kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Etxe bat Husaviken / Uxue Juarez / Balea Zuria, 2025

Herioren burrunba Irati Majuelo / Berria, 2026-03-01

Uxue Juarez ibilbide luzeko idazlea da, hala ere, hau du euskaraz idatzitako lehen poesia liburua. Balea Zuria argitaletxearen eskutik, balea bi azalean, urpeko munduetara egin du bidaia; ez, ordea, arazo lurtarrei ez ikusiarena egiteko.

Honako esaldi honek ixten du liburua: “Suizidio batek errealitatea gainditzen duelako gauzen mugak itxuragabetu arte”. Bihotza erauzterainoko heriotza bat, sakon-sakoneko mina, errealitatean mantentzeko ezintasuna. Horiei heltzeko osatu du Juarezek galeraren aldaera oro jaso nahi dituen hiztegia, eta harekin eraiki du urpeko mundua. Unibertso horretan, etengabe agertzen dira marea biziak, olatuen bortitza, itsas hondoko iluna eta ur abisalak; poematik poemara irakurlea laguntzen dute balea, itsas izar eta algek. Ekosistemak bat egiten du ahots poetikoaren ezinegon emozionalarekin, eta hala ageri da itsasoa zulo gisa, itsasoa besarkada gisa.

Urpean oihuak ito egiten dira, heriotzak burrunba etengabea eragiten du eta korronteen menera abandona dezakezu zeure burua. Juarezek irudikatzen duen mundu akuatikoak erabateko zentzua du adierazten dituen egoera eta aldarteekin, eta alde horretatik, hautu poetiko sendoa da. Alor lexiko eta semantikoa bereziki landu dituela igartzen da, eta metaforak ere bata bestearen atzetik kateatzen dira, liburu osoan zehar segida bat eratuz. Hala ere, itsasoari egiten zaizkion erreferentzia etengabeek pilaketa sentsazioa sortzen dute maiz, eta azkenerako testua saturatuegi geratzen da. Hortik kanpo arnasa hartzen duenean, irudi indartsuak agertzen dira: “Begiak irekitzen ditudala amesten dut,/ baina ez dago begirik/ eta egiak gorputz/ ñimiño baten itxura du hartzen”.

Heriotzaz eta suizidioaz larritasunez ez aritzeko gogoa igartzen den arren, bada liburuan behin eta berriz azaleratzen den beste gai bat: nekea. Ahots poetikoa nekatuta dago sufritzeaz, erresistitzeaz, existitzeaz. Beraz, zauria aldika oxigenatu bai, baina min ematen jarraitzen duela azpimarratzen da, herioren marmarra, oihartzuna, mamua hor dago eta.

Pertsonaia bitxiek hartzen dute hitza urpeko munduan: balea andrea, elefante gizona, balekumea. Horien bidez, haur literaturari keinu egiten dio idazleak, eta zenbait poematan helduaren eta umearen begiraden muga lausotu egiten da. Alde horretatik, liburuaren atmosfera erabat aldatzen da umearen ahotsa, baleakumearena, agertzen den aldietan. Zurrunbiloaren erdian argia dakar, galderak eta mugimendua.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak