« Labur eta sakon | Elkarrizketa bat humanismoarekin »
Barazkijalea / Han Kang (Gema Lopez Las Heras) / Elkar, 2025
Bizitza, bai gauza bitxia Maialen Sobrino Lopez / Gara, 2026-04-05
Han Kang idazle korearraren lana dugu gaur hizpide, 2024. urtean Nobel saria jaso zuena eta, Jokin Zaitegi Nobel saridunak euskaratzeko lehiaketari esker, Gema L. Las Herasek itzuli zuena. Eleberri gordina da, hiru ahotsetara kontatua eta estilo soilean emana. Emakumeekiko indarkeriaren disekzioa egiten da, hain xehe, ezen aldika bortitza baita irakurtzea bera ere, iduri baitu lekuko isil gisa begi parean pasatzen ari denaren konplize garela.
Botere harremanak ageri zaizkigu, hasteko. Protagonista, emakumea, eraldaketa bizian dago eta senarrak erresistentzia pasiboa antolatzen du, indarkeria sotila. Ez da saiatzen emaztea ulertzen, ez du bidelagun rola hartzen, ez du hausnartzen metamorfosiaren arrazoien inguruan. Sinpleki, ez dio autoritaterik aitortzen erabaki bakar bat hartzeko eta, jasan ezinik, erabakitzen du botere harremanen uhin hedakorra emaztearen familiara luzatzea. Senarrak, ordea, biktimatzat du bere burua: “Ez nuen ezer ulertzen. Une hartan pentsatu nuen ez nekiela tutik ere emakume hari buruz”. Harrigarriki sinesgarria da arduren banaketa desorekatua.
Gai nagusia, segur aski, osasun mentala da, eta irakurleak aldika ebatzi behar izaten du non paratu osasunaren eta eritasunaren arteko muga. Emakumeen bizitzak errenuntzien kronologia direnean, zein neurritan da sumisioa onargarria? “Beste behako bat eman zien etxeko objektuei. Hango ezertxo ere ez zuen berea. Bere bizitza sekula berea izan ez zuen bezalaxe”. Edo nola bizi indarkeria jasan duen gorputzaren memoriarekin? “Harrigarriro, (…) ez zuen batere jakin-minik agertu (…). Ematen zuen aski zuela gertatzen zitzaizkion gauzen lekuko huts izatea. Edo, beharbada, ezin imajinatuzko izugarrikeriak sufrituko zituen barrenean, eta egunez egun izugarrikeria haiek eraman beharrak ez zion indarrik utziko beste ezeri buruz interesik azaltzeko, gauzak deskubritzeko edota inguruan zuenaren aurrean erreakzionatzeko”.
Azkenik, bertze hari narratiboetako bat emakumeengan kontzientzia piztea da: “Ez zaitut merezi —esan zion behin, ezkondu aurretik—. (…) Pozez hartu zituen senarraren hitz goxoak, nahiz ez zituen erabat ulertu. Orain, ordea, zalantza zuen ez ote ziren izan maiteminduta ez zegoela aitortzeko modu bat”. Ahalduntzea deitzen ahal diogu, nahiz eta hitz horren tontor askatzaileak bide malkartsua ezkutatu. Ezin gorrotoan bizi, ezin amorruan bizi, eta halere bizi, bizi behar, eraikitako bizitzek zanpatuta, aldi berean kondena eta itxaropena barnebiltzen dituen mantrari men: “Denbora ez da gelditzen”. Pertsonaiak saiatzen dira, nor bere modura, espektatiben, erruaren eta minaren armiarma saretik askatzen. Nola bizi, ordea, kontzientzia piztu ondotik eraldaketarik posible ez bada?
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro