kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Nonahiko musika / Juan Kruz Igerabide / Balea Zuria, 2025

Elkarrizketa bat humanismoarekin Nagore Fernandez / 2026-04-05

Juan Kruz Igerabidek bere lehenengo lana argitaratu zuenetik, gutxienez, 42 urte pasatu dira, eta urte horietan guztietan asko izan dira utzi dizkigun izenburuak, dela haur eta gazte literaturan dela helduentzako produkzioan. Landu dituen genero literarioak ere askotarikoak izan dira: saiakerez eta aforismo liburuez gain, hainbat poesia liburu eta zortzi bat nobela argitaratu ditu. Eta esango nuke autorearen azken obrak, Nonahiko musika izenekoak, bere ibilbide literario luze eta askotariko horren printzak biltzen dituela, hein handi batean. Izan ere, saiakera bezala argitaratu den arren, aforismoz eta poesiaz beteta dago obra. Poesia, gainera, ez darabil esplizituki bakarrik, baita inplizituki ere, alegia, aforismoak izan edo hausnarketa solteak izan, horien guztien atzean eraikitzen diren irudietan, hitz jolasetan, kadentzian, autoreak darabilen ahotsean eta estiloan. Ezin bestela izan maitasuna leitmotiv-a denean, beste edozein gai transzendentali buruz diharduela ere, amodioa nonahi agertzen zaigunean: “Amodioaren izen behinena poesia da, sorginkeria, aroa. Eta badakigu ez dela ondo amaitzen, edo lilura eteten delako, edo pixkanaka maiztuz, desagertuz doan ur xirripa bihurtzen delako. Baina behar. Horixe behar. Amodioa. Poesia”.

Hala ere, liburua osatzen duten zazpi kapituluetan zehar beste hainbat motibo ditu autoreak langai: musika, artea eta bere ertzak eta mugak, gorpuztasuna, emozioak, gizakiaren ezinegonak eta argia, besteak beste. Guztiek ere korronte zehatz bat seinalatzen digute: humanismoa. Amaia Jimenezek lanari buruz egindako erreportajean zehazten denez, Juan Kruz Igerabidek humanismoaren galbahetik begiratzen dio gizarteari; betaurreko horiek baliatu ditu Nonahiko musika obra idaztean ere, korronte eta perspektiba horren bitartez zehaztu baitira tematikaren eta gizartea ulertzeko moduaren koordenatuak. Autorearen hitzetan, “hura lantzen eta bultzatzen dugunon txokoa da liburua”. Funtsean, humanismoaz diharduen palinpsesto bat eraiki digu autoreak; bi zentzutan, gainera: batetik, palinpsesto, idazleak aitortu duenez bere doktorego tesian bildutako hainbat ideia eta aipamen daudelako liburuaren oinarrian; zentzu batean birziklatu, eta jatorrizko apunte horiek moldatu eta berridatzi ditu. Bestetik, palinpsesto, asko direlako idazle, teoriko zein filosofoei hartuta orriz orri gehitu diren aipuak, baina, bere horretan utzi beharrean, horiei guztiei bere ikuspuntua gehitzen die Igerabidek.

Nago gizarteari begiratzeko beste ikuspuntu edo modu horrek irakurtzeko beste tempo bat ere proposatzen digula ezinbestean, berez, arin irakurtzeko liburua baita, baina, ez ordea, arin digeritzekoa. Batzuetan, automatismoz eta abiadura izugarrian bizi garen honetan, ahaztu egiten zaigu gelditzea, denbora hartzea, eta argi dago Nonahiko musika obrak, humanismoarekin eraikitzen duen elkarrizketaren bitartez, hori egiteko gonbita (ere) egiten digula. George Steinerrek adierazi zuen bezala, irakurtzea elkarrizketa bat da, eta elkarrizketa orok bere denbora eskatzen du. Gizarteari bestela begiratzeko, bestela irakurri behar, hortaz.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak