« Bizian preziatua | Pentsamendu jauzilaria »
Moebiusen ertzak / Garazi Kamio / Elkar, 2025
Angel(a) Nagore Fernandez / Berria, 2026-04-19
Hasieratik eman zidan atentzioa Garazi Kamioren nobela berriaren izenburuak: Moebiusen ertzak. Matematikan erabili zen lehen aldiz Moebiusen bandaren irudikapena, bi aurpegi eta bi ertz dituen azalera bat lortu beharrean azaleraren mutur bat bihurrituta eta ertz guztiak berriz batuta aurpegi eta ertz bakarreko figura bat lor dezakegula azaltzeko. Gerora, baina, beste hainbat esparrutan ere erabili izan da metafora bezala adierazteko norberaren ekintzek norberaren inkontzientearen berri ere ematen dutela, eta alderantziz, kontzientea dena inkontzientea ere badela. Eta Kamioren nobelak, hain zuzen ere, metafora horrekin egiten du jolas: “Belus urdinezko xingola bat atera dio, infinitu forma duen Moebiusen banda. Azken aste hauetan Angelek eskuetan izaten du, batera eta bestera bueltaka. Zintak duen leuntasunak bare mantentzen du Angel, eta orduak pasa ditzake zintari bueltaka, ertzik gabeko jostailuari alde guztietatik begira”. Izan ere, Angel protagonistak, jaiotzez Angelak, ez du bere burua emakumetzat ezagutuko, eta hori izango da bere bizitza osoa markatuko duen jazarpena. Bilbora bizitzera joateak arnasgune bat eskainiko dio Angel bezala bizitzeko, nahiz eta horrek bere jaioterritik eta familiatik aldenduko duen. Zoriontasuna ere, hortaz, gazi-gozoa zaio protagonistari, anbibalentea, eskuetan bueltaka darabilen xingola bezalaxe, noiz aurrekoa noiz atzekoa, noiz antzeztua noiz benetakoa.
Asko gustatu zait Kamiok narratiboki nola materializatu duen dualitate eta intermitentzia hori, egiazki nor izan eta, gizartearen aurrean, nola aurkeztu zehazten duen antitesi hori, ahots bikoiztasuna ahots bikoiztasunez ebatzi baitu: hala, lehen pertsonako narratzailea baliatu du protagonistaren benetako ni-ak hitz egin duenean; distantziatik begiratu dio bere buruari, ostera, mozorro bat izango balitz bezala, gizartearen aurrean bestela performatu denean. Horretarako hirugarren pertsonako narratzailea baliatu du. Joko horretan hartzen du indarra nobelak, pertsonaiaren soslaia narratiboki osatzeaz gain mezuari beste ertz bat gehiago eransten baitio, Moebiusen xingolari beste bihurgune bat gehitzen.
Narratzailearen ahotsak nobelari argia ematen badio ere, haren ifrentzuan, iruditu zait beste pertsonaien elkarrizketekin ez duela guztiz asmatu autoreak. Zenbait pertsonaia arketipikoak eta, orokorrean, protagonista albo batean utzita, ertzik gabekoak, garapen askorik gabekoak iruditu zaizkit, Miguel anaia, esaterako. Elkarrizketak izan dira garapen murritz horren proiekzioa; irakurleak elkarrizketen bitartez ezagutzen omen ditu ondoen pertsonaiak, baina, kasu honetan, ez dute pertsonaien soslaia guztiz osatu, eta hainbatetan, gainera, behartuak begitandu zaizkit, batik bat Angel zaharren egoitzara sartu eta bertako langileen ahotan testuratutakoak.
Ezin ukatu, baina, Garazi Kamioren Moebiusen ertzak nobelak Angelena bezalako ahotsei eta istorioei ikusgaitasuna ematen diela; halako testigantzak ere beharrezkoak zaizkigu ahots narratiboa, Moebiusen xingola balitz bezala, 180 gradu bihurritu eta ertzez eta aniztasunez osatzeko.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi