« Zure partez, ahizpatxo! | Ni, Markos »
Zorretan / Agurtzane Intxaurraga / Susa / EHAZE, 2025
Errespetua eta beldurra hurbilegi daude Maialen Sobrino Lopez / Gara, 2026-02-22
Agurtzane Intxaurragak idatzitako bi antzezlan biltzen ditu liburuak: 2012an estreinatu zen “Hitzak” eta 2024ko “Zorretan”. Bietan dira hizpide giza harremanak, hots, nola eraikitzen ditugun elkarren arteko sareak, zer komunikatzeko gai garen (eta zer ez), erabakitzeko ausardiarik pilatzen dugun eta bizitzan zein den irabazi eta galdutakoaren saldoa. Protagonistetako baten hitzetan, “hemen kanpotik denok gara normalak eta gero barrutik denok gaude izorratuta”.
Lehendabiziko pieza “Zorretan” da eta hiru pertsonaia ditugu: Jon, Lore eta Loreren ama. Loreren harremanak dira protagonista, kontakizun baitu amatasuna eta alabatasuna nondik eraikitzen dituen: “Ez dakizu zenbat kosta zaidan ama hitza, hitzak duen zentzu guztiarekin, ahoskatzea”. Zaintzak eta espektatibak ere arras presente daude ama-alaba ardatzean: “Ez zait zu zaintzea ateratzen. Ez dakit egiten. (…) Ez dakit zergatik. Ez da maitasun falta, argi dago ez naizela egiten saiatu zaren alaba”.
Dena den, Lorek harremanetan dituen zorrek itxaropena dute kontrapisu. Izan ere, espektatiba eta errealitatea bat ez datozenean, bizitzeko modu berriak asmatzeko aukerak sortzen dira: “Nik lurra jaten nuen umetan. (…) Esaten dute lasaitu egiten duela, gorputzean falta omen zaiguna lurretik hartu nahi dugulako jaten omen dugu lurra. Baina nik uste dut alderantziz dela, lurrak jaten gaituela haren parte garelako”.
“Hitzak” antzezlanean bikote heterosexual baten egunerokoan murgiltzen gara, tratu txarren disekzioa egiteko, biktima den emakumearen ikuspegitik. Mari 24, 40 eta 65 urterekin nolakoa zen kontatzen diguten hiru pertsonaia daude. Harremanaren hasmentan denak ideala dirudi, makurtzen hasten den arte: “Andonik maite nau erotzeraino… entzungo bazenute… Eta berak zu, entzuten al ditu zure hitzak?”. Gero borroka bat dago, harremanari eutsi nahi eta ezina, gogo onez egindako presiorik mingarriena tarteko: “Umea hartu eta momentu hartantxe egin behar zenuen alde. Ezin nuen (…) Ez dakit, pena eman zidan… Amak ere umearekin pentsatzeko eta aguantatzeko eskatu zidan… Fedea izateko”. Tratu txarren elementu aunitz ageri dira: dependentzia emozionala, isolamendua, manipulazioa, izua, autoestimua txikitzea eta orohartzailea den errua, harik eta erruaren mamuak egoera nola ebatzi erabakitzen duen arte: “Hitzena da errua. Ez dugu hizkuntza bera erabiltzen. Ez gara elkarren hizkuntza ulertzeko gai. Horrexegatik egun batean isildu egin nintzen. Betiko”. Garesti ordainduko du isiltasuna Marik.
Bizitza antzerki amateurra dela erran zuen aspaldi antzerkigile handi batek. Hala dela onartzen badugu, ispilua paratzen digu parez pare Intxaurragak, kolektiboki erantzun dezagun: zenbat etxetan ez ote da kariñoa falta?
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez