« Lotura afektiboak eta pozoia | Gorputzak eta bisturiak »
Beste zerbait / Danele Sarriugarte / Consonni, 2025
Aire freskoa Nagore Fernandez / Berria, 2025-11-02
Itzulpengintzaren eremuan ezagutu dugu, gaur arte, Consonni argitaletxea, euskara eta euskal literatura hauspotzen, eta espazio eta plaza berriak irekitzen. Aurten, ordea, jatorrizko lanak euskaraz argitaratzeko apustuari ere heldu dio, eta ziklo berri horretako lehenengoetarikoa dugu Danele Sarriugarteren beste zerbait obra. Nobela bezala aurkeztu da, baina, obran zehar lehen pertsonako narratzaileak aitortu legez, bai eta kontrazalak dakarren sinopsian ere azpimarratu legez, ez da nobela tipiko bat, nobela mutantea baizik. Izan ere, irakurleon espektatiben horizontearekin jolas egin, eta irakurleon iruditerian dauden generozko estereotipo guztiak hautsiko ditu. Hala, “ni” dioen narratzailea izango dugu bidaide hasieratik, baina, ahots bat bera izanagatik, haren hainbat aldarte eta erregistro ezagutuko ditugu aldi berean: amorrua, mina, maitasuna, (balizko) testuinguru linguistiko jasoago eta akademikoa, ahozkotasunez bor-bor egiten duen mintzoa, intimoa, besteak beste. Egitura ere halakoa du, gainera; literariotik haratagoko lan askotarikoek osatutako patchwork bat da, funtsean, nobela. Hain zuzen ere, Danele Sarriugarteri jarraitzen dion edonork bere lanetako oihartzunak identifikatuko ditu aise, ez bakarrik literarioak; autore beraren iritzi-artikuluak, irakurketak eta gogoetak ere papereratu dira. Are, alderdi linguistikoa bera ere kamustuta agertuko zaigu; egungo euskara biziaren testigantza dakar narratzailearen ahozko jarduna irudikatzen den momentuetan, eta alde horretatik, beste zerbait nobelak Miren Amurizak bere Pleibak sonatuarekin hasitako bideari jarraipena eman diezaiokeela iruditu zait. Guztiarekin ere, narratzailearen soslai poliedrikoak, egituraren beraren osaera anitzak, eta apustu linguistiko dinamiko eta, esango nuke, nahiko probokatzaileak mezua eta ideia hegemonikoak aldrebesten ez eze, konstrukto kultural (eta ondorioz, hegemoniko) oro —izan literario nahiz generozkoak— bestela irakurtzera ere gonbidatzen gaituzte.
Berritzailea eta apurtzailea izateak, ordea, beti dauka berritzaileegia izateko arriskua, betiko maneran irakurri eta pentsatu nahi duenarentzat, behintzat. Egia da, neronek ere ez ditudala erraz identifikatu eta lotu alderdi narratologikoak, ohikoa dudan eran ez, bederen, eta horrek zenbaitetan fikziozko lanetik atera nauela. Baina, hain justu, horregatik ere gustatu zait Sarriugarteren proposamena; batetik, konfort eremutik atera nauelako guztiz, eta bestetik, eguneratze bat dakarrelako euskal eremura, bai tematikoki, bai teknikoki, eta baita linguistikoki ere. Segur aski, ez da izango irakurgairik kuttunena oraindik ere begirada hegemonikotik, heteronormatibotik eta androzentristatik irakurtzen duen eta irakurtzen jarraitu nahi duen irakurlearentzat. Susan S. Lanser ikerlariak aldarrikatu duenez, ostera, narratologian (ere) berdintasuna eta aniztasuna lortzeko bidean, perspektiba ez-hegemoniko batetik irakurtzeko begiak ez ezik, autoritate narratiboa auzitan jartzen dituzten ahotsak eta testuak ere beharrezkoak dira. Eta argi dago Sarriugarteren proposamenak bide horretara garamatzala; nora, bestela, izenburutik bertatik bestetasuna aldarrikatzen badu?
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez