kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Mio marito deitzen zion / Joxean Agirre / Elkar, 2026

Urregorria Asier Urkiza / Berria, 2026-04-05

Idazle osoa da Joxean Agirre, idazle izatea libururik liburu estilo bereizgarri eta unibertso propioa garatzea dela aintzat hartzen dugun neurrian. Agirreren obran badira behin eta berriro errepikatzen diren gaiak, obsesiboki ia, lan batetik bestera autorea horien parabola berriak entseatzen ibiltzen dela. Memoria da horietako bat. Bizitzaren eta fikzioaren arteko harremana beste bat. Bi gaiok presentzia handia dute Mio marito deitzen zion nobela berrian.

Berria egunkariko kazetari bekaduna da eleberriko protagonista. Kazetariak Agirrezabal idazle zaharrari elkarrizketa egin behar dio, idazle erretiratuei buruzko egunkariaren udako serie baterako. Agirrezabal, ordea, burutik jota dago, porrot egindako bere bizitzako maitasun istorio zenbait birbizitzera emana. Emaztearen laguntzaz eta argitaletxe baten proposamenak hartaratuta, lekukoen testigantzetan oinarritutako biografia bat egitera jarriko da protagonista. Horretan ari dela, laster txirikordatuko zaio bere bizitza Agirrezabalenarekin eta bere burua bi emakumeren —Maider eta Leire— artean harrapatuta ikusiko du. Agirrezabalen maitale ohien lekukotasunak jasoko dira kapitulu batzuetan eta kazetariaren emakumeekiko ibilerak kontatuko dira besteetan.

Jolasa da liburuaren ildo nagusietako bat. Joko etengabea dago, hasteko, errealitatearen eta fikzioaren artean, bai Agirrezabali dagokionean —zeinak, idazle neurosiak erasanda, huts egindako maitasun istorioak birbizituko baititu, emaztea maitale ohiez mozorrotzera behartuz—, bai protagonistari dagokionez —sedukzio ikastaroko teknikak praktikatzen ibiliko da Maider pisukidearekin eta balizko eleberri bateko eszenak antzezten Leire neska lagun berriarekin—. Non errealitatea eta non fikzioa, ez dago argi, nobelan behin baino gehiagotan gurutzatzen baitira umorearen eskutik. Izan ere, umoreak eta parodiak halako leuntasun ukitua ematen diote liburuari. Sakoneko gaiak pisutsuak izanagatik —fikzioaren nolakotasuna, genero harremanak eta memoriaren izaera badaezpadakoa, besteak beste—, arin azaleratzen dira geruza komikoaren galbahetik, Agirreren prosa neurritsu eta protagonistaren ezaugarriei —inozo eta koitadua— hain ondo egokitzen zaiona lagun.

Zaila da sexua, sentsualitatea, zahartzaroa, memoria edota genero harremanak bezalako gai dentsoak halako arintasunez jorratzea eta eleberria literarioki eraginkor suertatzea. Agirrek, literaturan hala gehiegizko hunkigarritasuna nola intelektualismo fazatia —alegia, tentsio literariorik batere gabekoa— zein antzuak diren jakitun, itxuran pretentsio handirik gabeko baina izatez geruza dezenteko nobela ondu du. Apustuak baditu bere mugak, jakina; egiturak kirrinka egiten du eta protagonistaren maitasun harremanen taxutzea zertxobait herren suertatzen da azkenerako. Baina Agirrek mugak eta kontraesanak narrazioaren tonu parodiko eta nagiaren ildotik igaroarazten ditu. Edo behintzat horren itxurak egiten. Anbiguotasun hori urri da egungo literaturan. Urregorria.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak