kritiken hemeroteka

8.767 kritika

« | »

Dena zulo bera zen / Eider Rodriguez / Susa, 2025

Gorputzak eta bisturiak Asier Urkiza / Berria, 2025-11-02

Bistakoa da euskal literaturan ikusmin berezia sortzen dutela Eider Rodriguezen lanek, halako lurrikara txiki bat eragiteraino. Ipuingintzara itzuli da, gainera, zortzi urteren ondoren. Sei ipuinez osatuta dago Dena zulo bera zen liburu berria. Aurreko lanetakoak baino narrazio luzexeagoak eman ditu idazleak, nobela laburraren arnasara hurbiltzen direnak. Akaso horregatik nabari zaie ipuinei Bihotz handiegia-n jadanik sumatzen zen eta bere lehenengo lanetako bortizkeriatik aldendutako estilo patxadatsuago bat.

Urpekariak ipuineko Elenari buruzko hitzok gainerako pertsonaiak aurkezteko ere balio dezakete: “Gorputz bat sentitzen zen inoiz baino gehiago”. Gorputzak dira batez ere pertsonaiok, eta gorputzeko min eta ukenduekin txirikordatzen zaizkie emozioak. Gorputzak dira espazioan zehar mugitzen, gorputzak trabeska jarriak ingurune tarteka deserosoetan. Gorputzetik abiatutako narrazio molde hori modu aski egiatian taxutzen du Rodriguezek, betiere hura tentsio literarioaren mesedetan ezarrita. Zirujauaren eskua nabari zaio detaile oro lotu eta pertsonaiei bor-borka darizkien emozioak era konplexu bezain neurritsuan adieraztean. Gatazka intimo horiek sekula ez dira era zuzenean kontatzen; une oro sumatu daitezke, baina narrazioaren elementu guztiak tentsio hori elikatzeko ezarriak baleude bezala.

Gorputzen arteko distantziek eta norbere burua ezohiko lurraldean —fisikoa izan zein ez— kokatzeak sortutako deserosotasun eta kinkatik hazten dira ipuinak. Horien ondorioz, eraldaketak gertatzen dira pertsonaiengan, eraldaketa sakonak. Sotiltasunez kontatuta daude, ordea. Ipuinen bukaera irekiek areagotzen dute zehaztugabetasun eta konplexutasun hori. Esaterako, ukaezina da Kanikula narrazioko Ixabelen bilakaera eta Romanekiko enkontrua eta gero harengan gertatutako aldaketa. Haatik, ez dakar horrek Iñaki senarrarekiko banaketarik. Aldaketa ez da ageriko mailan gorpuzten. Ezkutukoak, isilpekoak izan ohi dira aldaketarik errotikoenak. Ezer ez aldatu gabe dena aldatzen da horrelakoetan. Beste horrenbeste gertatu ohi da pertsonen arteko harremanekin, non maiz esan gabeko hitza den garrantzizkoena. Zirrikitu horietan arakatzen du Rodriguezen idazkerak. Horretan eredugarria da Urpekariak, zeinak neurrizko tentsioz —Elenaren kobazuloko umeekiko obsesioak lagunduta— eta bikote protagonistak elkarri esandako hitz urrien —eta esan gabeko mordoen— bitartez harremanaren porrota islatzen baitu.

Behin-behinekotasuna antzematen da ipuinetako espazioetan, izan bizitoki bihurtutako kanpina edo Tailandiako turisten bungalowak. Lur ezegonkorrean dabiltza pertsonaiok eta inguruak ere badu zeresana beren ezinegonean. Etxetzar moderno bihurtutako leku kutunera itzultzen dira bigarren ipuineko Lila eta June, kasurako. Hain zuzen, horretan eta Zuloa-n antzeman dut kamutsen Rodriguezen bisturia. Geruza gutxiagoren eragile. Gainerakoetan bizitzaren gogor, zakar eta samurra neurri berean jorratzen ditu, gupidagabe. Tentu handiz, halere, zirujau onek bezala.

Azken kritikak

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola

Mikel Asurmendi

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

Hedabideak