kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Café Mokka / Jabier Muguruza / Alberdania, 2026

Hitzari gorazarre Iraitz Urkulo / Berria, 2026-05-02

Ramon Saizarbitoriak hitzaurrean dioen bezala, Jabier Muguruza (Irun, 1960) idazle efizientea da. Izan ere, bere nobela berria, Café Mokka (Alberdania, 2026), (ia) espazio bakarrean garatzen da: Irunen kokatutako izen bereko kafetegian. Betidanik auzotarren topaleku izan arren gure herrietan gero eta urriagoak diren taberna klasiko horietako batean, alegia. Kafetegia gizartearen behatoki bihurtzen da, eta Alberto protagonista, narratzailea ere badena, ikusle eta, batez ere, entzule pribilegiatu.

Kamareroa da Alberto, eta ez edonolakoa; ardura, dotorezia, psikologia, zuhurtasuna, sentsibilitatea eta beste hamaika dohain baititu. Bezeroen elkarrizketek konektatzen dute mundura. Gizon lasaia eta jantzia da, eta egungo gizartearen joera, kontraesan eta tentsioei buruzko gogoetalari fina. Topikosferatik erabat aldenduta, pentsamendu (auto)inposatuak bazter utzita, munduaren gaineko ñabarduraz beteriko begirada ironikoa da berea. Bere iritziak, bizitza bera bezala, kolore askotakoak dira. Café Mokka-n, Lorena Martinezen ilustrazio soil-iradokitzaileak baino ez dira zuri-beltzak.

Eleberri filosofikoa dela esan genezake, hain du presentzia handia hausnarketa kritikoak kontakizunean. Nobela laburra ere izango da zenbaiten ustez; nik neurrikoa dela esango nuke, ordea. Horretan ere, efizientea Muguruza. Café Mokka obra zintzoa da edukian, eta dotorea estiloan. Baita irakurlearekiko adeitsua ere, oso modu orekatuan eskaintzen baitizkio elkarrizketa umoretsuak, deskribapen zehatz-ederrak, gogoeta filosofikoak eta giza harremanen azalekotasunari buruzko kritika zorrotza.

Kafetegiko bezero-jarioa, haiekin trukatutako hitzek eta haiei aditutakoak abiapuntu mamitsua dira Albertorentzat gai mordoari buruz bere iritzia emateko eta, hala, gaurko gizarte anitzaren erretratua (eta kritika) egiteko. Dena bizitzeko antsietatea, bakardadea, gizakien arteko gero eta inkomunikazio handiagoa, diskriminazio positiboa, gizartearen infantilizazioa, sexuen arteko borroka, trans afera, queer mugimendua, woke diskurtsoa, genero-indarkeria, familiaren gainbehera, haurrak hezteko mugarik eza… Zuzentasun politiko gutxi, “esan ezin diren” ugari. Ez nuke esango idazleak ausart jokatu duenik; bai, ordea, naturaltasunez, zeharo aske.

Liburuaren atzeko azalean ezin hobeto adierazten den moduan, Café Mokkak freskotasun narratiboa eta sakontasun intelektuala uztartzen ditu. Eta, tarteka, irakurleak kultura-erreferentzia asko topatuko ditu haren orrietan; literarioak eta, batez ere, musikalak. Jazz doinuek busti dute istorioa. Horra hor obra honen soinu-banda klasiko bezain sofistikatua, eta irakurle melomanoenen gozamenerako elementu bat gehiago. Jabier Muguruzaren lehen eleberria izanagatik, zalantzarik ez dago ofizio handiko idazle baten lana dugula Café Mokka.

Muguruzak berak liburuaren aurkezpenean adierazi zuen bezala, “hitzaren erreibindikazioa dago liburu osoan zehar; elkarrizketa sakonarena, baita hitz eta pitz aritzekoarena ere”. Bere protagonistak erakusten digunez, entzute aktiboa praktikan jarriz gero, besteengandik asko ikas daiteke. Horregatik, hain zuzen, Café Mokka irakurtzea gomendatzen dizuet oraindik pertsonen arteko komunikazioan sinesten duzuenoi, eta etxe azpiko tabernan auzokideekin iritzi-truke biziak eta solas gutxi-asko transzendentalak izatea bihotz-betegarri zaizuen guztioi.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak