kritiken hemeroteka

8.773 kritika

« | »

Diesel / Bertol Arrieta / Alberdania, 2025

Gasolina Joxe Aldasoro / Deia, 2026-02-28

Alberdaniaren eskutik ondu du Bertol Arrietak Diesel (2025), bere hirugarren ipuin liburua. Zazpi ipuin, tartean 2018ko Ignacio Aldecoa ipuin-lehiaketaren irabazlea, Bi doberman beltz. Ezagunak dira diesel eta gasolina ibilgailuen arteko diferentziak, bata eta bestearen ospeak. Diesela distantzia luzetarako hobea, motelagoa aurreratzeko orduan, merkeago. Gasolina biziagoa, gidatzeko modu azkarragoa eta arriskutsuagoa.

Zazpi ipuinetatik bostetan heriotzaren gaiak protagonismoa hartzen du. Beste bietan ere, ez dabil oso aparte segaduna. Gai tabua jorratzeko ausardia izan du, beraz, Bertol Arrietak. Heriotzaren aurrean, samina. Heriotzaren aurrean, bizitzara buelta. Heriotzaren beldur, bizitzeko sena piztu. Heriotzaren aurrean, sexua. Beste norbaiten heriotzarekin poztu. Heriotza bizitzarekin nahastuta agertzen zaigu, eguneroko arazoekin nahastuta. Hala gertatu ohi da, estaltzen saiatzen garen arren. Heriotza bikote harremanen ondoan, seme-alaben inguruan, lagun berri, lagun zahar, aspaldiko ikaskideei deika. Inguruan idatzi dut eta ez katramilatuta, ondoan eta ez nahastuta, horixe delako faltan bota dudana ipuinetan. Gertaerak bata bestearen ondoan gertatzen dira gehienetan, paraleloan doaz, baina ez dute harreman zuzenik bata bestearekin. Ez dut kausalitaterik aurkitu kontakizun bakoitzean narratzen diren istorioen artean. Proust, Proust eta Prousten, protagonistetako batek galdetzen dio lehenengo pertsonan ari den narratzaileari ea zer axola duen zergatiak. Horixe da, nire iritzi edo gusturako, galdera klabea. Zergatik gertatzen diren edo zergatik kontatzen diren kontatzen direnak. Zergatik egiten duen protagonistak gauza bat, eta ez bestea. Pasadizo sakonak edo latzak kontatzen diren arren, ez dirudi eragin handirik dutenik gainontzeko protagonisten kanpo edo barne bizitzetan. Gertakizun batzuk kontatzen dira, izan zitezkeen gehiago, izan zitezkeen gutxiago: ez zuketen ipuinaren zentzua aldatuko. Eta hor dago nire ustetan ipuinen gakoa; kronikatik, anekdotatik… bereizten duena. Ezer ez da kasualitatea, edo zehatzago, ezer ez da kasualitatez kontatzen, ezer ez dago soberan, ez objekturik, ez pertsonarik, ez lekurik, ez ekintzarik: ezin zitekeen beste modu batean gertatu edo kontatu. Burkina Faso, 1987: kazetari edo dena delakoak zerbait egiten du edo gertatzen zaio pertsona bat elkarrizketatzera joandakoan. Bada beste zerbait horrek ez dio, nire ustez, ezer gehitzen kontakizunari, berez. Aitortu behar dudan arren pasartea gustatu zaidala.

Konfliktoek su hartzea falta zaio, indar handiagoz talka egitea, nire ustetan, liburuari. Atsegina da irakurtzeko. Ipuin ez oso luzeak. Badute hainbat momentutan gatza eta piperra ere bai, sexua. Umorea sumatzen da idazkeran bertan eta hainbat pertsonaiatan. Badago baita ere, idazlearen jakinduriaren edo bestela egin duen dokumentazio lanaren aztarna. Aipaturiko Proust; Proust eta Proust zinemaren inguruko klase magistrala kontsideratzen dut, agian zinemaz ezer gutxi dakidalako, baina aipatzen diren zuzendari, pelikula eta abarrak ez dut uste oso ezagunak direnik. Ausardia ere bai erosoak ez diren gaiak zeharka aipatzeko, modu elegantean arazoa mahai gaineratu, irakurlea asaldatu gabe pixka bat inarrosteko. Gasolina pixka bat da liburuak falta duena.

Azken kritikak

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Epilogorik gabe
Elena Sanchez

Maite Lopez Las Heras

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak