kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Esaterik ez dagoenaz / Fito Rodriguez / Komiki Films, 2026

Egiantzaren garaian, esaterik ez dagoenaz Iñaki Lopez de Luzuriaga / Independentea, 2026-05-10

Fito Rodriguez jo eta su oparo dabil ingudean letrak mailukatzen, hitz begiak elkarrekin kateatzen, eta Egiako ideiolatik gezi literario berriak itxuratzen. Hainbat artikulu eta lantto utzi dizkigu azken urteotan, lantto neurriagatik; jori, ordea, mamian. Azkenaurrekoa izan dugu Esaterik ez dagoenaz. Egiantzaren ostantza liburuxka (Komiki Films, 2026), 2022. urteko Ostantzaren senide hurbila, oso. Izenburuak eta Michel Foucaulten azaleko irudiak zukuz betetako edukia ematen du aditzera.

Boteprontoan, Wittgenstein etortzen zaizu gogora, “hitz egin ezin daitekeenari buruz, hobe isilik egon” sententzia misteriotsu bezain kategorikoa, forma logikoari buruzko adierazpena. Irakurlea, ordea, ez da mataza logiko-filosofiko batean korapilatuko elkarrizketa bidezko fikziozko kontakizun honetan. Tira, hasierako kontakizunean, bederen. Axularrek esango zuen bezala: bi partetan partitua eta berezia.

Idazlanaren lehendabiziko partean, idazkera soila nagusi, elkarrizketak, eta egoera guztiz “analogikoak”, hezur-haragizkoak, digitalaren ia presentziarik gabe, ez bada bi eredu desberdini erreferentzia egiteko, bigarrenaren arbuioz, hala aitonak nola bilobak.

Bi gai potolo txirikordan: Euskal Herriko errepresio politikoa eta pandemia. Teles euskal errefuxiatua herrira, Zumaira itzuli da, aldatua baina ez bentzutua. Bere egiaren jabe, malenkoniaren isuriz bustia. Belaunaldi zahar bat, tarteko belaunaldi hautsi bat, eta belaunaldi gaztea, hiru belaunaldi amaraunean, eta ziklo itxia: aldaketa guztien gainetik, jarraipena, gizartea eta mundua aldatzeko grina. Tartean, segurtasun osorik gabeko erabakiak, jakintza intuitibo bat, ez kategorikoa, ataka estu batean sortua. Susmoa ere bai: Teles protagonista deserrira bultzatu omen zuen salatariari buruzkoa. Hainbeste urte eta gero, ordea, susmo okerra. Esaterik ez dagoena, segurtasunez jakin ez daitekeena, eta giza harremanen garaipena. Let’s move on. Existentzialismoaren aztarna 90 orrialdeko kontakizun honetan.

Kontakizunaren lorratzean, bigarren partea: atzehitza. Fitok Independentearen artikuluetan 2020tik esandakoa ekarri du. Idazki horietan, hizpidea jartzen dute jakintzaren eta zientziaren teoriak, epistemologiak, garai bakoitzari lotutako ezagutzak. Fitok ihes egiten du absolututik, interpretazioa balioztatzen. Wittgensteinen Tractatusaren aztarnari lotuz, edo: gauzek sintaxian edo proposamen logikoan soilik hartzen dute esanahia, testuinguru jakin batean. Autoreak are maiteago bide du Jean Piaget: jakintza prozesua da, progresibitatea.

Zientzia ez omen da behin betiko, autoreak Wittgensteinen eta Machen ahotan dioenez. Eta neutrala? Gogoratu garai bateko frenologia (zientzia) eta haren proposamen serio bezain aizunak eta, finean, beldurgarriak. Zientzia diziplina hori joan da, zorionez, baina ez ote diren sortu antzeko beste batzuk. Foucaulten panoptikoari eta biopolitikari ihes eginez bezala, literaturak, etikari atxikia, ziria sartzen du garai bakoitzeko zientzian, eta eztabaida zabaldu. Independentea eta blasfemoaren paradigma. Garai bakoitzeko zilegia eta esaterik ez dagoena. Horiexek gure garaia interpretatzeko idazlan honetan Fitok eman dituen gako, bihurgune eta ertz batzuk, lehen zatian arin-arin irakurtzen dena, eta bigarrenean buru-belarri, pedagogikoki (betiere).

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak