kritiken hemeroteka

8.674 kritika

« | »

Tropiko tristeak / Claude Levi-Strauss (Jon Alonso) / Klasikoak, 2009

Beraz dena da posible Aritz Galarraga / Berria, 2026-03-15

Inoizko liburu hasierarik onenen artean kokatuko nuke: “Hastio ditut bidaiak eta esploratzaileak”. Batez ere jarraian datozen bostehun orrialdeetan batez ere horri buruz hitz egiten delako, bidaiez eta esploratzaileez. Baina zer maitagarriagorik, kontraesanez beteriko, zalantzaz, eskrupuluz, begirunez idatziriko liburu bat baino? Etnografo lanetan ibiliko zaigu, beraz, Claude Lévi-Strauss; eta helburu nagusi du, Brasilgo oihanean, caduveo, bororo, nambikwara, tupi-kawahib herrietako jendea bisitatzea, ezagutzea, ulertzen saiatzea. Halaxe osatuko du, hogei urte beranduago, Tropiko tristeak: “Abentura txiki hauetako bakoitzak beste bat pizten du nire oroimenean”.

Liburutik beretik hartutako galdera hau litzateke liburuaren beraren motor: “Nola deskribatu bere zibilizazioa erlatiboki ukitu gabe gorde duen herrixka indigena batera iristen den etorri berriari eraso egiten dioten inpresio sakonak eta nahasiak?”. Eta erantzun gisa ariko zaigu aipatu jendearen elikadura ohiturez, egitura sozialez, harreman afektiboez, heriotza errituez; gureez oso bestelakoak, hasiera batean eta ustez. Halako erronka bati espero zaion ukitu exotikoa dauka kontakizunak: “burua moztu diot harrari; gorputzetik koipe zurixka bat ateratzen da. Dastatu egin dut, zalantzan ibili ostean: gurinaren loditasuna eta finezia dauka, eta koko-esnearen zaporea”. Eta muga-mugan dabil batzuetan, noiz jakin-min, noiz gizon-zuri-mendebaldar erkin: “hondarrak larrua hautseztatzen du eta beix koloreko belus antzeko geruza bat ipintzen die, oso erakargarria dena, batez ere neska gazteetan”. Baina, orotara, kultura-aniztasunaren aldeko alegatu, Mendebaldeko etnozentrismoaren aurkako kritika eta kolonialismoaren gaitzespen erabatekoa gailentzen direla esango nuke.

Paradoxa bitxi baten erakusle da, hori bai: “nire abentura-bizitzak, unibertso berri bat ireki ordez, unibertso zaharra ekartzen zidan”. Alegia, Mundu Berriaz ari delarik, neurri batean, atzean utzi duen Mundu Zaharraz ere ari dela, edo bereziki. Han izanik hona naiz: “mendebaldeak etnografoak sortu baditu, harrak kontzientzia bortizki hilduratzen zuelako izan da, eta bere irudia gizarte ezberdinenarekin alderatzera behartu, akats berberak islatuko dituztelakoan”. Jendarte berrien aurrean, hartara, kontserbadore dugu; baina beretarren artean subertsibo, ohituren aurka matxinatzen da: “gu parte garen gizartea da hondatzeko arriskurik gabe eralda dezakegun bakarra”. Eta gaurkotasun handiko irakaspen gehiago uzten digu: “Euren baitan itxiegi daudenean, gizarte-taldeek zorne-sekrezioak bezalakoak diren adierazpen ergel, herratsu eta sinesberak izaten dituzte”.

Esango duzue: zer egiten du liburu honek, orduan, literaturaren klasikoak aletzen dituen sail batean? Bidaiak eta esploratzaileak bakarrik balira, erran nahi baita etnografia testu bat; baina ezta gutxiago ere. Marseillatik abiatu zen itsas zeharkaldiarekin hasten da —eta kapitulu oso bat eskaintzen die egunsenti-ilunabarrei—; hiriei buruzko disertazio luze bat etorriko da gero —Sao Paulo xehe-xehe aletzen du, Georges Perecen toki baten agortze saiakera hartan bezala—; kanpinlariei hate pixka bat botako die jarraian; indigenen biluztasunaren aurrean bizi dituen komeriak azalduko dizkigu, edo lidergoa nola praktikatu coach garaikide bat balitz bezala; herri ipuin bat sartuko dizu derrepente, bidaia-kaierean apuntatuko poemaren bat, Augusto enperadorea protagonista duen antzerki piezatxo bat; eta bukatuko du hiru erlijio handien arteko ranking bat egiten; emaitza: Budismoa garaile, Kristautasuna bigarren, eta azkenik Islama. Horiek guztiak, bistan da, prosa onean bilduta, plazer estetikoarekin, nabarmentzeko modukoa baitu estiloa, literaturan benetan inporta duen gauza bakarra ia: “Gauaren minean ekaitza lehertu zen, lauhazkan zihoan zaldi baten azantzarekin”.

“Etnografoaren lanbidean abenturak ez dauka tokirik; oztopoa baizik ez da”. Eta, hala ere, abentura, bidaia-liburu baten gisa irakur daiteke Tropiko tristeak. Autobiografia intelektual gisa ere bai, ordura arte egindako lanaren sintesi, baiki, baina sinesten zuen eta amesten zuen guztiarena. Eta zergatik ez nobela iniziatiko gisa, pedante jarrita bildungsroman. Balio zientifikoa izango duena, ziur aski, baina balio literarioa daukana seguru, literaturatik gertuago datekeena zientziatik baino —ez zuen Goncourt saria irabazi, epaimahaiaren desenkusa eta guzti, ez omen zelako nobela—. Susan Sontag: “gure mendeko liburu handienetako bat da. Zorrotza, sotila eta ausarta da pentsamenduan. Ederki idatzita dago. Eta, liburu handi guztiek bezala, zigilu erabat pertsonala du; giza ahotsez mintzo da”. Liburu handi bat, beraz, mundu erraldoi bat, neurriz gainekoa, ezin besarkatuzkoa, gehiegizkoa jartzen diguna begien aurrean, geure mundua azken batean. Eta etnografo hasiberriaren larruan sentituko da irakurlea, etorkizun guztia aurretik, oro deskubritzeko; noski, zalantzaz, eskrupuluz, begirunez: “Deus ez da ziur, beraz dena da posible”.

Azken kritikak

Hondarreko berorik geratzen bada
Iñigo Satrustegi

Irati Majuelo

Tropiko tristeak
Claude Levi-Strauss

Aritz Galarraga

Erleen azken ziztada
Kepa Iribar

Jon Agirre

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Mikel Asurmendi

Bakea, bakea
Xabier Montoia

Asier Urkiza

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Nagore Fernandez

Martxoak 3
Jon Martinez Larrea

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez

Irati Majuelo

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Paloma Rodriguez-Miñambres

Diesel
Bertol Arrieta

Joxe Aldasoro

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Mikel Asurmendi

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak