, protagonistaren jokabidea. Baina baita kontakizunaren forma eta egitura ere. Pertsonaien barnekotasunaren azterketa xehea denez, hartu izan da nobela psikologikoaren aitzindaritzat. Gerora nobela historiko izendatu zenetik ere badu, pertsonaia errealak —Clevesko printzesa salbu, gainerako ia guztiak—, gorte-bizimoduaren deskribapena —Valois-Angulematarrena—, gertaera historikoen aipamena —XVI. mendea zeharkatu zuten erlijio gerrak—. Objektibotasun borondatea, narrazio neurritsua, prosa samurra, bizitza artearen aurretik jartzeko grina; emaitza inondik ere berritzailea, gerora etorriko ziren eleberrien lerroan kokatzen duena. Eta gaur egunean ez daukagu arazorik nobela deitzeko, baina La Fayettek berak nahiago izan zuen historia, edo memoriak, orduko fikzio narratibotik bereizteko edo. Dena delakoarekin, eta Neus Rotger irakaslearen arabera, lehen eleberri modernoetarik bat genuke, Kixote, Robinsonekin batera, forma literario berri baten abiatzailea, XVII. mende frantseseko obrarik enigmatikoena, Clevesko Printzesa.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Mikel Asurmendi

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Maialen Sobrino Lopez

Zerua hemen
Oihana Arana

Asier Urkiza

Café Mokka
Jabier Muguruza

Nagore Fernandez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Iraitz Urkulo

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak