« Amorrua elikatuz eta musikaren doinuan | Egiantzaren garaian, esaterik ez dagoenaz »
Bazter utzietan / Karlos Linazasoro / Elkar, 2025
Absentziak eta presentziak Hasier Rekondo / Deia, 2026-05-09
“Hainbeste hiri eta etxe / hainbesteko arbola eta txori, hainbeste kolore eta galsoro / eta liburu eta piztia / ezin konta ahala poz eta derrota… / zertarako?”. Apika, Bazter utzietan moduko liburuak irakurri ahal izateko bidearen ertzean eta bidearen amaieran. Liburu horrek Kutxa Fundazioaren Irun Literatura Saria jaso zuen 2025ean, Poesia Sailean. Lerrook idaztean ez du inongo iruzkinik jaso komunikabide nagusietan akaso bazterretik kanpo ez baitira liburuak ez irakurtzen ez iruzkintzen, edo batek daki zergatik.
Karlos Linazasororen (Tolosa, 1962) literatura lan oparoa iruzkintzean beti aipatzen dira bi hitz, kasik nekagarri bihurtu arte aipatu ere: aipatu oparotasuna eta ironia. Oraingo entrega honetan poetak albo utzi du ironia, serio jarri da ibilbidearen amaiera gertuago egon daitekeenaren begiradaren jabe. Eta seriotasun horrek hegaldi gardenagoa eta sakonagoa eskaintzen dio haren poesiari. Hizkera ekonomikoa da, haikuaren aurre-lurraldeetan barrena. “Idatziko ez diren liburuak. / Ezerez hori dena betegina da, / ezerez ez den oro bezalaxe.” Testu poetikoan pisu berbera dute, bizitzan gertatu legez, idazten dena eta idazten ez dena, bizi duguna eta inoiz biziko ez duguna. Beharbada, biziko ez dugun horrek eraikitzen baikaitu. “Ez nagoen guztian/ beti dago ni bat. /Ez bikoitza, ez usurpatzailea, / ez beste nia, / neure ni bakar hori baizik”.
Liburua hiru ataletan banatuta dago eta esango nuke Inoiz denbora eta Txantxangorria eta biok bigarren eta hirugarren atalek askoz ere iradokitzaileagoak egin zaizkidala objektu poetiko gisa, maitasunaren molde ugariei eskainitako Oro baina zu besterik lehen atalak baino. Alta, irakurle honen prozesu pertsonalak ere zerikusirik izango du apetazko hautu horretan. Hala eta guzti ere, atal horretan ere badira harribitxiak. “Asko da ez dakidan guztia. / Ez dut azaroa ulertzen ikasi. / Bidezidorrean osinek jan naute… / zu baitzara dakidan guztia, / gutti eta dena, eta halere gehiegi.”
Ni poetikoaren eta naturaren arteko harremana, sinbolismoaren zirrikituetan barrena, ezin ederrago ehuntzen da. Maitasuna, denboraren fereka, existentziaren gazi-goxoa eta betiereko gaiak jorratu arren lehen aldiz idatzitako poesiaren aurrean irudiko du irakurle prestuak. Poemak entelegatzea baino nahigo goxatzea eta erritmo pausatu horri atxikitzea behin eta berriro. “Poemaren ondoan/ isiltasuna. /Lehia dago, / zein baino zein. / Gogor oldartzen / zaizkio elkarri, / betiko legez. / Azkenean, / isiltasunak idatzi du / gaur poema.”
Duda izpirik gabe, azken hamarkadetako poesia libururik garden eta ederrenetakoen artean kokatu da bazterrean idatzitako hau. Alta bada, bai poesian bai bizitzan unea heltzean soilik egingo zaio gorazarre talentuari. Gurean, momentuz itxarotea besterik ez zaigu geratzen, absentzien zein presentzien lubakietan babestuta badaezpada ere, misterioa noiz agertuko zain. “Eta hala ere atzera ekiten diozu, / behin eta berriz saiatzen zara… susmo apal bat baituzu / poemaren idazketan bertan / dagoela erantzuna…”.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi