« Baina ez edozein | Jauzilariaren —aiurriaren— zioak eta zoriak »
Bakea, bakea / Xabier Montoia / Elkar, 2026
Bakearen kontra Asier Urkiza / Berria, 2026-03-08
Euskal idazle emankorrenetako bat da Xabier Montoia. Poesia zein narrazioa jori jorratu ditu lau hamarkadako ibilbidean, 1983ko Anfetamiña lehen lana argitaratu zuenetik. Argitalpen kopuruari dagokionez, pareko gutxi du inguruan. Bakea, bakea hau du hamargarren nobela, aurrekotik bi urtera kaleratua. Aurrekoa bezalaxe, Elkarren eman du azken hau ere. Bakearen bila eta bere buruaren kontrako gerran dabilen gizagaixo baten istorioa da.
Inazio Esnaola —edo Osa, geroago jakingo dugunez— da nobelako protagonista, Donostiako familia diruduneko semea. Porrota porrotaren atzetik kateatu du Inaziok, jokoa eta bestelakoekiko menpekotasunak tartean. Amaren ume mimatu izandakoa —amaren hiletarekin abiatzen da, hain zuzen, kontakizuna— eta aitarekiko etsaitua, emaztearengandik bereizita dago eta lagun kuadrillaren pailazoa da. Marta alaba du bizitzeko esperantza bakar, eta zulotik ateratzeko borrokan ari da. Narrazioan hondamendiak trumilka etorriko zaizkio, ordea. Gaixotasun batek erasango dio eta ezusteko albiste batek —ez da bere ustezko gurasoen seme, adoptatua edo, hobe esanda, lapurtua baizik— bizitza are hankaz gorago jarri, galbidera eramango duen benetako amaren bilaketari hasiera emanez.
Hondamendiaren, gainbeheraren eta porrotaren gaiek blaitzen dute liburua, Montoiaren gai kutunak denak ala denak ere. Inaziorengan fokalizatutako hirugarren pertsonako narratzaile batek ematen du, gupidagabe, bere ibilera malapartatuen berri. Protagonistaren miseria guztiak hasieratik agerian, azkenerako harenganako enpatia doi bat piztuko da irakurlearengan, haren ideia eta gogoeta ildoek gorrotagarri bilakatzen badute ere. Gehiegizkoa ere suerta daiteke pertsonaiarekiko herra, behartuegia zenbaitetan, narratzailea iruzkin demasezkoetan galtzen denean batik bat. Izan ere, eszena erako pasarteetan da sinesgarriagoa protagonistaren gizajo izaera hori, irakurlea orain gorrotoaren, orain errukiaren artean dabilela. Bestalde, Inazioren ama biologikoaren egunerokotik txertatutako pasarteek kontrapuntu eraginkor bat ematen diote narrazioaren ildo nagusiari.
Eszenak taxutzen trebetasuna erakusten du Montoiak, detaile batzuekiko arretan ere bai. Egoera surrealista —eta tragikomikoak, askotan— sinesgarriak sortzeko gaitasuna ere badu. Pertsonaiei konplexutasuna eransteko gai da, lau pintzelkadatan sarritan. Indargeak suertatzen dira, ostera, Inazioren pentsamenduaren isla diren hainbat pasarte, luzeegiak eta euren erretorika errepikakorrean urtuak. Tentsio literarioaren faltan. Azkenean, ordea, protagonistari hainbeste desiratutako bakea emango dio Montoiak, gainbehera erabatekoaren eta heriotzaren trukean eman ere. Burgesiaren trufa, haren sinplekeria eta zurikeria, hondamendi giro betean jorratzen ditu Xabier Montoiak, literaturaren bidezko jende on eta errespetagarri horien gaineko mendekua hartuz. Bakerik ez.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez