kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Zainetatik zilarra / Nahia Intxausti / Pamiela, 2026

Eraldaketaren testigantza Irati Majuelo / Berria, 2026-03-29

Lehen poema liburua idatzi du Nahia Intxaustik Champourcin poesia lehiaketako euskarazko saria jaso ostean. Zainetatik zilarra honetan, minbizia bizi izan duen gorputz bat mintzo da, bizipen intimoa kolektibora eramanez.

Hiru atal nagusitan banatu du idazleak poema liburua: Bular sastakatua, Zilar zainak eta Betileak hazi. Minbiziaren prozesu gorabeheratsua azaltzen da horrela, notiziak parez pare irekitzen duen mundu berritik abiatu, kimioa zainetan barna sartzeak eragiten duen beldurretik igaro, eta gaixotasunaren ondorenak uzten dituen zalantza eta eskertzetara. Egitura argia da, prozesua bera lineala ez izanagatik, eta, era horretan, idazlearen asmoa zehaztasunez azaleratzen da: fase desberdinetan eta ikuspuntu ugaritatik heltzea gaiari, tratamendu bat behar duen gaitza izatetik harago, pertsona baten bizitzan eraldatzen duen alderdi oro ikusarazteko. Hala, kontsulta, mediku eta farmakoez gain, leku hartzen dute, poemaz poema, desirak, bikotearekiko harremanak, seme-alaben ikusmira inuzente eta izuak, ezagunen begiradek zein isiltasunak, errealitatearekin talka egiten duten espektatiba eta genero mandatuek, eta abar.

Intxaustik ez du minbiziaren irudi xalorik eman nahi, eta hori da, hain zuzen ere, liburuaren indargune nagusia. Onberatasun derrigortuari izkin eginez, poemetara ekartzen ditu esaldi maiztuak (“Lasai, dena ondo joango da, / oso guapa zaude / jarrera baikorra garrantzitsua da / […] gerlari ausarta zara”) eta gizartearen ezintasun orokortua komunikaziorako, samurtasunerako, eskua eman eta zain egoteko, eta, hainbatetan, heriotza itxaroteko. Errua eta lotsa dira liburuan indarrez agertzen diren bi sentimendu. Zorroztasunez azaleratzen ditu, ordea, ni poetikoak, besteen kanpo begiradaren ondorioz sortutako emozioak diren heinean.

Barnerantz begiratuta, bitartean, ahots poetiko horrek ezinegonaren lurraldeak zeharkatzen ditu, norbere gorputzean gertatzen dena ulertu ezina, erreakzio dardartia, denboraren pausa. Gelditasunak gorputzari behatu beharra dakar ezinbestean, beldurrez zein itxaropenez, eta ondorioz, hitza haragira gerturatzea, gorputzak naturarekin duen harremanera, hausnarketa eta ideien mundura baino. Barne eta kanpo begirada tartekatzeak egiten du interesgarri liburua, poema asko lirikoki bereziki landuak ez izan arren, estetikatik harago doan lana baita Intxaustik idatzi duena, gorputz-gogoen eraldaketaren testigantza.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak