« Noiz izorratu zen kontua? | Hitzari gorazarre »
Muxuak / Ainara Maia / Zortziko, 2018
Muxuak Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2026-05
Ba ote bizitza osoan emandako muxuak zenbatu dituenik? Bakoitzak eman eta jaso dituen muxu kopuruaren azterketa egingo bagenu, agian, muxu horien iturburuaren sentipenez ohartuko ginateke, zenbatekoaz haratago. Muxuen zerrendatzean, halaber, eman nahi, baina eman gabe gelditu ziren haiek ere kontuan izan beharko genituzke, muxuaren beraren asmo hutsak maitasunaren nahitasuna baitu jatorri. Hutsunearen sakontasunaren berri ematen digu, ostera, jaso nahi, baina jasotzeke gelditu garen muxuen oroitzapenak.
Oharkabean, lamelofono bilakatzen gara amodioaren jainkoak bihotza ziztatzen digunean. Musika-tresnaren antzera, gure bularra dardarka hasten da, eta soinuak muxu itxura hartzen du gure ezpainetara heltzen denean. Orduan, antzinako musugitarraren nota harmonikoek ahotik ateratzeko nahikoa indar biltzen duten bitartean, pentsamenduaren eta sentimenduaren arteko arrakala agerian delditzen da, burua eta bihotza bereizten diren bi bide direla irakatsi asmoz, “muxu-kitarraz / pentsatzeari uzteko eta sentitzeko, / sentituz batera, ekiteko. / bihotzaren arabera”.
Ezpainekin ez ezik, ordea, begiradarekin ere muxukatu dezakegu. “Eta orduan, / begiradak gezi-muxuak jaurtitzen ditu; / betileetatik pinpilinpauxa-muxuak ateratzen dira munduan hegan”. Hizkuntzak hiltzen direnean, kasu, edo hitzak agortzen zaizkigunean. Lengoaia min ematen hasten denean, begiradak ekiten dio muxukatzeari. Dagoeneko hilik dagoen latin zaharrean, halaxe erregutu zion Katulo poetak bere maitale Lesbiari: “Eman iezazkidazu mila musu, gero ehun, gero beste mila, gero beste ehun, gero beste milara arte, gero ehun”. Maitaleek muxuz josi nahi dituzte euren gorputzak, eta haurrak ere eskaera berbera egingo lioke amari hitz egiten ikasi aurretik.
Antzinako greziarrek, berriz, hainbat aditz zituzten musukatzea adierazteko. Biziki musukatzeko, adibidez, καταφιλέω (kataphileó) erabiltzen zuten, Plutarkok Alexandro Handiak bere maitalea musukatzeko erabili zuena, hain justu ere. Aldiz, ασπάζομαι (aspázomai) erabiltzen dute adeitasunez musukatzea adierazi nahi dutenean. Bestalde, φιλεῖν (philein) esango lukete amodioz musukatzea esan nahi zutenean. Badira, ostera, saldukeriaz emandako muxuak ere, Judasenak, traizioaren arrasto ustela ezkutatzen dutenak. Zauritzen duten muxuekin ere argi ibiltzea komeni da, baita itsutzen gaituzten haiekin ere, Ediporen patua geure egin ez dezagun.
Baina, ba ote muxurik bizitzaz bestalde? Erantzuna hartzailearen araberakoa da, zalantzarik gabe. Bizitzaren bestalderik dagoen ala ez sinesten duenaren arabera, hain zuzen. Bizirik geratzen denak, aitzitik, iraganeko muxuen epeltasuna ekarriko du gogora bihotza hotzegi sumatzen duenean. Bizirik gaudelarik, berriz, hemen eta orain, patua isilik onartu besterik ez dugu, etorri bezala, ez idor, malkoen hezetasunez gaziturik baizik. “GAUR ETA HEMEN / bizitzearen grina / biharamuna amestuz / jakinik ez dela biharamunik existitzen. / Baina aurrera noa!”. Bi maitale elkartu ahal izateko, biak ala biak denbora eta toki berean egotea ia ezinbestekotzat jotzen da, eguzkia eta ilargia nekez elkartuko baitira, elkarren grina iraungiezina izaganatik, edo atzo eta bihar gaurko oroitzapenean soilik bilduko baitira.
Muxuen kolorea izendatzekotan, gorria aipatuko genuke, amodioaren grinaren kolore bera. “Zure besoetan hartzen nauzularik, / eta ahapeka hitz egiten didazularik, / GORRI GORRI jartzen zaizkit masailak / eta la vie en rouge ikusten dut”. Bihotza ase izateko, poetak bestearen amodioaren beharra sentitzen du, bi zoro, bi bihotz. Oso garbi dauka, ordea, bera ez dela inoren erdia, enara dela, eta ez tximeleta. Maitatzeak maitatuaren askatasuna onartzea esan nahi baitu. Maitasuna itxaronaldia da, eta itxaropena aldi berean, zeru goibeleko ostartea. Maitatzeak gu geu izaten uztea esan nahi du. Eta muxuek ahazten ere laguntzen dute, mina aringarriagoa bihurtzen. Maitasuna jolas bat besterik ez baita bizitzaren gudu-zelaian. “Baina ez naiz maiteminduko, / ongi armatutako emakume bat naiz, / eta prest nago borrokarako / amodioa jolas bat delako”. Bizitzako plazeren artean bilduko genituzke lehenengo muxuak, lotsaren zertzeladaz, batzuetan; harrotasunaren kemenaz, bestetan. Elkarrekin une magikoak bizitzeko grinak pizten du sarriki muxuaren sua.
Ezin jakin dezakegu noiz emango dugun azken muxua, ezta nork ere, edo nori, ikusten ez dugun ilargiaren beste aurpegian zer dagoen ez dakigun era berean, bihotz bat nola egiten den ere ez dakigun gisa berean. Jakitun gara, ostera, muxuak non eman ditugun eta non eman dizkiguten. Ezagutzen ditugu, halaber, zakurraren sekretua eta xori erresinolaren kanta eztia, azken hark baitu abesten besteek baino hobeki, eta ikusi ez arren, aski dugu bere botza entzutearekin hor dagoela jakiteko.
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Epilogorik gabe
Elena Sanchez
Maite Lopez Las Heras
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo