kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Ni, laiko / Markos Zapiain / Alberdania, 2025

Ni, Markos Nagore Fernandez / Berria, 2026-02-22

Markos Zapiain nire irakaslea izan zen batxilergoko lehenengo mailan. Haren klaseetan izan nuen lehenengo hartu-emana filosofiarekin, eta ezin ukatu, hortaz, kariño handiz heldu diodala Ni, laiko-ri, haren azken saiakerari. Obra horrek eman dio hasiera, gainera, Alberdania argitaletxeak mimoz diseinatu eta editatu duen Patrika bildumari, Santi Leoné, Katixa Dolhare eta Gorka Bereziartuak elkarlanean ondutako Zer egin Miranderekin? liburuarekin batera. Saiakera etiketa jarri diot Zapiainen lanari, baina, agian, hobeto egokitzen zaio autobiografia-saiakera etiketa konposatua. Izenburutik bertatik agertzen zaigu idazlearen ahotsaren lehenengo pertsona gramatikala; asmo-adierazpen bat izango balitz bezala, paratestutik iragartzen zaio irakurleari, hein handi batean, zein izango den tratatuaren tonua eta norabidea. Hala, esan dezakegu laikotasunaren inguruko ideia-multzo eta errenkada bat baino gehiago, autoreak, bere ahots eta bizipenen bitartez, kontzeptu zehatz horretaz duen iritzia eta harekin eraiki duen harremana biltzen duen saioa dela hizpide duguna.

“Adimen Artifizialaren esku ez dagoen zerbait idaztea erabaki dut horrenbestez; alegia, nola iritsi naizen ni neu laikotasunaren alde militatzera, Pascali bezala aski gorrotagarria baldin bazait ere nia, eta Arendten diskrezioaren imitazioa traizionatu beharko dudan arren”, diosku idazleak sarrera bezala funtzionatzen duen azpiatalaren bukaeran. Eta nia gorrotagarri bazaio ere, eta Arendten diskrezioa traizionatu duen arren, iruditu zait nitasun horretan biltzen dela, hain justu, obraren muina ez ezik, obraren indarra ere. Lehen pertsonako mintzoak eskaini dio, batetik, printzipioz horren gai filosofiko eta abstraktua den auzia pragmatismoz erakusteko aukera; bestetik, distantzia diplomatiko eta politikoki zuzena hartu barik, bere ideia eta iritziak diren-direnean, ahoan bilorik gabe testuratzea.

Ahots intimo eta pertsonal horretan tartekaturik, hala ere, ez dira alderdi “teorikoagoak” faltako. Askotarikoak dira laikotasunaren —eta haren ifrentzuan, batez ere, fede kristauaren— inguruko hausnarketak eta filosofoen aipamenak. Kapitulu motz eta arinetan —arin, ez bakarrik luzerarengatik, baizik eta idazlearen tonu sarkastiko eta zuzenarengatik ere— antolatuta dago berez obra, eta nahiko buruaskiak dira guztiak, alegia, hausnarketa/bizipen zehatz baten inguruan garatzen da bakoitza. Hala ere, zenbaitetan, kapitulu bat baino gehiago hartzen du ideia bakoitzak, eta halakoetan ez zait horren orekatua egin bizitza pertsonalaren eta hausnarketa filosofiko —eta zenbait kasutan teorikoen— arteko txandakatzea. Areago, sentsazioa izan dut halakoetan espazio handiagoa eskaini zaiola alderdi teorikoari pertsonalari baino, eta hori gertatu denetan, faltan izan dut idazlearen ahotsa. Agian beste norbaiti iruzkin teoriko horiek irudituko zaizkio bereziki interesgarriak; nik neuk, ostera, “ni” dioen ahots horrekin konektatu dut gehien saiakeran zehar. Izan ere, bakoitzak eskuratzen duen informazio fidagarri bakarra, funtsean, ez al dator, bada, bere zentzumenetatik, alegia, nitasun sentsorial propiotik?

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak