« Behaketa, umorea, intimitatea | Pilotakaden indarrez, aurrera »
Haize begitik / Mikel Ibarguren / Susa, 2025
Oraina —bide— da gelditzen zaigun bide bakarra Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2026-03-19
Poesiaren hegoek
Nork bere talaiatik behatzen du mundua. Nork bere haize begitik egiten du abantean. Nork bere sentimenduetatik idazten du poesia. Aski ote dira sentimenak mundua behatzeko, munduan barrena abantean egiteko? Itsasoari erreparatzea nahikoa ote da —lurrean— nor izateko? Nor izatea poesiaren —poetaren— esku al dago? Aski al dira hitzak poesiaren lihoa iruteko? Hitzen barne oinazea arrazoiz iruteko? Aski ote dira hitzak inor izateko? Arrazoia iraunarazteko?
Horra poetaren uberan jalgiriko galderak. Itaunak edo. Literaturak —poesiak, kasuon— galderak eta itaunak idokitzen dizkigu. Bitxia da. Mikel Ibarguren poetaren Haize begitik poema-bilduma honetan galdera gutxi atzemanen duzu. Bakan edo. Bakan horiek bi dira: Egunerokoa izenburuko poeman dituzu biak —baliteke ni oker egotea. Ez da arraroa norbera okertzea—.
“Eta zoriona norabidea balitz eta ez leku bat?”. Horra lehena. Honatx bigarrena: “Hantxe, ‘bila ibili gabe genbiltzan baina jakinik elkar aurkituko genuela’ hitzartu ginen lehen aldiz, gogoratzen zara?”.
Poesia —pertsonak pertsona, norbanakoak norbanako—, berau xerka ibili gabe aurki dezakegu. Ez da, hain ziur ere, leku bat. Norabide bat duzu. Poesia, zoriona legetxe, zeru bat da. Zerua baina etereoa duzu. Nondik heldu ez duen tokia. Poesiaren hegoek —nor bere haize begitik— eramanak izan gaitezke. Horratx poeta honen talaiak noraino altxatu nauen!
Bilduma bat, lau ataletan emana
Haize begitik poema-liburua lau atalek osatuta dago: Ilen. Ebiakoitz. Eguen. Igande. Bitxia da. Hitzen lihoak “gure” ekialdetik mendebaldera garamatza. Igande: atsedenerako eta familia-bilerarako eguna euskal kulturan, kristau-tradizioan errotua. Eguen: eguen zeru eta argiaren jainkoa. Hala ote? Osteguna ote. Ortzirale, agian. Ondoren dator ebiakoitza. Ebiakoitzak ematen bide dio hasiera asteburuari. Eta Ilen? Zer ote ilen? Ilen izenak ez omen du jatorri edo etimologia zehatzik. Hala ote?
Poema egunerokoak
Arruntean poemak ez dira hitzen liho arrunta. Poema hauek ordea, arruntak dira. Hitzek —ez beti— hainbat adiera izaten dute. Kasuon, arrunta ohikoa da. Poemok eguneroko kontu normalak dituzu. Jakina, edo kontu jakin bat behar duzu: ez da kontu bera poetaren mundua hurbilekoa izatea poemok interpretatzean. Hots, zu eta bera, zure eta bere ingurumaria elkarren ondokoa izatea. Hurbilagoa izatea ez da zertan berauek interpretatzeko hobea, jakina. Ezta txarra ere. Erran nahi baitut: talaiak talaia, haizeak haize, haizeen nolakoek talaia ezberdinetara garamatzate. Edo eraman gaitzakete.
Bildumaren barrena zabaldutako ubera zenbait
1. Lurrean ildoak nola itsas-uberak halatsu zabaldu ere. Lurtarrak gara itsastarrak izanagatik ere. Hemengoa gara eta hangoak izan ere. Migrariak gara. Erbesteratuta paradisura heldu omen edota ei diren horiek. Paradisua al da “gurea”? Edo gure eldarnioak ote? “Gure” ortzimuga behar al dute datozenek? Hegoen erroak “gure” egoak ote? Horratx galeraren haize begitik eta biziminez ahokatzen ditugun aspaldiko berba hutsalak. Gorputzetatik eta gorpuez mintzo gara arruntean. Arrotzak gara gure herrian, arrotzak gure baitan.
Poetaren berbekin —poemokin— batera joan gaitezke, joan gaitezke “gu” ere. Munduarekin haserre edota kexu egoteko manera izan daiteke. Alta bada, ez harrotu ez (h)egotu, esperantza kontu arrunt hauskorra duzu eta. “Ez galdu denborarik etorkizunik ez duen iraganarekin”. “Hirugarren Mundu Gerran lehertu gabe gelditu den bonbat bat aurkitu dute Zokoako hondartzan”.
2. “Agian —zergatik ez?— izan gaitezke hitzekoagoak. Ez dago galdera bi, hirugarrenik barik. Munduon —itsasoan nola— ekaitza gero eta perfektuagoa da. Baldin eta munduak dioena ongi ulertu badugu betiere. Merkatu zurian nahiz beltzean nabigatzen dugu, eta hala uste ez arren, zuloak zulo, usteak ustel, gure larrua ipintzen eta saltzen dugu interneten. Zer gerta ere, horra abisua! Poetak emana, alafede.
Jaiki eta kontraleihoak zabaltze soila ote zoriona? Zoriona, besterik gabe, horretaz ohartzea izan liteke. Alta bada, urteko merkealdian errazegi saltzen da amets egiteko gai ez den jendearen lan indarra.
3. Oraina —bide— da gelditzen zaigun bide bakarra. Ibarguren poetaren uberan segitzen dugu, haize begietan dugula segitu ere. Ez dugu behar bezala eskertzen isiltzen garenean zer esan nahi dugun ulertzen duen norbait ondoan izatea. Besteek erori garela ez dakiten bitartean lurretik altxatzen laguntzen digun esku hori, horixe duzu elkartasuna. (H)ala jinkoa! (H)ala poeta!
Zatoz gurekin, esku zabalik hartuko zaitugu. Nahi duzunean. Agian, “gure”-an ere jaikiko dira egiazko norbanakoak, askatasuna herriaren gidaria izan dadin. Agian, oxala, ez dugu lehendakariaren adierazpen instituzionalen beharrik izanen. Araiz!
4. Igandea da. Pozik gatoz. Bizitza berez dator, xalo eta arin. Ez inork, ez ezerk behartzen gaitu “gu” izatera. Denborak —edota adinak— dena erlatibizatzen erakutsi digu. Beno, den-dena ere ez. Mundua aldatu nahi genuen, anartean baina, munduak berak aldatu gaitu. Ohartu ote? Idealistak izan ginen iraganean. Errealistak al gara orainean? Nago zelatan jarraitzen ote dugun, gure leiho hegian paratuta, etsaia agertuko orduko abisu emateko. Ez gaude “gure” igandea inork andeatu dezan “onartzeko” prest.
Jendea eguraldiaz mintzo da, argiunea noiz agertuko zain. Artean, inor gutxi, ia inor ez —poeta salbu, naski—, inor ez da mundu honen jirabira eroaz ohartzen. Etsi-etsian abantean goaz. Harriei ostikoak emanez, lurrean nola itsasoan ere. Etorkizun hobeagoa iragar diezaguten nahi dugu, ez hobea soilik, are hobeagoa alafede. Hori besterik ez dugu nahi. C’est tout!
Beti egongo da gure beharretan borroka galduren bat. Besteon besarkada bat baino ez genuen behar. Bai, baina… Ez galdetu, arren. Ez dizuet erantzunen. “Gure”-an ez galdetzeak erantzun beharrik ez izatera ekarri gintuen. Gure lorratzak edota uberak desegin dira. Hala ote? Ohartu gabe? Konturatu barik?
Gure auzoan —gure auzoan ere bai— kale garbitzaileak udatiarrak balkoitik botatako zigarro muturrak jasotzen ari dira.
Post poema larrazkenekoa
Kanpoan epel da / urriko azken igandean
mendebalak Brouillarta / ostatuaren ate ondoraino / ekarri ditu hosto idortuak
giro trumoitsua dago, / kafea ordaindu eta bagoaz / —Agustin Chao karrikan barrena—.
Goiz da oraindik / inori dei egiteko
haize hozkirria / gure bila dabil.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi