kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Sakelako bihotzak / Julen Apella / Elkar, 2025

Batel bat ur nahasitan Asier Urkiza / Berria, 2026-02-22

Beste autore askok bezala, poesiakoa du lehenbiziko lana Julen Apellak; 2023ko Postal bat desertuan hartatik bi urtera, ostera, narraziora egin du salto, Augustin Zubikarai sariaren bitartez argitaraturiko Sakelako bihotzak nobelarekin. Frank O’Hararen poema baten pasarteari egindako erreferentzia da izenburua, egileak paratestu gisa jarria hasieran.

Gaurkotasun betean kokatzen da liburua, “jendeak desira desiratzen” duen garaiotan. Bi lagunen ibilerak jarraituko ditu narrazioak, fokua kapituluka bereizita: alde batetik, atzean utzitako depresio baten lorratzean dabil oraindik Jokin, hustasun existentzial handia aurrean zabaltzen zaiola; bestetik, egin beharrekoaren egin beharraz nazkatuta dago Felix, ezarritako zidorretik aldenduko duen zerbaiten peskizan. Biak ala biak zehaztu gabeko zer edo zerren bila, ez aurrera ez atzera orainaldi gris samar batean eta etorkizunari neurria hartu ezinda. Bizitza unibertsitarioaren azken astinaldiak, lagun berriekiko enkontruak, taldearen eta norbere identitatearen arteko norgehiagoka… Identitatearen bilaketa funtsean, nor ote naiz ni galdera larri eta premiazkoa une oro oihartzun gisa egonik; izan ere, horixe galdetzen dio une batean Felixek bere buruari, ea hilez gero egunkariek zein deskribapenarekin emango luketen heriotzaren berri.

Narrazioak gaztetasunari dagokion suhartasunez egiten du aurrera, arin eta jario onean, pertsonaiek eurek akuilatuta bezala. Kapitulu laburrek ere laguntzen dute horretan. Topikoa dirudi gaztetasunari buruzko liburua dela esateak, bere irismena murriztea litzatekeelako eta, tira, helduaroari buruzko libururik ez delako inoiz aipatzen. Ezin ukatu, ordea, belaunaldi baten —edo, hobeto esanda, gizatalde jakin baten barruko belaunaldi baten— kezka eta erreferentzia komunez beteta dagoela nobela eta horiei zeresan handia aitortzen zaiela, neurri batean behintzat, identitatearen eraketan. Bestalde, laguntasunari buruzko liburua ere bada, lotura afektiboak garai ziurgabe eta espektraletan tente irauteko antidoto bakarra direlakoan. Nostalgia aire bat ere antzematen da, jakina, hilerriaren ekintzak eta ondoko eszenak ukatu-edo egiten dutena.

Eszena samur eta egiatiak daude nobelan. Efektismo eta hanpatzerik gabe emanak, esaterako, maitasunezkoak, modu sinple bezain eraginkorrean. Orobat aipagarria da Apellak deskribapen eta eszena girotzerako erakutsitako dohaina. Kirrinka egiten dute, berriz, pertsonaien zenbait gogoeta ildo borobilegik eta narratzailearen esku hartze gehiegizkoek, tarteka pertsonaien ahotsak itotzear daudenak. Pertsonaien gaineko iruzkin demasekoek beren kabuz haz daitezen oztopatzen dute, euren arteko elkarrizketetan edo eszena erako pasarteetan egiten duten antzera. Irabazten dute lurrera hurbiltzen direnean, digresio zurrunbilotsuan bainoago. Irudi ederrak uzten ditu horrelakoetan Apellak, liburuaren amaierakoa, adibidez. Horietan dira pertsonaiak zinezkoago. Horietan gorde liteke ibilbide sendo baten hazia.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak