« Eraldaketaren testigantza | Itzuleraren testigantza bat »
Ulhaintsaren negarra / Jon Garmendia / Elkar, 2026
Ulhaintsaren negarra Maite Lopez Las Heras / kmk.gipuzkoa.eus, 2026-04
Zapelatza negarrez ari da bakardadearen ziegan. Ilunegiak zaizkio egunik argitsuenak ere, ez baitaki migrazioaren legean itzulera ziurtaturik ote dagoen. Ez du etsitzen, ordea. Ulhaintsak ez dio negar egiteari utziko harik eta etxera itzuli arte, Odiseok Itakara iritsi arte etsi ez zuen gisa berean, etxea bakarra dela jakitun, ama bakarra den era berean. Jon Garmendia poetarentzat ama da bere etxea; etxea ez baita toki bat, aterpearen beharra asetuko duen babesleku samurra baizik.
Nor garen eta besteek nor garela uste dutenaren artean eraikitzen dugu maiz nortasunaren fikzioa. Sarritan, baina, hirugarren pertsonaia batek hartzen du bizitzaren draman protagonistaren papera: izan beharko genukeenaren itzalak, alegia, “Etxean ibiltzen ohituak dauden oinak / zergatik doaz lur ezezagunetarantz? / Asko joan zirela lehenago / askotan entzun dut lehenago, / eta horrek gutxirako balio dit orain. / Joatea hautatu dut, / baina zilegi ote da / derrigorrez hautatzen denari / hautu deitzea?”.
Sartrek aipatu legez, aske izatera kondenaturik gaude. Aske garenean ere ez gara aske, ezta aske garela uste dugunean ere. Hortaz, zer da askatasuna susmo baten irudipen hutsala baino? Hautu bakoitzaren ondorioz sortzen gara. Aukeratzeko askatasuna daukagunean, ez gara garenak izango bata ala bestea hautatzerakoan. Beraz, pertsona batek nortasun anitz izan ditzake, baina ibilbidean zehar hartutako bidezidorrek baino ez dute erabakiko nor izango den, zein osagaiz elikatuko den norbanakoaren izate aldakorra. “Nire hausturaz, / nire etsiaz, / nire gauaz / eta nire egunaz / baino ez dakit nik. / Nire zauriez. / Nire doluez. // Eta tarteka, / alaitasunari atea ireki nahian, / ezpainekin erdi gordeka / marrazten dudan irribarreaz. / Horretaz baizik ez dakit nik”.
Aske izateagatik betiereko egarriz zigortutako ulhaintsaren erara, karranka aldarrikatuko du poetak, txorien koroaz bat, berea izango dela itzuliko den herria; eta, haizearen soinuak lagunduta, guk idatziko ditugula arau eta lege berriak. Umetako oroitzapenen piezekin osatzen dugu nostalgiaren puzzlea. Memoria etenik gabe beherantz doan erreka bizia da. Haurtzaroko bizipenek ehuntzen dute orainaldiko oihalaren irudia. “Adibidez, atzo amak besoetan hartzen ninduela oroitzen dut. / Gaur horixe da nire erbestea: / zein ederra den ohartzea besoetan hartzen ninduela, / berriro hartuko ez nauela jakinda”.
Guztiok daukagu geurea den denbora-lerroa, bakoitzak berea; denboraren erabilerak egiten gaitu, ordea, desberdin. Denbora galtzea inoiz ez da aukerarik onena. Urnietarrak dioen bezala, “Denbora pasatzen ikustea / eta denbora pasatzea / ez dira gauza bera”. Heriosuharrean, ihes egiten digu denborak norabide zehatzik gabe, baina beti aurrerantz. Haatik, litekeena da denbora bizitza deritzogun honen presan geldirik dagoen zerbait izatea, eta, aldiz, gu geu geure izuetatik etengabe aldentzen ari garen ahots isilak. Ohartu gabe, denok gara iheslari itotzen gaituen murru garaiaren barnean. Halarik ere, gora begiratuz gero, argia ikus dezakegu, eta hodeien gainetik esperantzaren hegadek adorea hauspotuko dutela jakin: “Munduko azken puntan / oroit dezazun / oraindik zure zain dagoela / berriro ere ireki behar duzun atea”.
Poeta deserriratuaren abestiak argi erakuts dezake zenbat ikas daitekeen hutsuneari buruz hutsunea bera bizi bitartean. Badira, tamalez, deserrian baino ikas ez daitezkeen sentipenak; baina deserrian ikasitakoak herriaren, nortasunaren eta maitasunaren hormak eraikitzea ahalbidetzen du, eta batez ere norbere deserria zer ez den argitzen laguntzen du. “Nire deserria da munduko zorigaitzekin lastima sentitzea, / begiak umeltzeraino hunkitzea / oporrak non pasatuko ditugun pentsatzen dugun bitartean. / Nire deserria da galdu dugun guztia / alferrik galdu dugula pentsatzea. / Nire deserria da zuri maite zaitut esan gabe / utzitako gau bakoitza”. Haustura batek beste asko ekar ditzake, eta horiekin bizitzen jakitea ez da nolanahiko irakaspena. Sustraiak arraildutako lurrean sendotzen dira, askoz ere zailagoa baita lur trinkoan errotzea.
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria
Poesia kaiera
Elizabeth Bishop
Irati Majuelo
Godoten esperoan
Samuel Beckett
Aritz Galarraga
Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez
Iñaki Lopez de Luzuriaga
Bazter utzietan
Karlos Linazasoro
Hasier Rekondo
Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo
Paloma Rodriguez-Miñambres
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Mikel Asurmendi
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Maialen Sobrino Lopez
Zerua hemen
Oihana Arana
Asier Urkiza
Café Mokka
Jabier Muguruza
Nagore Fernandez