« Espekulatzeko istorioak, gure historia nola —euskaldunona— | Hogeita bat hitz »
Zerua hemen / Oihana Arana / Susa, 2026
Mina eta zeru bat Ibon Egaña / Deia, 2026-06-06
Udaberriarekin batera etorri zen Oihana Aranaren bigarren poema-liburua, Zerua hemen, eta udaren atarian, berotan eta zeru urdin baten pean, itzuli naiz berriz bildumara. Azaleko argazki ezin ederragoz jantzita dator liburua: zeru urdin bizi bat hondoan, aita-alabak bizkarrez hondartza batean, udako opor familiarren estanpa iradokitzailea, liburuak gero papereratzen dituen sentsazio anbibalente ugariren aurrerapena: nostalgia, mina, poza, desira, dolua, bizimina.
Egilearen aitaren heriotza eta dolua dira poema-liburuaren ardatz nagusietakoak. Literatura-lan gogoangarriak eman dituen gaia, betikoa eta beti berria. Nola idatzi, baina, doluaz, berriro erori gabe herentzian jasotzen ditugun erretorika, hizkuntza eta sinbolismoetan? Aranaren liburua kontziente da horretaz, eta dolu hitza bera ezbaian jartzetik abiatzen da: “Ez zait dolu hitza gustatzen / inportantea da hitzak / deskriptiboak izatea. // Badakit zer esan nahi dudan / min diodanean”. Zehaztasunera, memoria propiora, nira jotzea da Aranaren apustua, hizkuntza eta erreferentzia-sare berezko bat sortzea eta, modu horretan, gai betierekoa berri egitea.
Aitaren galerak poeta-alaba ume egiten du berriro, hein batean. Edo, hobeto esanda, umetako hitzak, mundu-ikuskera, oroitzapenak berpizten ditu poeta gazteak, aitarekiko dolua ez ezik harekiko maitasunari ere leku egiteko. Beharbada doluak poeta alaba-posizioan areago kokatzearen ondorioz, badu liburuak halako naiftasun bat, bizitzari eta heriotzari aurre egiteko modu “heldua” beste nonbaitetik, kanpo-begirada inozenteago eta batzuetan irreberente batetik irakurtzeko aukera ematen diona, aldi berean minaz hitz egiteari utzi gabe. Eta liburuak tonu berezi, bakana hartzen du hala. Diskurtso eginekin borrokan ari da maiz poeta, eta baita patetismoan edo auto-errukian erortzeko arriskuarekin negoziatzen ere; autokontzientzia horrek eransten dio, besteak beste, inteligentzia eta arnasa liburuari. Eta, tarteka, baita umorea ere, izan ere, kolpea hartzen du irakurleak poema batzuen amaierarekin batera mina lehertzen denean, baina bestetan irribarre ustekabeko bat ere ateratzen du poemak, irakurleak oso ondo nondik datorren ez dakiena.
“Berba egiten dudan moduan idatzi nahi dut / edo idazten dudan moduan berba egin” dio Camila Sosa Villadaren aipu batek, Oihana Aranak, ez alferrik, liburuaren hasieran paratu duenak. Idazle eskoriatzarraren mintzaira poetikoak asko du ideia horretatik; ez bakarrik besteren esanak euskalkian jasotzen dituelako, baina baita poetaren hitzak ere egunerokotik, ahozkotik, domestikotasunetik oso hurbil daudelako ere. Karga emotiboz betetako hitzez osatzen du hartara poema, lexiko familiar eta lagunarteko bat osatuz eta, era berean, hitz hanpatuago edo jasoagoen bestelako karga (soziala, kulturala) saihestuz. Eta, hizkuntzan bezala, espazioan ere zehaztasunera, etxekotasunera jotzen du, minari, baina baita bizipozari eta desirari ere espazio bat eraikitzeko: Donostia turistifikatu eta prekarizatuan, etxean, jaioterriko ortuan, haurtzaroko oporretako hondartza hartan. Begiratzen ahaztu ez zaion poetaren begiak bilatzen eta aurkitzen du edertasuna, esanahia eta edo sinbolismoa gertuenekoan, propioa eta aldi berean kolektiboa den geografia horretan.
Poetika horri jarraiki, formaren aukerak adierazkortasunaren mesedetan jartzen asmatzen du Aranak, dela poema aforistikoetan edo narratiboagoetan, apuntetik hurbileko gogoetan edo dolu-egunerokoaren traza hartzen dutenetan, minaren kontaketa baino askoz gehiago den bilduma ertz askotariko eta ederra osatu arte.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi